Aurkeztu du EH Bilduk udal hauteskundeetako programa

Maxixatzen.eus 2019ko mai. 11a, 10:28

Herri programa aurkeztu zuen EH Bilduk. (Argazkiak: Maxixatzen)

Programa «irekia, mardula eta neurri asko biltzen dituen» herri programa aurkeztu zuen atzo, ostirala, EH Bilduk. 'Zurekin Azkoitia gara' leloarekin aurkeztu zuen koalizioak eta herri programa osatzeko «ehunka azkoitiarrekin« bildu direla azaldu zuten Iraitz Otaño bozeramaileak eta Ainara Goenaga alkateagaiak.

«Herriko auzoetan, hainbat norbanakorekin eta herriko kirol, kultur eta ekonomia eragileekin» hitz egin dutela azaldu zuten atzo, ostirala, EH Bilduko Ainara Goenaga alkategaia eta Iraitz Otaño bozeramaileak, Elkargunean. Bilera «desberdinak» egin dituztela aurreratu zuten, baina gehiago egingo dituztela jakinarazi, herri programa «beti elikatu behar» dela ikusten baitute. Herritarren «parte hartzean sinesten» dutela nabarmendu zuen, halaber, koalizioak. Herri programa lau multzo nagusitan banatu du EH Bilduk: irisgarritasuna, kirol eta aisialdi instalazioak, azkoitiarren bizi baldintzak eta etorkizuneko Azkoitia.

Irisgarritasuna

Irisgarritasunarekin du zerikusia EH Bilduren programako lehen multzoak. «Irisgarritasun plan integrala» egin nahi du koalizioak, «orain dagoena nahikoa zaharkituta» gelditu dela ikusten baitute. Egin behar diren irisgarritasun lanak egiteko, «laguntzak jasotzeko plan on bat izatea garrantzitsua» dela azaldu zuen Ainara Goenaga EH Bilduren alkategaiak, eta adierazi zuen «behar handiena duten auzoek» izango dutela «lehentasuna», hala nola, Floreagak eta San Martinek. Floreagan, EH Bildu gobernuan egon zen legealdian egin zen «laugarren faseko igogailuaren proiektua berreskuratu» eta «lanak martxan» jarri nahi dituztela azaldu zuten. Beste faseak egiteko proiektuak ere egingo dituztela adierazi zuen Goenagak. San Martinen ere «antzeko arazoa» dagoela esan zuen EH Bilduko alkategaiak. «Zona batzuetan igogailuak edota arranpa mekanikoak jarri beharko dira, irisgarritasun arazoak konpontzeko», gehitu zuen.

San Jose Egoitza gerturatzeari buruz ere aritu zen Goenaga. «Denbora emango duen proiektua» dela nabarmendu zuen alkategaiak, baina eguneko zentroa eta etxe tutelatuak «non jar daitezkeen aztertzen» hasiak direla azaldu zuen. Gogorarazi zuen, EH Bildu gobernuan zegoenean eguneko zentroa Gaztanenean egiteko proiektua zuela, eta Goenagak esan zuen «berriz hartzea posible den ikusi behar» dutela. Altzibar ere aipatu zuen Goenagak. Jausoro eta Altzibar lotzen dituen espaloia, errepidearen albokoa, estali nahi dutela azaldu zuen, «euriagatik eta haizeagatik babesteko». Santa Klara eta Santa Kutz auzoak lotzen dituen bidean, berriz, «espaloia zabaltzeko eta zentzu bateko errepidea» jartzeko neurriak hartzeko planteamendua dutela aurreratu zuen alkategaiak.

Ainara Goenaga EH Bilduren alkategaia, aurkezpenean.

Kirol eta aisialdi instalazioak

Kirol instalazioak «txiki» gelditzen ari direla azaldu zuen Goenagak, eta kirol talde asko «behar handiarekin» daudela nabarmendu. «Igerilekua ez da denontzat nahikoa, Anaitasuna futbol taldeak ere arazoak ditu lekurik ez dutelako entrenatzeko, atletismokoek ere ez dute euren lekurik entrenamenduak egiteko...», hasi zen bigarren multzoa azalduz Goenaga. «Arazoei irtenbidea» emango dietela esan zuen eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin «elkarlan handia» egin beharko dutela proiektuak aurrera eraman ahal izateko.

2019ko abenduan, Udalak Elkargunearekin izan duen hamar urteko kontratu pribatua amaituko dela jakinarazi zuen Goenagak. «Enpresa pribatu batek berriz har ez dezan», Elkarguneko kudeaketa «publikoa» izatea edo «Udalaren esku gelditzea» nahi du EH Bilduk. EH Bilduren planteamendua da «kirol patronatua sortzea eta patronatuaren bitartez kirol instalazioak kudeatzea». Bertako langileen lan baldintzak «hobetu» egingo direla eta bertako «abonatuen kuotak jaisteko aukerak» daudela azaldu zuen koalizioko zerrendaburuak. Horrekin lotuta, kirol mahaia aipatu zuen Goenagak. «Pixakanaka sortzen» hasiak direla esan zuen. «Kirol talde asko daude, baina bakoitza bere erara», hasi zen. EH Bilduk kirol mahaia sortzearen aldeko apustua egin du, eta mahaiak, kirol taldeak «kudeatu» dituela eta «patronatuarekin elkarlanean» arituko dela aurreratu zuen.

Aisialdietako guneen inguruan hitz egin zuen segidan Goenagak. «Herriko parkeak utzita daude eta puntu garrantzitsu bat da parke estalia», azaldu zuen. «Orain ari dira egiten parke estalia, baina ikusten dugu, batetik, lekua arriskutsua dela. Bertan dago errepidea, eta gainera, bidea altxatuta, oraindik eta erraztasun handiagoa eman zaie umeei errepidera irteteko. Bestalde, hartu duen dimentsioa txikia da. Hor ez dago ume denak hartzerik, eta eguraldi txarra egiten duenean oraindik eta gutxiago», azaldu zuen Ainara Goenagak. EH Bilduren planteamendua da Xabier Munibe Ikastolako parkea estaltzea. «Estalitako parkea, jolas eta kirol gunea, txukundu beharko litzatekeen estalpea eta komun publikoa» batera izango lituzkeen gunea sortuko litzatekeela adierazi zuen. Bestalde, Trenbidearen Zumardiako berdegunean urarekin lotutako parkea egitea nahi dute, «jolas gune bat izan dadin», azaldu zuen.

Azkoitiarren bizi baldintzak

Hainbat puntu azpimarratu zituen Goenagak programaren hirugarren multzoan. «Pentsionistentzat diru laguntza sortuko dugu behar handiena dutenei laguntza emateko», hasi zen azalpenekin. Halaber, alokairurako diru laguntzetarako dagoen 35 urteko muga egokitu egingo dute, eta bestalde, herriko merkatari txikiei alokairua ordaintzen laguntzeko diru laguntza sortuko dute. Uraren eta zaborraren tasa ordaintzen laguntzeko sistema martxan jarriko dutela ere aurreratu zuen. Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga mailakatua izatea proposatu du EH Bilduk, eta etxebizitza hutsen gaineko errekargua aurrera eramatea aurreikusi dute, «gehien duenak gehiago ordain dezan» argitu zuen Goenagfa alkategaiak.

Azkoitiaren etorkizuna

Etorkizunean nolako Azkoitia nahi den da EH Bilduren herri programako laugarren puntua. «Berdintasun plana egina dago Udalean, baina plana aurrera eramateko ez dago baliabiderik. Lehen bazegoen berdintasun teknikaria, baina kendu egin zuten eta bere lana ongizatera bideratu. Ongizatetik ez dago ateratzerik berdintasun plana aurrera eramateko martxarik», azaldu zuen Goenagak. Hori horrela, EH Bilduk berdintasun erreala lortzeko parekidetasun teknikaria berreskuratuko duela aurreratu zuen. Bestalde, kulturari dagokionez, kultur plan integrala egin nahi dutela jakinarazi zuen. «Azkoitian eragile eta sortzaile pila bat daude, baina ez zaio ematen eman behar zaion baliorik; Herrikoloreak egunean ikusi genuen zenbat diren», adierazi zuen. Plan integralarekin «kutur taldeak eta eragileak ikusarazi, ekintzak egin eta herrian sustatu» nahi ditu koalizioak.

Laugarren multzoa azpimarra gehien jarri zuen puntua, ordea, parte hartzearena izan zen. EH Bilduren proiektuan «oso oinarrizkoa» dela nabarmendu zuen Goenagak. «Egingo diren gauzak herritik atera behar dute, eta herriari begira egin behar dira. Herritarrek euren iritzia eta kezkak azaltzea eta garrantzitsuak diren proiektuetan herritarrek parte hartzea sustatu behar dugu», adierazi zuen alkategaiak.

Azaldutako beste puntuak

Auzoetan «hainbat bilera» egin ditu EH Bilduk eta auzo gehienen beharra «errepideak hobetzea» dela jakinarazi zuten. Bestalde, arazoak dituzte wifiarekin. EH Bilduk 'Wifinet' programa martxan jarriko duela azaldu zuen. Baserrietako esplotazioetarako eraikinak eraikitzeko egun martxan dagoen araudia zorrotza dela ikusten dute koalizioan, eta «erraztasunak emateko hainbat aldaketa» egingo dituztela adierazi zuen.

Kanpainako ekitaldi nagusiak

Herri programa aurkezteaz gain, kanpainako egutegia zein den aurkeztu zuen koalizio abertzaleak, eta bertaratutakoen zalantzak eta galderak ere erantzun zituzten Ainara Goenagak eta Iraitz Otañok. Datorren zapatuan, maiatzak 18, ekitaldi nagusia egingo dute herriko plazan Ainara Goenaga alkategaiak eta Mertxe Aizpurua Espainiako Kongresuko EH Bilduren Gipuzkoako diputatuak. Maiatzaren 20an, berriz, Elkargunearen publifikazioari buruzko aurkezpena egingo dute Elkargunean, 19:00etan. Zumaiako eredua aurkeztuko du Iñaki Ostolaza EH Bilduren Zumaiako alkategaiak.

Elkarguneko Oteiza aretoa, aurkezpenean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide