Harakingintza industriaren pertsona kualifikatuen eskaerari erantzuteko eta langabezian zeudenei lan munduan sartzeko aukera emateko asmoekin sortu zuten ‘Harakintza eta haragi produktuen elaborazioa’ formazio ikastaroa. Lehen promozioko hamabi ikasleek atzo, osteguna, jaso zuten ikasketak egin izanaren ziurtagiria; tartean, Azkoitiko eta eskualdeko hainbat pertsonak.
Guztira, 510 orduko formazio ikastaroa egin dute ikasleek, eta horietatik gehienak dagoeneko lanean hasita daude. Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien politikako sailburordeak, Maria Jesus Etxaniz Azpeitiko Lanbideren bulegoko zuzendariak, Patxi Aldasoro KM0 kooperatibako zuzendariordeak, Haziko kideek, Urkomekoek eta Iraurgi Berritzenekoek parte hartu zuten ziurtagiriak banatzeko ekitaldian.
Era honetako formazio saioak aurrera eramateko erakunde publiko eta pribatuen arteko elkarlanaren garrantzia nabarmendu zuten guztiek. Era berean, lehen sektoreko industriaren garrantzia azpimarratu zuten, eta formazioa bukatu duten ikasleak zoriondu zituzten.
Ikastaro berri bat martxan
Ikastaroak izandako harrera ikusita, erakundeek eta enpresek prestakuntza jarduerarekin jarraitzea erabaki dute. Hain zuzen ere, ikastaro berri bat jarri dute martxan, eta sei hilabete barru amaituko da. Aurreko edizioan bezala, ekimenaren helburua da langabeen edo gizarte bazterketa jasateko arriskuan dauden pertsonen enpleagarritasuna hobetzea eta laneratzea sustatzea.