Sebastian Elorza KAS taldeko txirrindulari ohia omendu dute

Maxixatzen.eus 2019ko uzt. 9a, 08:57

Sebastian Elorza, goiko lerroan, erdian. (Argazkia: AS.com)

Sebastian Elorza Uria (Azkoitia, 1939) txirrindulari azkoitiar ohiak omenaldia jaso zuen ekaineko azken asteburuan, Espinosa de los Monteros herrian (Burgos, Espainia). KAS txirrindulari taldeko txirrindulari ohiak omendu zituzten bertan, tartean Elorza azkoitiarra.

KAS txirrindulari taldeko kideek omenaldia jaso zuten ekaineko azken asteburuan. 1962tik 1971ra bitartean profesionala izan zen Sebastian Elorza Uria txirrindulari azkoitiar ohia ere omendu zuten, Espinosa de los Monteros herrian (Burgos, Espainia). Funcor taldean hasi zuen profesional ibilbidea Elorzak, baina ondorengo urte guztiak KAS taldean egin zituen.

Espinosa de los Monterosen egin zuten omenaldia, taldea bertan kontzentratu ohi baitzen 60ko hamarkadetako neguan; bertan prestatzen zuten denboraldia txirrindulariek. KAS taldea tropeleko talderik indartsuenetakoa izan zen, 1960 eta 1970 hamarkadetan. Ekainaren 29an hitzaldia eta afaria egin zituzten, eta ekainaren 30ean bisita gidatua eta txirrindulari eta txirrindulari ohien arteko bazkaria.

Balentria ugari profesionaletan

Elorzak Italiako Giroan, Frantziako Tourrean eta Espainiako Vueltan parte hartu zuen, baina baita Munduko Errepideko Txirrindulari Txapelketan ere. 1963 eta 1968 urte bitarteetan parte hartu zuen txirrindulari ohi azkoitiarrak hiru itzuli handietan eta Munduko Txapelketan, ia guztietan 45 txirrindulari onenen artean sailkatu zen. 1967ko Frantziako Tourra utzi egin zuen, 12 etapetan parte hartu eta gero.

Garaipenen artean nabarmentzekoak dira 1962ko Ordiziako Klasika, 1964ko Getxoko Zirkuitua eta 1965eko Euskal Bizikleta. Halaber, hainbat etapa irabazi zituen Elorzak, hala nola, 1964ko Levanteko Itzuliko 6. etapa, 1965ko Euskal Bizikletako lehen etapa eta 1969ko Errioxako Itzuliko lehen etapa.

Sebastian Elorza txirrindulari ohi azkoitiarra.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide