Presoen eta iheslarien aldeko azken ostiraleko elkarretaratzea egin dute

Maxixatzen.eus 2019ko eka. 29a, 09:25

Plazan egin zuten elkarretaratzea. (Argazkia: Xanti A.)

Atzo, ekainak 28, hileko azken ostiraleko elkarretaratzea egin zuten dozenaka lagunek herriko plazan, preso eta iheslarien alde.

Hilabeteko azken ostiralean egin ohi duten moduan, atzo, ekainako azken ostirala izanik, preso eta iheslarien aldeko elkarretaratzea egin zuten plazan dozenaka lagunek. Ekitaldiaren amaieran, honako irakurketa hau egin zuten:

«Uda irailaren 16ari begira hasi dugu, 45 lagun Auzitegi Nazionalean epaituak izango baitira data horretatik aurrera. Hiru hamarkada hauetan euskal preso politikoen isolamendua eta haien senide eta lagunen sufrimendua salatzeko egin dute lana, eta beraien konpromisoa, elkartasuna eta burututako lana mehatxupean jarri dituzte Madrildik.

Mediku, abokatu eta senideen atxiloketak, Herrira bezalako mugimenduen ilegalizazioa, Guardia Zibilaren aurrean deklaratzeko zitazio masiboak… kontrakorrontean doan bake prozesuarentzat oztopoak besterik ez dira izan. Urte luzetako lanaren ondoren, isiltasun informatiboa apurtzen hasten zen momentuan, iritsi ziren atxiloketa horiek.

Europara espetxe politikaren errealitatea eta horren ondorioak eramatea, Etxeratek Eusko Jaurlaritza eta baita Bakea eta Elkarbizitzaren bulegoarekin interpelazio zuzenak egitea… Hori guztia martxa hartzen eta gure aldarrikapenak zabaltzen ari ginen unean etorri ziren ilegalizazioak.

Horrekin guztiarekin, zilegi diren helburuak lortzeko lanean ari direnen aurka aritzeko erraztasuna erakutsi arren, Euskal Herrian barrena eta Euskal Herritik kanpo ere salbuespen espetxe politikaren errealitatea eta horrek dakarren ondorio gordinak ezagutarazteko lanean jarraitu dugu.

Denak larriak dira, helburu horrekin sortutako espetxe politika baita. Guk, euskal preso politikoen senide eta lagunok, dispertsioaren ondorioak zuzenki jasaten ditugu. Gure osasuna eta gure bizitza astebururo jokoan jartzen dira, eta dispertsioaren eraginez 16 hildako egon direla gogorarazi nahi dugu.  

Hurrengo hilabetetako lana 16 biktima horien errekonozimendua lantzeko oinarrituko da. Jose Mari Maruriren omenez ekimen bat burutu zen hilaren 21ean Zierbenan, bere semea bisitatzera zihoanean izandako istripuaren biktima; hilaren 29a, Pilar Arsuaga eta Alfonso Isasiri omenaldia egingo zaie Laudion, horiek ere Galiziara bisita batetik zetozela izandako istripu baten biktimak. Dispertsioaren biktimak. Bidaia luze bat egitera behartutako salbuespen espetxe politikaren biktimak. Biktima horien aitorpena memoriari eta, aldi berean, elkarbizitzari ekarpen bat da.

Dispertsioarekin eta salbuespenezko neurri guztiekin behingoz amaitzeko, etxean eta bizirik nahi ditugulako eta ez dugulako horrelakorik berriz gertatzea nahi lanean jarraituko dugu.

Etxean eta bizirik nahi ditugu!»

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide