Alemanian bizi den azkoitiarra

Asier Andreu: "Alemaniako herritarren artean ziurgabetasuna nabaritzen dut koronabirusagatik"

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 17a, 09:09

Asier Andreu.

Asier Andreu (Azkoitia, 1993) Alemanian bizi da 2018az geroztik, Hessen estatu federatuko Darmstadt hirian. Alemanian egon da orain arte eta koronabirusak Alemanian ezarri duen egoerara egokitzen ahalegindu da. Esaterako, lana egiteko "zuzeneko eragina" izan duela azaldu du azkoitiarrak. Halere, eta egoera bere onera itzuli arte, Azkoitira itzultzeko erabakia hartu du. 

Zein da egun Alemaniako egoera?

Alemaniako egoera ez da Euskal Herriko eta Europako beste hainbat herrialdetan bezain larria. Kezkagarria izaten hasia da, ordea, 6.000-7.000 lagun inguru baitaute koronabirusagatik kutsatuta. Momentuz, eta zorionez, heriotza-tasa oso baxua da.

Nola ari zarete bizitzen egoera?

Orain dela pare bat egunera arte ohiko egoera izan dugu. Nahiz eta merezi duen garrantzia eman zaion sare sozialetan eta komunikabideetan, ez dugu ikara egoerarik bizi. Azkeneko egunetan, ordea, neurriak gero eta zorrotzagoak dira, bai herrialde mailan, bai lurraldeetan. Alemaniako herritarren artean ziurgabetasuna nabaritzen dut koronabirusagatik.

Zein dira momentuz Alemaniak hartu dituen neurriak? 

Hemen, batik bat, bi mailatan antolatu dira. Alemaniako Gobernuak neurri batzuk hartu ditu, baina interpretazioa lurralde mailan ere ari da aplikatzen. Momentuz, neurri nagusia muga fisikoak ixtea izan da. Jende pilaketa handiak sortzen diren ekitaldiak ere bertan behera utzi dituzte: antzerkiak, kontzertuak, kirola... Lurralde bakoitzak erabaki du bakoitzerako jende kopuruaren muga.

Eta egoera horrek nola eragin du gizartean?

Hori izan da niretzat harrigarriena. Alemaniako gizarteak oso azkar eta egoki erantzun dio krisiari. Nahiz eta legez behartuta ez dauden, neurriak hartzen ari dira herritarrak. Alemaniarrak, orokorrean, etxezaleak dira. Kalean ibiltzea baimenduta dagoen arren, oso jende gutxi ikusten da.

Neurri gehiagoren beharra dagoela uste al duzu?

Egoeraren bilakaeraren arabera izango da. Halere, eta behar izanez gero, guztiak neurri larriak hartzeko prest daude. Alemaniako gizartea oso kontzientziatuta ikusten dut.

Heriotza-tasa oso baxua da Alemanian.

Heriotza datuak baxuak izateak oso ondo hitz egiten du hemengo osasun sistemari buruz. Estatistiken arabera, biztanle bakoitzeko Alemanian dagoen mediku kopurua Europako altuenetakoa da, baita Larrialdi Zerbitzuetan biztanleko dagoen ohe kopurua ere. Bestalde, oso antolatuak dira alemaniarrak kulturalki; edozer gauza dela ere, gustuko dute protokoloak egitea eta horiek jarraitzea. Atzerritarrontzat askotan protokoloak jarraitzea buruhaustea izaten da; prozesu erraz bat asko zailtzen dute pauso asko sartuta. Kasu honetan, ordea, koronabirusaren kutsadura ekiditeko oso neurri zorrotzak ezarri dituzte eta pausoak oso ondo markatu, arrisku egoeran dagoen jendea babesteko.

Lanerako eragozpenik izan al duzu?

Koronabirusak lanerako oso zuzenean eragin dit. Derrigorrezkoa ez den arren, datozen bi asteetan etxetik egingo dut lana. Azkoitira itzultzeko erabakia hartu du egoera bere onera itzuli arte, eta telelana egingo dut. Software munduan egiten dut lan eta azken hilabeteetan bidaiatzen jardun dut, bezeroak bisitatzeko. Aurrerantzean, ordea, bai bezeroen eta bai gure bisitak bertan behera uztea erabaki dugu.

Alemanian ere Euskal Herriko irudiak al dituzue?

Alde batetik, Euskal Herrian dagoen larrialdi mailara ez gara iritsi oraindik Alemanian, baina aurreikuspenen arabera, posible da iristea. Bestetik, kalean poliziarik-eta ez da ikusten; kaleak hutsik daude, baita tabernak eta jatetxeak ere. Egoera ez da zorroztasun maila handira iritsik oraindik. Supermerkatuetan ere paper higienikoa eta eskuetako xaboia janaria baino garrantzitsuagoak bihurtu dira; bestelako apalategiak ohiko moduan daude.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide