Anaitasuna Kakute Xake Taldeak eta Iraurgi Abesbatzak piztuko dute San Joan sua

Maxixatzen.eus 2019ko eka. 13a, 15:36

Anaitasuna Kakute Xake taldeak eta Iraurgi Abesbatzak izango dute aurtengo San Joan sua pizteko ohorea, hilaren 23an, igandea. Udalak herriko bi taldeei «merezitako aitortza» egin nahi die euren 40 urteko ibilbidean egindako lan boluntarioa eskertzeko. «Batzuk xakea zabaltzen eta sustatzen eta besteak, euren ahotsak plazaratzen. Guztiak dira Azkoitiko herriaren enbaxadore, eta horregatik nahi ditu zoriondu Udalak», azaldu dute Udaletik.

Jose Luis Fernandez Anaitasuna Kakute xake klubeko buruak «ilusioz» hartu du berria. «Presidente gisa, oso pozik nago. Jokalari guztiek egin dute gogor lan, eta ezin naiteke beraietaz harroago egon». Iraurgi Abesbatzaren lehendakaria den Itziar Izagirrek, berriz, esan du «ohore handia» dela Iraurgi Abesbatzarentzat San Joan sua piztea Azkoitiko herriaren aurrean. «Esan zigutenenean emozio handia sentitu genuen. Udala gure 40. urteurrenarekin gogoratzea eta aukera hori ematea, ospatzekoa, ahaztu ezinezkoa izango da guretzat». «Merituak soberan dituzte», azaldu dute, berriz, Udaletik. Xake taldea aurten Preferente mailara igo da eta Iraurgi Abesbatzak uztailaren 3tik 7ra, 'Festival Internazionale Verona Garda estate' jaialdian parte hartuko du.

Anaitasuna Kakute Xake taldea

Aurten, xake taldeak ospakizunetarako arrazoi bat baino gehiago ditu. Batetik, bere 40. urteurrena eta bestetik, Preferente Mailara egindako igoera. Gaur egun klubak ia 40 kide ditu, eta gaztetxoenak 6 eta 7 urteko neska-mutilak dira.

Klubak antolatzen duen torneo garrantzitsuenetarikoa San Andres Xake txapelketa da. Ehun lagundik gora erakartzen ditu. Baina ez da xakelariek parte hartzen duten txapelketa bakarra; izan ere Gipuzkoako eta Euskadiko hainbat txapelketetan lehiatzen dira. «Espainiako Adinkako Txapelketan ere hainbatetan parte hartu dugu, eta maila handikoak diren beste askotan ere bai: Benasquen, Rigan, Madrilen, Iruñean…». Baina presidentearentzat garrantzitsuena adin ezberdinetako jokalarien artean duten «giro ona» da. «Beti ezagutza eta trebezia partekatzen ari dira. Ezin da gehiago eskatu».

Anaitasuna Kakute Xake taldeak Euskal Ligara igotzea lortu zuen 1991n eta 2014an. Eta Preferente Mailara igotzea, berriz, hirutan: 1996an, 2010ean eta 2019an. Xakerako zaletasuna gero eta handiagoa da, neurri handi batean, klubek egin duten lan boluntarioagatik. Anaitasuna Kakute horren eredu da. Izan ere, Kutxa Fundazioak eta Gipuzkoako Xake Federazioak sei aldiz aukeratu dute Gaztedi txapelketaren finala antolatzeko.

Iraurgi Abesbatza

Iraurgi Abesbatza 1979. urtean sortu zen, duela urte asko Aita Otañok sortu zuen Orfeoi Azkoitiarrari jarraipena emateko asmoz. Urte hauetan, bere lana Euskal Herriko, Espainiako eta Europako herrietatik erakusten jardun du, eta arrakasta handia lortu du.

Iñaki Maidaganen zuzendaritzapean dago 2010. urtetik. Aurretik, M. Larrañaga, M. M. Azpiazu, Maria Jesus Larrañaga eta Ainhoa Arrieta izan ziren zuzendaritzan. Iraurgi Abesbatza 36 abeslarik osatzen dute egun. Erlijio eta erlijioz kanpoko polifonia, mundu zabaleko folklorea eta nola ez, euskal abestiek osatzen dute taldearen abesti sorta. Kideek dioten moduan «taldearen jarduna geratu gabekoa da. Kontzertu, topaketa, bidaia, kantu ikastaro eta abar», azaldu dute.

Azkoitiko hainbat ekitalditan parte hartzen du herriko beste talde batzuekin: Bizkargi Musika Eskolak antolatzen duen Taldez Talde ekitaldian, San Joan suan, udal bandarekin eta parrokiako koruarekin, andramaixetako salbean, sanandresetako jaialdian —bi urtean behin—, Sahatsa dantza taldearekin eta udal bandarekin eta Gabonetako kontzertuan, udal bandarekin.

Azkenaldian hainbat ekintza handitan parte hartu du abesbatzak. 2015ean, Arrasateko Goikobalu abesbatzarekin batera, Carmina Burana opera eman zuen Baztartxo aretoan. 2016ko abenduan, La Caixak antolatuta, Haendelen Mesias abestu zuen Donostiako Kursaalean, Gipuzkoako beste abesbatza batzuekin batera. Eta 2017an, lau kontzertu eman zituen 'Al Solle Della Sardegna' jaialdiaren barruan (Sardegna, Italia). Europan ere beste hainbat bira egin dituzte, Alemanian, Suitzan, Frantzian, Austrian, Italian eta Pragan kontzertuak eskainiz. Peñafloridako Kondearen abestiekin diskoa grabatu zuten, eta besteak beste, Eloy de la Iglesiaren 'Otra Vuelta de Tuerca' filmeko soinu bandan ere parte hartu zuten. 2004an, euren 25. urteurrena zela eta, bakarkako lehenengo CDa kaleratu zuten.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide