Ate joka datoz sanandresak

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 29a, 11:57

Iazko sanandresetako irudi bat.

Egun osoko egitarau zabala izango da bihar, zapatua, San Andres jaietan. Jan-edanerako paradaz gain, askotariko ekitaldiez gozatzeko aukera izango dute herritarrek, goizetik hasita.

Ohiturari jarraituz, azkoitiarrek festa giroan amaituko dute azaroa, eta modu berean emango diote ongietorria hilabete berriari. Izan ere, aurreko asteburuan motorrak berotu ostean, datozen egunetan ere ez da ekitaldirik faltako herrian, eta bihar, San Andres egunean, jai egun betea izango dute herritarrek. 

Tradizioari lotutako festak izan ohi dira sanandresak, eta giroan ez ezik, egitarauan ere aldaketa gutxi izango da aurtengoan. Beste urte batez, Azpeitiko Ikastola Ikasberrik, Azkoitia BHIk –bi postu izango ditu–, Floreaga ikastetxeak, Izarraitz Lanbide Heziketak eta Presoen Lagunak talo eta txorizo postuak jarriko dituzte plazan, eta herritarrek egun osoan zehar izango dute horiek dastatzeko aukera. 

Eguerdian, ohiko herri kirol ikuskizuna izango da plazan, eta aurten, Iker Vicente eta Julen Alberdi Txikia IV.a aizkolariek eta Kortaberri, Goenatxo III.a, Karmele Gisasola eta Udane Ostolaza harri-jasotzaileek eskainiko dute saioa. Horrez gain, umeek ere izango dute zer gozaturik; izan ere, beste urte batez marrazki lehiaketa egingo dute, eta haurrek herriko txokoak irudikatzeko parada izango dute eguerdira bitartean. 10:00etan hasiko da lehiaketa, eta parte hartzaileek Txuri Urdin elkartetik hartu beharko dute materiala. Ondoren, azoka plazan aurkeztu beharko dituzte lanak. Iaz bezala, aurten ere eguerdian banatuko dituzte sariak.

San Andres eguna zapatua izanik, Udalak aurten gauera arte luzatu du egitaraua, eta Korrontzi eta Oinkari musika eta dantza taldeek gaua girotuko dute, herriko plazan. Dena den, egun horretarako iragarrita dagoen eguraldia dela eta, antolatzaileek adierazi dute euria egingo balu, Baztartxo antzokira lekualdatuko luketela saioa; horrez gain, 18:30ean euria ari badu, plaza dantzak Berdura Plaza barruan egingo dituzte, eliz atarian egin beharrean. 

Biharko festa egunaren ostean, etzi xakeak hartuko du lekua. Izan ere, hogeitalaugarren urtez San Andres Xake Txapelketa jokatuko dute Elkargunean, 10:00etan hasita. Ohiko moduan, profesionalez gain, hainbat mailatako xakelariek parte hartuko dute txapelketan, hala nola jubenilek, haurrek nahiz beteranoek. 

Horrez gain, sanandresen barruan kintopeko idi demak ere jokatuko dituzte Gurea probalekuan. Aurtengoan, Gipuzkoako honako sei demalari hauek lehiatuko dira San Andres Idi Dema Sarian: Urtia (Azkoitia), Telleria (Lasarte-Oria), Soarte (Elgoibar), Izeta (Aia), Matxain (Errenteria) eta Isidro Erretegia (Azkoitia). 1.650 kiloko Ipintza harriarekin, ordu erdiko saioak egingo dituzte Gurean izango diren demalariek, eta Saizar Gipuzkoako Txapelketarako puntuagarria izango da Azkoitian jokatuko dutena. 

Hona hemen sanandresetako egitaraua:

Bihar, zapatua, San Andres eguna.

Egun osoan zehar, txorizo eta talo postuak, herriko plazako arkupetan. 

  • 09:30. Herriko dultzaineroen eta trikitilarien kalejira.
  • 10:00. Marrazki lehiaketa, Txuri Urdin elkarteak antolatuta.
  • 11:00. Herriko trikitilari gazteen kalejira.
  • 11:30. Txalkor txistulari taldearen kalejira.
  • 12:30. Herri kirol jaialdia, herriko plazan.
  • 14:00. Marrazki lehiaketako sari banaketa, herriko plazan. 
  • 17:00. Kontzejupe Sariaren finalak Kontzejupean, Azkoitiko Pilota Eskola elkarteak antolatuta.
  • 18:30. Mutxikoak eta plaza dantzak, eliz atarian. Eguraldi txarra eginez gero, Berdura Plazan.
  • 21:30. Korrontzi eta Oinkari dantza taldearen musika ikuskizuna, herriko plazan. Eguraldi txarra egiten badu, Baztartxo antzokian egingo dute.
  • 22:00. San Andres Idi Dema Saria Gurea Udal Pilotalekuan: Urtia, Telleria eta Soarte.

Etzi, igandea.

  • 10:00. San Andresetako XXIV. Xake Lehiaketa Elkargunean, Anaitasuna Kakute xake elkarteak antolatuta.

Abenduak 2, astelehena.

  • 22:00. San Andres Idi dema Saria, Gurea pilotalekuan: Izeta, Matxain eta Isidro Erretegia.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide