Merkataritza txikia hauspotzeko asmoz dator beste urte batez Azkoitia Eguna

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 17a, 13:00

Sara Rodriguez, eskuinean, Herrixeneko tonbolan.

Elkartearen “berri emateko” eta saltokietako “betiko bezeroak saritzeko”, duela lau urte hasi zen Herrixen dendarien elkartea merkatarien aldeko eguna antolatzen Azkoitian. Herrixen Eguna zena Azkoitia Eguna da orain, eta etzi, zapatua, .

Elkartearen “berri emateko” eta saltokietako “betiko bezeroak saritzeko”, duela lau urte hasi zen Herrixen dendarien elkartea merkatarien aldeko eguna antolatzen Azkoitian. Herrixen Eguna zena Azkoitia Eguna da orain. Egunaren formatuak aldaketa gutxi izan ditu ordutik, baina aldarrikapenak bera izaten jarraitzen du. “Jende askok ez zuen ezagutzen elkartea, eta lehen bi urteak elkartearen berri emateko eta betiko bezeroak eskertzeko baliatu ditugu”, azaldu du Sara Rodriguez Herrixek elkarteko teknikariak.

Aurrerapausoa emateko ordua dela iritzita, Herrixen elkartearen aurtengo asmoa da elkartean dauden sektore desberdinak ezagutaraztea. “Sektore asko ditugu elkarte barruan; besteak beste osasun, ostalaritza eta aholkularitza zentroak. Profesional ugari ditugu elkartean”, gehitu du teknikariak. Sektore horiek nabarmendu nahi dituzte aurtengoan Herrixeneko kideek, eta plazan hainbat postu izango da “egunerokotasunean saltoki horiek egiten duten lana erakusteko”.

2019an Herrixen elkarteko hiru saltoki itxi direla azaldu du Rodriguezek, eta beste hiru ireki. Negozio horiek errentagarriak ez zirela dio Rodriguezek, eta horregatik ari direla dendak ixten herrian. Elkarteko teknikariaren arabera, “Internet da herriko saltokien arerio nagusia”. Zera adierazi du teknikariak: “Gazteek ez diete aukerarik ere ematen herriko merkatariei, Internet bidezko erosketak dira ohikoak euren artean. Gure azterlanetan ikusten dugu gehiagotan errepikatuko dela kasu hori”, gaineratu du. Epe motzean jende asko erretiratuko dela aurreikusten dute elkartean, eta dendak ez direla eskualdatuko. “Aurten hiru izan dira, baina bi edo hiru urtean hamar bat saltoki itxiko dira Azkoitian”, azpimarratu du datua Rodriguezek. Saltoki berriak irekitzeko “gazteen beharra” dagoela azaldu du teknikariak.

Zakelmari ume bati goxokia ematen. 

 

Ekintza ugari aldarrikapen egunean

Azkoitia Egunak duen erantzuna “ona” dela dio Rodriguzek. “Dinamizazio ekintza bat egiten denean, erakartzen den jendea era guztietakoa da, saltokietako bezeroa eta bezeroa ez dena”, adierazi du. Herriko dendak zapaldu ez, baina Azkoitia Egunean parte hartzen duen jendea dagoela dio teknikariak, eta euren asmoa horiek lehen pausoa ematea eta haiei kontzientzian eragitea dela dio. Horretarako, ekintza ugari antolatu dituzte datorren zapaturako: txu-txu trena, tonbola, puzgarriak eta pintxo lehiaketa, besteak beste.

Txu-txu trenak herriko kaleak zeharkatuko ditu egun guztian zehar. Herrixen elkarteko teknikariak azaldu du, “herriko saltokiak ezagutzera emateko asmoz”, denda horien aurretik egiten zuela ibilbidea txu-txu trenak hasiera batean; ibilbidea moztu zuten gero, itxarote-iladak saihesteko. Txu-txu trenean ibiltzeko txartelak Torrezuri aurreko tonbolan jarriko dituzte salgai, euro baten truke. Horrez gain, sagardo eta txorizo dastaketarako txartelak ere erosteko aukera izango da, janari postua eta sagardo txotxa jarriko baitituzte Kontzejupean.

Tonbola da Azkoitia Egunaren beste bereizgarrietako bat. “Herriko merkatariek emandako opariekin soilik osatzen dugu tonbola”, azaldu du Rodriguezek. 50 denda inguruk kolaboratu dute aurten, eta dendek askotariko sariak eman dituzte; hala nola, deskontu-txartelak eta opariak. Tonbolan mila sari banatuko dituzte, iaz baino 300 gehiago.

Arratsaldean, umeentzako tartea izango da. Balda plazan, puzgarriak jarriko dituzte eta Kontzejupean aurpegi margoketarako eta marrazteko mahaiak izango dira. Euria egingo balu, ordea, Berdura plazan jarriko dituzte puzgarriak. IV. Zakelmari Pintxo Lehiaketa ere egingo dute. Herriko zazpi tabernak parte hartuko dute aurtengo edizioan: Zurt, Latz, Orbela, Koxka, Tta-kun, Errexil eta Etxe-Aitz. Urtero moduan, aurten ere piper berdea izango da pintxoa osatzeko osagai nagusia. Pintxoak jateko ez dute arratsaldera arte zain egon beharko herritarrek, tabernariek egindako pintxoa tabernetan dastatzeko aukera izango baita goizean goizetik euro baten truke. Epaimahaia, aldiz, 19:00etan hasiko da tabernaz-taberna pintxoak dastatzen. Epaimahaia merkatari elkarteko bi kidek eta zinegotzi batek osatuko dute. 20:00-20:30 inguruan egingo dute sari banaketa.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide