Udal korporazioko kideen soldatak «gehiegizkoak» direla salatu du EH Bilduk

Maxixatzen.eus 2019ko eka. 27a, 20:53

EH Bilduko kideak, bilkura aretoan.

Azkoitiko EH Bilduk agerraldia egin du gaur, osteguna, udaletxeko bilkura areto nagusian. Atzo, ekainak 26, burututako udalbatzarraren ez ohiko bilkuran EAJk eta PSE-EEk hartutako erabakien inguruan iritzia eman du koalizioak. «Gehiegizko soldatei», eta batzorde informatiboei buruz hitz egin dute prentsaren aurrean.

EH Bilduk agerraldia egin du gaur, osteguna, atzo osoko bilkuran hartutako neurriei buruz duen iritzia azaltzeko. EAJren eta PSE-EEren akordio berriarekin, «berriro ere gehiengo oso kaltegarria» osatu dutela azaldu du Ainara Goenaga EH Bilduko lehenak. «Korporazioko kideen soldatak eztabaidatzerako orduan, tope legalak aplikatu zituzten beraien buruari soldata jartzerako orduan, eta Udal Gobernua osatzen duten bederatzi zinegotzitatik zortzi liberatu dituzte», azaldu dira kexu koalizioko kideak. «11.000 eta 20.000 biztanleko herrien artean aplikatu daitekeen tope legala aplikatu dute; soldatak gehiegizkoak dira» salatu dute EH Bildutik.

Oposizioaren liberatuari «milaka euro baxuagoa» ezarri diotela ere salatu dute gaurko agerraldian. «EH Bilduren ustez oposizioak erabaki behar du bere liberazioa nola zatitu eta zenbat pertsonen artean banatu», adierazi du Goenagak. EH Bilduren asmoa liberatu baten ordez bi izatea dela jakinarazi dute. Bi pertsonen artean %100eko lanaldia osatzea zen koalizioaren asmoa, bakoitza %50era arituz. Koalizioak emendakina aurkeztu zuen atzoko bilkuran hori eskatzeko, baina EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin atzera bota zuten.

Hona hemen legealdi berrian udal gobernuko eta oposizioko ordezkariek izango dituzten soldatak:

  • Alkateak %100eko dedikazioa izango du eta 71.200 euro eskuratuko ditu urtean.
  • Ogasuna, barne antolakuntza, sustapen ekonomikoa, parte hartzea eta herritarren arreta zerbitzuko zinegotzi delegatuak %100eko dedikazioa izango du, eta 67.640 euro jasoko ditu urtean. 
  • Ingurumena, landa garapena, obrak eta zerbitzuetako zinegotzi delegatuak %100eko dedikazioa izango du, eta 49.840 euro jasoko ditu urtean.
  • Gizarte zerbitzuak eta integrazio zinegotzi delegatuak %55eko dedikazioa izango du, eta 35.244 euro jasoko ditu urtean.
  • Berdintasuna eta prebentzio zinegotzi delegatuak %20ko dedikazioa izango du, eta 12.816 euro jasoko ditu urtean.
  • Festak eta kirola zinegotzi delegatuak %25eko dedikazioa izango du, eta 16.020 euro jasoko ditu urtean.
  • Kultura eta gazteria zinegotzi delegatuak %40ko dedikazioa izango du, eta 25.632 euro jasoko ditu urtean.
  • Turismo eta ondare zinegotzi delegatuak %40ko dedikazioa izango du, eta 25.632 euro jasoko ditu urtean.
  • Oposizioaren zinegotzi liberatua pertsona bat izango da %100eko dedikazioarekin, eta 44.856 euro jasoko ditu urtean.

Beste erabaki «kezkagarri» bat ere hartu zela azaldu dute arratsaldeko agerraldian. Batzorde informatiboak «publikoak eta irekiak» izateko eskatu zuen EH Bilduk atzoko bilkuran. «Legeak ahalbidetzen duen moduan uste dugu batzordeek irekiak izan behar dutela. Herritarrek bertan egoteko aukera izan behar dute eta erabateko gardentasunarekin jokatu behar dugu Udalaren kudeaketan», azaldu dute agerraldian. EAJren eta PSE-EEren aurkako botoekin ez zen onartu proposamena. Herritarren parte hartzeari «bizkarra» eman ziola eta batzordeen ateak «itxi» egin dituztela azaldu dute EH Bildutik, «Udalaren hermetismoa mantenduz».

EH Bilduko zinegotziek azaldu dute, «Udal Gobernuak ez duela ondo hasi legealdia». «Oposizioa eta herritarren parte hartzea albo batera utzi ditu, eta gehiengo osoarekin horiek gainetik pasatzen hasi da», azaldu dute. «Espero dugu Javier Zubizarretaren gobernuak hartu duen bide honekin ez jarraitzea», eskatu dute segidan. Herritarren ordezkari diren talde guztiekin «elkarlanerako marko komunak martxan jartzea» ere eskatu du koalizioak. Era berean nabarmendu dute, aurreko lau urteetan EH Bilduren «eskuak zabalik» izan direla elkarlanerako eta legealdi honetan ere «horrela» izango dela. «Eskua zabalik, herritarrei entzunez eta azkoitiar guztiak kontuan hartuz», gaineratu dute agerraldiarekin amaitzeko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide