Azkoitiko Eskolako Agenda 21 programak 17 urte bete ditu

Maxixatzen.eus 2020ko ots. 19a, 12:30

Izarraitz Lanbide Heziketako ikasleek Eskolako Agenda 21 programan parte hartu dute. (Azkoitiko Udala)

17 urte pasatu dira Azkoitian Eskolako Agenda 21 programa garatzen hasi zirenetik. Egun, guztira, herriko 1.300 ikaslek parte hartzen dute programan.

Azkoitiko Eskolako Agenda 21 programak 17 urte bete ditu aurten. Azken urteetan, kontsumo jasangarriaren inguruko hamaika ekintza egin dute herriko hainbat ikaslek; besteak beste, hondakinak, ura, mugikortasuna, kontsumoa, energia, elikadura jasangarria nahiz klima aldaketa bezalako gaiak landu dituzte Floreaga Ikastetxeko, Azkoitia BHI-ko eta Izarraitz Lanbide Heziketa zentroko ikasleek. Aurten, gainera, ekoizpen jasangarria ere hasi dira lantzen programa horren barruan. 

Aurtengo edizioko lehen hiruhilekoan, herriko ikastetxeak ekintza plan bat garatzen jardun dira, eta jasangarritasunaren inguruko diagnostikoa egin eta hainbat hobekuntza proposatu dute: hala nola, energia kontsumoa aurrezteko ekintzak, Friday for future greba deialdiarekin bat egitea, kafe makinetako edalontziak aldatzea zein komunetako eskuak lehortzeko sistema aldatzea. Bigarren hiruhilekoan, aldiz, kontsumo motak aztertu eta horiek aldatzeko proposamenak egingo dituzte; besteak beste, eraikin publikoetan energia kontsumoa murrizteko neurriak behatuko dituzte eta herriko tabernetan eta jatetxeetan plastikozko edalontzien arazoa nolakoa den eta soberan geratzen diren janari hondarrekin zer egiten duten aztertuko dute. Izarraitz Lanbide Heziketako ikasleek, aldiz, eskualdeko hainbat enpresa bisitatuko dute, ekoizpen jasangarria enpresek duten lan egiteko moduan barneratuta dagoen ala ez ezagutzeko. Azken hiruhilekoan, berriz, ikastetxe guztietako ikasleak Ikasleen Foroan bilduko dira, eta programatik ateratako emaitzekin txosten bat aurkeztuko dute Udalean. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide