Kirolerako eta berdintasunerako grinak, bat eginda

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 4a, 10:44

Intza Lizarazu eta Libe Urtzelai.

'Neska kirolariak, beren bizipenak' hitzaldia emango dute gaur, asteazkena, Intza Lizarazu (Azkoitia, 1991) eta Libe Urtzelai (Azkoitia, 2000) kirolariek. Artxamendi Topalekuan izango da hitzaldia, 18:30ean. Emakumezkoen kirolean aurrerapausoak eman diren arren, borroka egiten jarraitu behar dela zehaztu dute bi azkoitiarrek.

  • Neska kirolariak, beren bizipenak hitzaldia emango duzue gaur. Zer azalduko duzue bertan?

Intza Lizarazu: Gaurko hitzaldian, besteak beste, gure egunerokotasuneko betebeharrak eta kirola nola uztartzen ditugun azalduko dugu. Horrez gain, txikitatik gaur arte emakumezkoen kirolean zer nolako aldaketak ikusi ditugun ere azalduko dugu.

  • Saskibaloian aritzen zara zu. Eskualdean indar handia duen kirola da.

I.L.: Gure garaian futbola eta saskibaloia soilik aukeratu zitezkeen; gaur egungo haurrek eta gaztetxoek aukera gehiago izaten dute kirol desberdinen artean aukeratzeko. 11 urte nituenean hasi nintzen Iraurgi Saskibaloian (ISB). Teknifikazioan entrenatzen hasiko al nintzen galdetu zidaten ISBkoek eta futbola alde batera utzi eta saskibaloian entrenatzen hasi nintzen. Garai hartan ez ginen asko entrenatzen, baina gaur egungo gaztetxoek entrenamendu saio gehiago izaten dituzte, astean behin edo bizpahiru aldiz. Hor izan da aldaketa, egun indar gehiago du saskibaloiak eskualdean, eta aukera gehiago dago horretan trebatzeko.

  • Anaitasuna taldearekin Emakumezkoen Ligan aritzen zara zu. Nola bizi duzu futbola?

Libe Urtzelai: Intzaren alderantzizkoa da nire kasua. Saskibaloian hasi nintzen txikia nintzenean, aurretik ez zegoelako futbolean aritzeko aukerarik Anaitasunan. Urte batzuk beranduago, ordea, Anaitasunan emakumezkoen taldea sortu zuten, hautaketa prozesua ireki zuten, eta hartu egin ninduten. Orduan pentsatu nuen Anaitasunan hartzen ez baninduten saskibaloian jarraituko nuela, baina nik neuk nahiago nuen futbolean aritzea. Lehen ez zegoen futbol eskolarik, taldeak ere ozta-ozta sortzen ziren, eta azkoitiar askok Zestoara joan behar izan zuten jokatzera. Orain, aldiz, badago harrobia, eta Azkoitian emakumezkoek badute futbolean aritzeko aukera, txikitatik.

  • Gaztetxoak zinetela hasi zineten kirolean. Jende askok adin batera heldu eta utzi egiten du kirola.

I.L.: Badago garai bat entrenatzera joateak alfergura eragiten dizuna, baina kirol hori benetan gustatzen bazaizu ez dago aitzakiarik, eta urteak joan ahala ikasten duzu hori. Egia da emakumezkoen kasuan iristen dela garai bat non ikasketak, bikotekidea eta abar direla, kirolean aritzeari uzten diozun. ISBn sekulako harrobia dago, baina adin batetik aurrera jendeak kirola uzten du. Dena den, benetan gustatzen zaizun zerbait baldin bada, aurrera egiteko arazorik ez da izaten.

L.U.: Gogorik gabe hasten den jendeak utzi egiten du kirola, bai. Hala ere, niri iruditzen zait kirol hori benetan gustatzen bazaizu, posible dela antolatzea. Azterketa garaian, adibidez, askotan pentsatzen duzu gustura geratuko zinatekeela etxean, baina gero entrenatzera joatea ere ondo etortzen da deskonektatzeko.

  • Hitzaldia Artxamendi Topalekuko gaztetxoei zuzendurik dago. Zer jakin beharko lukete gazteek kirolaren inguruan?

I.L.: Kirolak, eta batez ere taldeko kirolak, dituen balioei garrantzia ematen jakin behar dela. Parrandarik ezin baduzu egin, ezin duzu; baina kirolarekin taldean lan egiteko gaitasuna, errespetua eta beste hainbat kontu irabazten dituzu.

L.U.: Gazte asko dago hainbat kirol egiten duena, eta iritsiko da momentu bat non bata edo bestea hautatu beharko duten. Benetan gustukoa duten kirola aukeratzeko esango nieke, ez gurasoek edo gainontzekoek esandakoa.

  • Zuen kiroletan zein desberdintasun sumatzen dituzue emakumezkoen eta gizonezkoen artean?

I.L.: Azken hamar urteetan emakumezkoen saskibaloia indarra hartzen ari da, baina gertatzen da hedabideetan askoz ere indar handiagoa ematen diotela gizonezkoen saskibaloiari. Zergatik egiten dute hori? Gizonezkoen saskibaloiak jarraitzaile gehiago dituelako. Nik uste norberak hasi behar duela gauzak aldatzen.

L.U.: Futbolean dagoen ezberdintasun nabarmenenetako bat soldata arrakala da. Askoz diru gehiago inbertitzen dute gizonezkoen futbolean. Egia da emakumezkoen futbola azkenaldian indarra hartzen ari dela; orain gutxi, adibidez, grebara deitu zuten.

  • Hain zuzen ere, emakumezkoen futbolean azkenaldian izan da lorpen bat, emakumezkoen futboleko lehen lan-hitzarmen kolektiboa sinatu dute. Nola ikusten dituzue halako aldaketak?

L.U.: Aurrerapen handia izan da hitzarmen kolektiboa sinatzea. Gizonezkoek, adibidez, ez dute haurdun gelditzeko aukerarik, baina emakumeek bai... Eta horregatik ezin al dute kirolean aritu? Halako kasuetarako baldintza batzuk izatea beharrezkoa da. Bestalde, futbolean jokatzen duten gizonezkoak Madrilera hegazkinez joaten dira, eta emakumezkoak autobusean. Kontu horiek pixkanaka-pixkanaka berdintzen joan behar gara. Hitzarmen kolektiboa lehen urratsetako bat da, baina gehiago egin behar dira.

I.L.: Saskibaloiaren kasuan ere badago soldata arrakala. Egia esan behar badut, ordea, ni ezin naiz kexatu, ez nuen uste saskibaloian arituta kobratzera iritsiko nintzenik sekula. Ari gara poliki-poliki aurrerapausoak ematen.

  • Kirola, lana eta ikasketak uztartzen dituzuela aipatu duzue lehen.

I.L.: Nik Gasteizen egiten dut lan, eta Azkoitira 17:30ean iritsi eta 20:30ean entrenamendu saioak izaten ditut. Astean lau entrenamendu egiten ditugu, eta bi astetik behin Espainian zehar jokatzen ditugu partidak. Beraz, lana eta saskibaloia uztartu behar izaten ditut, bai.

L.U.: Nik Bilbon ikasten dut eta egunero joaten naiz unibertsitatera. Anaitasunan hiru entrenamendu egiten ditugu astean, eta asteburutan partidak, Euskal Herrian.

  • Ikusten al duzue kiroletik bizitzeko aukerarik?

L.U.: Nik Anaitasunaren kasuan ez dut halako aukerarik ikusten. Agian Realean-edo jokatuko banu bai, baina... Espero dut egunen batean emakumezkoak helduko direla gizonezkoak adina irabaztera, kirol jarduera beste ezerekin uztartu beharrik izan gabe.

I.L.: Gurasoekin bizi bazara, agian posible da kiroletik bizitzea; baina bakarrik bizi bazara, apur bat zailagoa da.

  • Igandean Emakumeen Nazioarteko Eguna izango da. Zein garrantzia du, zuen ustez, egun horrek?

I.L: Uste dut berdintasuna lortzeko oraindik ere aurrerapausoak ematea falta dela, eta borrokan jarraitu behar dugu emakumeok.

L.U.: Berdintasuna lortu arte beharrezkoa da borrokan jarraitzea. Lehenengo, ezagutu egin behar da nolakoa den egoera borroka egiteko eta berdintasuna lortu ahal izateko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide