Helduen danborradako zuzendaria

Ana Etxaniz: "Lehen emakume taldea izan zen gurea; oso ausartak izan ginen"

Maxixatzen.eus 2019ko aza. 5a, 11:00

Ana Etxaniz pilotarien taldeko zuzendaria.

Ana Etxaniz Elorza (Azkoitia, 1951) danborradako pilotarien taldeko zuzendaria da. Duela 24 urte parte hartu zuen aurrenekoz danborradan, emakume pilotarien taldean. Ordura arte ez zegoen emakumeen talderik Azkoitiko helduen danborradan, eta eurak izan ziren lehenak. Etxaniz, gainera, helduen danborradako lehen emakume zuzendaria da.

Noiz parte hartu zenuen lehen aldiz danborradan?

Ordura arte ez zegoen emakumeen talderik, eta duela 24 urte, danborradan irtetea proposatu ziguten. Bi kuadrila elkartu ginen eta parte hartzea erabaki genuen. Lehen emakume taldea izan zen gurea; oso ausartak izan ginen. Oso-oso talde txikia hasi ginen, hamabi bat kide-edo ginen. Orain, askoz gehiago gara.

Zu zara Azkoitiko danborradako lehen emakume zuzendaria.

Duela hamabi urte hasi nintzen pilotarien taldea zuzentzen. Lehen, Kixona zen danborradako zuzendaria, eta guk berarekin batera parte hartu genuen danborra jotzen. Taldeak osatzen joan dira danborrada egonkortu den heinean, eta duela 12 urte, zuzendari izango al nintzen galdetu zidaten. Ez nuen ezetzik esan, eta gaur arte.

Ana Etxaniz asteleheneko entseguan.

 

Nola ikasi zenuen danborrada zuzentzen?

Abestiak belarrira eginak nituen, eta horrek asko lagundu zidan. Zuzendarion alboan, bilobak ere eraman ditut laguntzaile bezala, gainera.

Polita izango da hori zuretzat.

Hiru biloba atera dira laguntzen danborradan. Gazteenari laguntzaile izateko ordua amaitu zaio aurten. Pena hartu du, eta kantinera bada ere, irtetea nahi duela esan dit. Niretzat ere tristura handia da. Bilobak danborrada zuzentzen alboan izan ditudanean, zerbait ederra sentitu izan dut. Hirurekin irten naiz oso gustura.

Zer nolako bilakaera izan du danborradak?

Bilakaera handia izan du, zalantzarik gabe. Orain, beste danborrada bat dugu Azkoitian, ez du lehengoarekin inolako zerikusirik. Hasierako danborrada hark ez zuen indarrik, eta ez zegoen seriotasunik. Gaur, danborrada serioa dugu; merezi du parte hartzeak.

Berrikuntzarik behar al du Azkoitiko danborradak?

Abesti berriak aterako bagenitu, horretara ere moldatuko ginake. Xoxote eta Azkoitia abesti berriak atera zituztenean urduri ere jarri ginen, baina segituan egokitu ginen horietara.

Erlazionatuak

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide