Bunker bat norbere etxean

Aritz Mutiozabal 2020ko mar. 13a, 19:30

Koronabirusaren gaixotasuna dela medio, herritarrak nahiko aztoratuta dabiltza egun hauetan, eta sekulako erosketak egiten ari dira tokian tokiko saltoki handietan.

Orson Welles gazte batek Herbert G. Wells idazlearen The War of the Worlds eleberriaren moldaketa irratiz kontatu zuenean, jendeak pentsatu zuen estralurtarrak lurrera iritsi zirela eta hura gizateriaren azkena izango zela. Estralurtarra den, auskalo… COVID-19 du izen ofiziala, baina kalean koronabirusa bezala erantzuten du. Jada mundu guztiak ezagutzen du, baita hartu beharreko prebentzio neurriak ere: eskuak xaboiaz ongi garbitu, gel desinfektatzailea erabili, alkoholarekin garbitu ingurua, paperezko zapiak erabili… Ezaguna ezaguna da, baina aldi berean arrotza, zientzialariek ez dutelako oraindik topatu gaixotasun hau sendatzeko erremedio milagrosorik. Horregatik, erakunde publikoetatik gero eta neurri zorrotzagoak hartzen ari dira; hedabideak hamaika Orson Welles bilakatu dira; eta herritarrak histeria kolektibo baten erritmoan ari dira dantzan.

Nostradamusek iragarritako armageddom edo munduaren amaiera dela dirudi. XIV. mendean Eurasia gogor astindu zuen izurri beltza bezalako pandemiak etorri ahal zaizkio burura bati baino gehiagori, baita malaria, dengea edo sukar horia ere. Edo 80-90eko hamarkadetan puri-purian izan zen HIESa. Bien bitartean, hainbat kasu daudela Gipuzkoan, beste zenbait Bizkaian eta Nafarroan, Araban norbait hil dela… Datuak are gehiago aztoratzen du gizartea, eta aztoramen horrek administrazioetatik gomendatzen dituzten higiene neurriez gain, norberak bere buruari jartzen dizkion neurriak gehitzen dizkio; ia-ia apokalipsiari aurre egiteko prestatzeraino.

Supermerkatuetara joan besterik ez dago ikusteko herritarrak burua galtzen ari direla. Biziko erosketak egiten ari dira: jatekoetan —pastak eta dilistak batez ere— eta, gainerakoan, komuneko papera; Azpeitiko Eroskin agortuta zegoen eta BMn gutxi batzuk geratzen ziren edizio hau ixterakoan. Herritarrak sartu eta atera, gauzak erosi eta erosi bihar egunak argituko ez balu bezala.

60ko hamarkadan, Gerra Hotza bete-betean, makina bat estatubatuarrek bunker antinuklearrak eraiki zituzten, AEBetako gobernuak animatuta. Horrenbesteko izua zabaldu zen biztanleen artean, hainbat urtetarako janari latez hornitu zituztela aipatu instalazioak, gerra nuklear bat lehertuko zenaren beldur. 

Badirudi gaurtik aurrera udal eraikin publikoak, ikastetxeak, kirol instalazioak, kultur aretoak eta jubilatuen elkarteak hutsik egongo direla, inolako jarduerarik gabe. Zalantza dagoena da ea kaleak ere bakartuta geratuko diren, eta denak etxeko bunkerrean isolatuko diren, egunotan erositako guztiarekin lasai-lasai, The War of the Worlds filma ikusten. Estralurtarra berriro espaziora noiz itzuliko zain.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide