Azkoitiko pastoralgintza taldeko kideak

"Munilla etortzeak frustrazio handia eragin du askorengan"

Maxixatzen.eus 2019ko abe. 11a, 09:40

Pastoralgintzan dabiltzan ehunka laiko minduta daude Gipuzkoako Elizbarrutiak izan duen norabide aldaketarekin, eta manifestua sinatu dute 300 lagunek; horien artean, 35 bat azkoitiarrek. Horietako laurekin izan da Urola Kostako Hitza. 

"Salduta" sentitzen dira Gipuzkoako pastoralgintzan aritzen diren hainbat laiko, egungo gotzainak "alboratu" egin dituelako azken hamarkadetan eliza barrutiek hobetsitako eredua eta bide orria. Desados daudela adierazteko, manifestua sinatu dute 300 lagunek, horien artean Romualdo Larrañaga, Ixabel Jauregi, Juan Luis Uria eta Nerea Machado Azkoitiko pastoral taldeko kideak. Esperantzarako deia ere luzatu dute, eta "beste modu batera" pentsatzen dutela ikusarazteko, meza egingo dute larunbatean Arantzazun.

Gipuzkoako Elizbarrutiak azken hamar urteetan hartu duen norabidea salatu duzue manifestuaren bidez. Zer gertatu da azken hamarkadan?

Romualdo Larrañaga: [Jose Ignacio] Munillaren gotzaintzaren aurrekoa naiz ni. [Jose Maria] Setienen eta [Juan Mari] Uriarteren aldiak bizi izan nituen eta parte hartu nuen haietan. Eliza Ebanjelioaren zerbitzura bide orrian biltzen da orduko pastorala. Han argi agertzen da lanketa hura zer asmorekin egin zen. Gizartean azkenak daudenengandik hasi behar da justizia eraikitzen, eta hori praktikan jarri elkartean, guztiok berdinak izanez, inor bestearen gainean egon gabe. Vaticano II.a Kontzilioaren ildoak ziren ideia horiek, eta Gipuzkoan aspaldi hasi ziren lantzen. Zer gertatu da orain? Munillak Toledon ikasi zuen eta, ondoren, Zumarragan egin zuen apaiz lana. Aipatutako Eliza eredu horren lanketatik urrun ibili da beti. Horrek talka sortu du, eta horrenbeste lan egiten ari ziren apaizak eta gu baztertuta geratu gara. Eliza berritzeko horrenbeste lan egin eta bat-batean Munilla etortzeak frustrazio handia eragin du apaizengan zein laiko askorengan.

Ixabel Jauregi: Munillaren aurretik, Uriartek 8.000 pertsonari galdeketa egin zion, pastoral barruti batzuk eraikita utzi zituen, eta 200 laiko arduradun izendatuta. Pentsa, plan hori guztia martxan zegoen, eta Munillak hankaz gora jarri du. Ez du sinesten eredu horretan.

Zer norabide hartu du Gipuzkoako Elizbarrutiak Munilla gotzain denetik?

I.J.: Kultura parte hartzailea alboratu du, eta duen ikuspegia oso moralista da. Pil-pilean dauden gaiak bere agendatik kanpo geratu dira, besteak beste, errefuxiatuena. Horrez gain, aurreko urteetan landu den ebanjelioaren nortasun horretan ez du sinesten. Salduta geratu gara; goian artzain bat dugu, eta gure parean, herrian, beste bat. Munillak, ordea, ez du bien arteko zubi lanik egiten.

Nerea Machado: Dena den, oso argi utzi nahi dugu manifestua ez doala Munillaren kontra; ez dugu nahi erasotuta sentiarazterik. Erakutsi nahi dugu barruti honetan batzuek sufritu egin dutela, eta pertsona horiek sufrimendua azaltzeko gune bat eduki dezaten nahi dugu. Gune hori izango da Arantzazuko ospakizuna. Itxaropenerako oihua ere izango da: oraindik badago zerbait egitea eta hasitako eredu hori berreskuratzea.

Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.

Erlazionatuak

Larunbatean, Arantzazura

Maxixatzen.eus 2019 abe 11 Azkoitia

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide