21. Korrika

Hemen da Korrika!

Maxixatzen.eus 2019ko api. 11a, 09:23

Korrikan parte hartuko duten herritarrak. (Argazkia: Maxixatzen)

21. Korrika bihar iritsiko da Azkoitira, 09:00 inguruan. Azkarate gainean 08:35ean hartuko dute lekukoa lehen azkoitiarrek, eta 09:25ean azpeitiarrei emango diete. Azkoitiko ibilbidean 16 kilometro izango ditu Korrikak, eta 23 taldek emango dute eskuz esku lekukoa.

Elgoibartik iritsiko da Korrika, eta elgoibartarren eskutik Azkaraten jasoko dute azkoitiarrek lekukoa. Hauek dira Korrikaren Azkoitiko kilometroak erosi dituzten taldeek egingo dituzten zatiak:

1930A zatia - Ama Madalen (Azkarateko tunelaren irteeran, 08:35ean)

1930B zatia - Azkoitri Triatloi Kluba (Madarixako bidegurutzea, 08:35ean)

1931A zatia - Muxuxo lagun taldea (Azkarateko zubiaren hasieran, 08:41ean)

1931B zatia - Herrixen Dendaixen Elkartea (Azkarateko aurreratzeko erreia, 08:41ean)

1932A zatia - Beñat Plazaola eta Iraitz Korta bikotea (2500 metroko kartelean, 08:47ean)

1932B zatia - Txintxarri Lokala (Olasoko bidegurutzea, 08:47ean)

1933A zatia - Alai Batza (Zulueta parean, 08:53ean)

1933B zatia - Iraurgi Abesbatza (30. kilometro parean, 08:53ean)

1934 zatia - Matadeixe (Baztarrikaldeko biribilgunean, 08:59ean)

1935 zatia - Floreaga Ikastetxea (Teklan, 09:01)

1936A zatia - Xabier Munibe Ikastolako komunitatea (Eskolen bidegurutzean, 09:03ean)

1936B zatia - Um Blem Ble elkartea (X. Munibe atzeko biribilgunea, 09:03ean)

1937A zatia - Umore Ona elkartea (Norde baserrirako bidegurutzean, 09:05ean)

1937B zatia - Anaitasuna futbol taldea (Haurreskolako bidegurutzean, 09:05ean)

1938 zatia - Azkoitiko AEK (Trino Uria kaleko zubiaren amaieran, 09:07ean)

1939 zatia - Erniarraitz Bertsozale Elkartea (Eroski txikiaren parean, 09:08ean)

1940 zatia - Biharko-San Jose Egoitza (Eliz atarian, 09:10ean)

1941 zatia - Bizilore Eskola Aktiboa (Liburutegiaren parean, 09:12ean)

1942 zatia - Maxixatzen Euskaldunon Elkartea (Intsaustiko bidegurutzean, 09:13ean)

1943A zatia - Azkoitia BHI (Etxe Zuri baserriaren aurreko bidegurutzean, 09:14ean)

1943B zatia - Izarraitz Lanbide Heziketa (Etxe Zuri alboko biribilgunean, 09:14ean)

1944 zatia - Basokerrak lagun taldea (Txiki-Golf parean, 09:18ean)

1945 zatia - Azkoitiko Udala (Santutxoko etxetxoan, 09:21ean)

Horietako hainbat taldek Azkarate aldapan behera egingo dute, eta herrigunera Floreaga aldetik iritsiko dira. 08:59an, Baztarrikalde atzetik –Teklatik– pasatuko da Korrika, eta Aizkibel kaletik inguratuko du Floreaga ikastetxea. Jarraian, Zuazola kalera hartuko du bidea lasterketak, Xabier Munibe Ikastolaren albotik pasatuz. Auzmendi bidetik jarraituko du aurrera, eta Xabier Munibe Haur Eskolaren albotik Trino Uria kalera sartuko da.
Trino Uria kaletik Ibai Ondo kalera egingo du Korrikak, eta kalea zeharkatuko du eliz atarian dagoen biribilgunera iritsi arte. Biribilgunean, Xabier Munibe kalera sartuko da euskararen aldeko karabana koloretsua eta Aizkibel liburutegiaren paretik, Julio Urkixo etorbideko zuzengunera sartuko da. Etxe-Zuri baserriaren alboan dagoen biribilgunera iritsiko da jarraian, eta Azpeitirako bidea hartuko du. Azkoitiak Munategin emango dio lekukoa Azpeitiari.

Korrika Kulturala

Motorrak berotzeko, Korrika Kulturala jarri dute martxan. Martxoaren 17an, mendi irteera egin zuten Hiru herri, helmuga bat lelopean. Martxoaren 24an, Anaitasunako mutilen Ohorezko Mailako futbol partidaren atsedenaldian, Korrika Txikia egin zen Txerloian. Eta martxoaren 29an, berriz, koreografia lehiaketako finala eta sari banaketa egin ziren; bost bideo finalistak proiektatu ziren, eta, ikusleek talde irabazlea aukeratu zuten: Mua Mua Dans.

 

Iraurgi Abesbatza: «Oso berezia da testigua hartu eta Iraurgi Abesbatzaren izenean euskararen alde korrika egitea»

 

Iraurgi Abesbatza Azkoitiko Korrikako kilometroa urte gehienetan erosi duten taldeetako bat da. Aurten ere ez dute zalantzarik izan 21. Korrikako kilometroa erosteko, «euskararen alde egiteko ekimen bat delako eta Iraurgi Abesbatza beti horren alde egon izan delako eta dagoelako». Kilometroa guztien artean erosten dute, beti bezala, Iraurgi Abesbatzaren izenean.

Oraindik ez dakite ziur Iraurgiko zenbat kide irtengo diren. Izan ere, 09:00etan izanda, asko lanean egongo dira eta ezingo dira irten, baina «ahal duten gehienak» han izango direla diote.

Lehenengo aldiz 2007an atera ziren Korrikan, eta handik aurrera ekitaldi bakoitzean erosi izan dute kilometroa. «Hasiera haietan, gainera, guztion partaidetza behar zen euskararen alde egiteko», diote.

Korrika iristear dela lekukoa hartzerakoan izaten den sentimendua da taldearen oroitzapenik onena: «Tokatzen den kilometroan, denok batera zain egotea testigua noiz iritsiko, hori sentimendu aparta da. Horrez gain, oso berezia da testigua hartu eta Iraurgi Abesbatzaren izenean korrika egitea, euskararen alde».

Testigua emateko ardura ez dute finkatua: guztien artean zabaltzen dute gonbidapena, eta bakoitzaren prestasunaren arabera erabakitzen dute.

Aurrerantzean ere kilometroa erosteko asmoa azaldu dute.

 

Muxuxo kuadrilla: «Euskalgintzari gure ekarpena egiteko modua da guretzat Korrika»

 

20. Korrikan erosi zuen lehen aldiz Muxuxo kuadrillak Korrikako kilometroa, duela bi urte. Ez zekiten lagun taldeek kilometroa erosteko aukera zutenik, baina kuadrillako bi lagun Korrikako arduradunak izan ziren 20. Korrikan, eta haiek animatuta erosi zuten lehenengoz. Haientzat, Korrikak «izugarrizko mobilizazioa eragiten du euskal gizartean».

Aurten ere, kuadrillak «ekarpena» egin nahi izan du, «euskal gizartearentzat» eta batez ere «AEKrentzat» oso mugimendu garrantzitsua dela iruditzen zaielako. «Euskalgintzari gure ekarpena egiteko modua da Korrika guretzat», diote. 24 lagun dira Muxuxo kuadrillan, eta aurten denen artean erosi dute kilometroa. «20. Korrikan kuadrillatxo handia atera ginen, baina aurten 09:00etan iritsiko da herrira, eta askok lan egin behar dugu», azaldu dute kuadrillako kideek. Halere, ziurtzat eman dute 24 lagunetik bat baino gehiago joango direla.

2017ko Korrika «oso bizipen ederra» izan zela azaldu dute. «Zirrara asko izan genituen gau hartan: kuadrillako lagunak antolakuntzako kotxetik guri oihuka, lekukoa hartu eta haren atzetik gure lagun taldea festa giroan korrika…», gogoratzen dute Muxuxoko lagunek.

Talde handi guztietan gertatzen den moduan, Muxuxo kuadrillan ere «gehienek nahi izan zuten lekukoa eraman», eta zotz egin behar izan zuten. Aurten, berriz, «irteteko moduan direnek» eramango dute lekukoa. Halere, argi dute zotz egiten badute 20. Korrikan lekukoa eraman zutenak zozketatik kanpo geldituko direla: Muxuxoko lagun guztiek eraman nahi dute lekukoa.

Aurrerantzean ere kilometroa erosten jarraituko du kuadrillak, «zalantzarik gabe». «Gure hizkuntzaren alde ekarpena egiteko modua da, eta, gainera, horrenbeste lagun izanda, ekonomikoki ez dugu inolako ‘sakrifiziorik’ egin behar kilometroa ordaintzeko», esan dute lagunek.

 

Plazaola eta Korta: «Hainbeste maite ditugun herriak eta hizkuntzak hori eta gehiago merezi dute»

 

Beñat Plazaola Badiolak (Azkoitia, 1987) eta Iraitz Korta Etxanizek (Azkoitia, 1988) biek erosi dute 21. Korrikako kilometroa, eta elkarrekin helduko diote lekukoari apirilaren 12an Azkoitian. Plazaolak kilometroa erosten duen bigarren aldia du, eta Kortak lehen aldia. «Biok erosi arren, kuadrillan ahal dugun guztiok irtengo gara», dio bikoteak.

«Korrikak sinbolikoki euskaldunentzat sekulako indarra» duela uste dute Plazaolak eta Kortak. «Ez dakigu nori bururatu zitzaion ideia, baina bete-betean asmatu zuen», gehitu dute. «Sentipen on asko» batzen ditu Korrikak Plazaola eta Kortarentzat. Sentipen horiek bizi nahi dituzte aurten ere, eta horregatik hartu dute kilometroa euren izenean. «Hainbeste maite ditugun herriak eta hizkuntzak hori eta gehiago merezi dute», adierazi dute.
Oroitzapen «zoragarriak» dituzte gordeak bi gazteek. Umetako ikastolako garaiak oroitu dituzte: «Furgonetako musika, urduritasuna, ezinegona… Oraindik ere hunkitu egiten gara Mikel Laboaren eta Gozategiren abestiak entzutean». Ikastolako garaiak atzean utzitakoan, lagunekin irteten hasi ziren. «Albora begiratu eta lagun guztien aurpegian ikusten den pozarekin gelditzen gara».

Aurrerantzean ere Korrikako kilometroa erosiko du bikoteak, eta ziurtasunez diote lagun gehiago animatuko zaizkiela. Argi dute Korrikaren diru iturririk gabe AEKrentzat «oso zaila» litzatekeela euskarazko ikastaroak ematea. Euskararen doakotasuna ere aldarrikatu dute gazteek: «Euskara ikasteko prozesuak doakoa izan beharko luke; ez da normala zure herriko hizkuntza ofiziala ikasteko ordaindu beharra». Apirilaren 12an gogotsu eta indar handiz altxatuko dute Plazaolak eta Kortak Euskal Herri osoari zabalduko zaion mezua gordetzen duen lekukoa.

Apirileko Maxixatzen aldizkarirako egindako erreportajea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide