«Duela zazpi urte Extremadurako [Espainia] erreka batean bainatzen ari ginela hasi zen dena», dio Iñigo Etxaniz Samiñoko Bidoie taldekokideak. «Lagunen Whatsappeko taldean idatzi zuten, film laburren lehiaketa zegoela eta guk parte hartu beharko genuela esanez. Orduan, oporretan geundenok pentsatu genuen han bertan zerbait grabatzea, esku artean genuen argazki kamerarekin. Eta halaxe egin genuen. Gero lagun bati bidali genion muntatzeko, eta abuztuaren 14an, txupinazoarekin batera entregatu zuen lana».
Normalean bost bat lagun aritzen dira lan guztietan parte hartzen: bikote bat aktore lanak egiten dituena, beste bat ideia eta gidoia prestatzen duena eta beste bat grabaketa eta muntaketa lanak egiten dituena. «Oinarrian talde hori dago, baina urtetik urtera aldatuz joaten da», azaldu du Etxanizek. Samiñoko Bidoie deitzen diote taldeari. «Kuadrilla barruan daukagun talde berezi baten izena da berez. Talde horretan gaudenok kontzertuetarako planak-eta egiten ditugu, eta hor hasi zen film laburren kontua ere». Aktoreak, berriz, beharraren arabera bilatzen dituzte: «Edozeini esaten diogu askotan; ez gara talde itxi bat. Behin neska gazte bat behar genuen, eta, herriko musikal bat ikusi ondoren, hango aktoreetako batekin kalean topo egin nuen eta parte hartzeko proposamena egin nion. Harrezkero, askotan parte hartu du gurekin».
Film laburra egiteko orduan, berriz, buruhauste handiena grabatzeko eguna jartzeak ematen die: «Kanpoan ari gara lanean taldeko bi, eta horrek asko zailtzen ditu gauzak», dio Etxanizek. Grabaketa lanak egun batean edo bitan egiten dituzte, eta muntatzeko denbora gehiago hartzen dute: «Horretan dabilenak bakarrik daki zenbat ordu eskaintzen dizkion, baina asko, ziur». Ideia pentsatua zuten uztailaren erdirako, lagunarteko Whatsappean trukatutako mezuen bidez ados jarri ostean. «Ideia pentsatzen duenak bururatuko edozein astakeria idazten du taldean, eta hortik hasten gara eszenak garatzen. Beste urteetan, grabaketekin hasitakoan gidoiari forma ematen ibiltzen ginen. Aurten, ordea, lehenengo aldiz, grabatzen hasi aurretik gidoi bat idatzia genuen, eta finkatuago eduki dugu zer eta nola grabatu behar genuen». Etxanizek uste du dena dela garrantzitsua film labur bat baloratzeko orduan: ideia ondo transmititzea, plano politak izatea, irudi ederrak ikustea eta ondo entzutea. «Ondo entzute hori plazan pixka bat konplikatua izaten da, eta kontuan hartu behar izaten dugu grabatzean; ahal bada, elkarrizketa asko ez sartzen ahalegintzen gara horregatik».
Aurtengo ez dagoela ezer aurreratzerik esan du Etxanizek, baina ideia «asko gustatzen» zaiela aitortu du. Hala ere, taldeko kamerariari ideia zein zen esan zionean, hau erantzun zion: «Jendeak barre gutxi egingo du, eta agian antolatzaileek zentsuratuko gaituzte [barrez]».
Taldearen ibilbideari erreparatuz, zuri-beltzean erakutsi zuten Luzoker eta Domeniko Eskarlati film laburrei esker bi sari irabazi dituzte, 2014an eta 2016an. Bietan epaimahaiaren saria irabazi dute, inoiz ez publikoarena, eta irabazitako ordainsariarekin taldekideek elkarrekin bazkari bat egiteko aprobetxatu izan dute. «Inoiz ez dugu aurkezten sari bat irabazteko asmoarekin, horrelako txorakeriak eginez ondo pasatzeko baizik, besterik gabe. Guk gure ukitua ematen diegu bideoei, geure erara egiten ditugu, eta ez dugu horrenbeste bilatzen publikoari gustatzea edo barre eragitea. Gainera, oro har ez dira lan errazak izaten publikoarengana iristeko edo ikus-entzuleari gustatzeko», azaldu du Etxanizek.
Taldekideek ez dute ikusten bideoaren bukaerako emaitza: «Guk ez dugu lana bukatuta ikusten plazan erakutsi aurretik, bideoa muntatzen duenak nahita ez digulako erakusten. Sorpresa izaten da, beraz, gehienontzat. Baina konfiantza osoa daukagu muntaketa egiten duenarekin, eta horregatik uzten diogu hori egiten. Niri lotsa ematen dit plazan gure bideoa ikusteak [barrez]».