Elkarrizketa alkategaiekin

Javier Zubizarreta: «Herrigintza pertsonon beharrak asetzeko tresna gisa ulertzen dugu»

Maxixatzen.eus 2019ko mai. 15a, 09:08

Javier Zubizarreta EAJren alkategaia. (Argazkia: Maxixatzen)

Javier Zubizarreta Zubizarreta (Azkoitia, 1955) da EAJren udal hauteskundeetarako alkategai independentea. 2015etik da Azkoitiko alkatea.

Zergatik erabaki duzu alkategai izatea?

Lau urte asko direla ematen du, baina administrazioa motel doa. Gauza batek bestea ekartzen du eta badira gauzatuta ikusi nahiko nituzkeen proiektuak, jada bideratuta ditugulako ikusten ez diren arren. Bestetik, sekulako taldea izan dut eta horrek ere animatu nahi jarraitzera. Azken batean, herritarrek erabakiko dute.

Duela lau urte ekin genion bide honi, eta orain, orduan genuen oinarriaz gain, eskarmentua ere badugu. Ikusita lana eginda gauzak aurrera ateratzen direla, merezi duelakoan nago. Herriaren alde lan egiteak ematen ditu buruko min galantak, baina pozak ere bai. Besarkada gozo asko eman eta jaso dut.

Kanpotik ematen du dena kakaztuta dagoela politikan, eta ez da horrela. Herritarren beharrak asetzeko eta denok hobeto bizitzeko aukera izan dezagun lanak txukun egitea da gure helburua, eta uste dut helburu zintzoa dela.

Zein dira alkate izanda eman nahiko zenituzteen lehen urratsak?

Hautatuta suertatuko bagina, eguneroko lanari jarraituko genioke. Orain arte bezala, mahai gainean ditugun proiektuei jarraipena ematea izango da gure lehen lana eta 2019-2023rako gobernu programa osatzea.

Bideratutako proiektuen artean, aurrera begirako lanak dira. Plazaberriko erredakzio proiektuaren harira, parte hartze prozesua abiatu, Floreagako lehen fasea martxan jarri, igerilekuak handitzeko finantzazio bideak urratzen hasi edota irisgarritasuna hobetzen jarraitu. Eta hori batu beharrekoan, gure hauteskunde programari begira, entrenamentuetarako futbol zelai bat non eta nola eraiki aztertu, aparkalekuen arazoari irtenbidea ematen saiatu, gizarte laguntzak aztertu, nagusiki emakume alargunen egoerari erreparatuz edota bizigune humanoak eraiki

Hauteskundeetara programa zabal batekin aurkeztuko gara, baina lehendik duguna ez da makala. Ditugun zerbitzuak, azpiegiturak, programak, laguntzak, eta abar mantentzea ere ezinbestekoa da. Ez du zertan beti zerbait berria izan behar. Ondo dagoenari eustea ere ez da gutxi. Eta badira gaiak, berdintasuna, euskara edo ingurumena, gai transbertsalak direnak eta eremu guztietara eraman beharrekoak.

Zeintzuk dira proiektu nagusiak?

Herrigintza pertsonon beharrak asetzeko tresna gisa ulertzen dugu. Horrek esan nahi du, pertsonok adin bakoitzean behar ezberdinak ditugula eta erakundeetatik erantzun bat eman behar zaio bakoitzari. Proiektu zehatzak aipatu dizkizut lehen, baina behar nagusi bat dugu gizon eta emakumeok ere bizi proiektua aurrera eramateko. Hori da enplegua, lana. Kalitatezko enpleguaren alde lanean jarraituko dugu gure esku dagoena eginez. Bide bat formakuntzarena da. Niretzat datu pozgarria da duela lau urte udaletxean alkate kargua hartu nuenean baino 269 langabetu gutxiago ditugula. 775 langabetutik 506ra jaitsi gara. Emakumeen laneratzean egin behar dugu ahalegina. Gizonezkoetan zaila da gehiago jaistea langabezia tasa, egiturazkoa da orain duguna. Proiektu nagusiaz galdetu didazu, eta kalitatezko lana bermatzea ez dago Udal baten esku, baina gure lehentasuna da herritarrek lana izatea eta horretan Iraurgi Berritzen dugu bidelagun.

Zein dira Azkoitiko arazo nagusiak?

Buruko min handienak, agian, administrazioaren funtzionamenduak eman dizkit, moteltasunagatik. Arazo nagusiak, ordea, beste batzuk dira eta maila ezberdinetakoak. Zerk kezkatzen nau? Pertsona nagusien beharrek eta bakardadeak, integrazioak eta elkarbizitzak edota gazteriaren osasunak eta etorkizunak. Erantzun zintzo bat ematen hasita, ordea, uste dut Azkoitian jende asko dagoela oso ondo eta ondo bizi dena eta zentzu horretan, solidarioak izaten ikasi behar dugu eta dugunari eusten asmatu.

Zer egin nahi du EAJk datorren legegintzaldian?

Ekonomia sustatu eta gizarte kohesinatu, justu eta lagunkoi baten alde lan egin. Horrela esanda utopia dirudi, baina hori da martxan jartzen dugun proiektu edo zerbitzu bakoitzarekin bilatzen duguna. Modu errazagoan esanda: guztiok alderdi ekonomikotik eta sozialetik hobeto bizitzeko aukerak jorratu.

Eta hori bai, ez edonola. Ingurumena EAJen agendan sartuta dago. Gero eta kontzienteagoak gara zentzu horretan denok, gizarteak hala eskatzen du, eta arduratsuak izan behar dugu. Ez da erraza, baina geure txikian gauza handiak egin ditzakegu guztion onurarako.

Zein alorretan jarriko dituzu indarrak?

Alor guztietan. Lehenengo ekonomian. beste eremu bat da hirigintza humanoarena. Elkarbizitzarako guneak sortzea eta irisgarritasuna hobetzea garrantzitsua da. Askotan aurpegiratu izan digute asfaltoan eta hormigoian oinarritzen dugula gure egitekoa. Nik uste dut hormigoiak aurpegi sozial garrantzitsua duela. Hirigintza humanoa deitzen diot nik Floreagan igogailuak eta pasabideak egiteari, Plazaberri berritzeari edo baserri bideak konpontzeari. Elkarbizitza da, mugikortasuna da eta erdigunean pertsonak daude.

Sail bakoitzean zein neurri hartu nahi dituzue?

Aipatutakoez gain, irisgarritasunarekin lotuta, Floreagako eta San Martingo auzoez gain, San Jose egoitza ezin du aipatu gabe utzi. Hasieratik esan dugu San Jose Egoitza hirigunera ekartzearen eskaerarekin bat gatozela; gaur-gaurkoz ez diot bideragarritasunik ikusten. Erraztasun guztiak eman nahi ditut, ordea, egoiliarrei eta familiei joan-etorriak eta sarrera-irteerak errazteko. Uste dugu igerilekuaren inguruan igogailua jartzeak arazoa arinduko lukeela eta baita garraioa hobetzeak ere. Horretan ahalegin guztiak egingo ditugu.

Sailka joanda, hirigintzako proiektuak aipatu ditugu, eta esan dizudan bezala, beste batzuk badira transbertsalak direnak, eta ez badira, transbertsalak bihurtu beharko ditugunak. Kulturan eta kirolean, esaterako, diru baliabidez elkarteei laguntzen jarraituko dugu. Kulturan oso harrera ona izan du, adibidez, antzerkiak. Jendea antzerkirako ohitura hartzen ari da eta gustura gaude. Maiztasun jakin batekin ari gara antzerkia programatzen haurrentzat eta helduentzat.

Zer balorazio egingo zenuke azken legegintzaldiari buruz?

Gauza bakarra nahi dut ozen esan: emandako hitza bete dugu. Esandakoa egin dugu eta zerbait gehiago ere bai. Idiakez Ederra etxearen kasuan egoera desblokeatuko genuela esan genuen, eta desblokeatzeaz gain, eraikinean Babes Ofizialeko Etxebizitzak eraikitzea lortu dugu. Ez da erraza izan, baina egin dugu. Etxebizitza horiek eraikitzeko datak zehaztuta ditu Visesak.

Zergatik bozkatu behar da EAJ?

Gauzak fundamentuz eta zintzotasunez egiten dituelako. Hemen eta Madrilen.

Nola ikusten dituzu hauteskundeak?

Nik nahiko nukeena da etxea inor ez gelditzea. batzuk ez diete garrantziarik ematen bozkatzeari, politikarekin nazkatuta edo etsita daudelako; hor ez gertatzeko lan egin behar dugu. Herrigintza, tokiko erakundeen kudeaketa, beharrezkoa da. Norbaitek egin behar du, eta bozka bidez pertsona edo talde aproposenaren alde apustu egiteko aukera ez da galdu behar. Herritarrei guguan konfiantza izateko eskatzen diet berriro.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide