Euskal presoen aldeko azken ostiraleko elkarretaratzea egin dute

Maxixatzen.eus 2019ko mar. 30a, 14:30

Plazan egin zuten elkarretaratzea. (Argazkia: Xanti A.)

Atzo, martxoko azken ostirala, euskal presoen aldeko azken ostiraleko elkarretaratzea egin zuten dozenaka lagunek, herriko plazan.

Martxoko azken ostirala izan zen atzokoa, eta hileko azken ostiralen egin den moduan, euskal preso eta iheslarien aldeko elkarretaratzea egin zuten, herriko plazan. Dozenaka lagunek parte hartu zuten elkarretaratzean. Amaieran, gainera, honako idatzi hau irakurri zuten antolatzaileek:

«Euskal gizarteak, sindikatu guztiek eta eragile politiko eta sozial ezberdinek, Erkidegoko eta Nafarroako instituzioek, Estatu espainolak oraindik ezartzen duen salbuespenezko espetxe politikarekin amaitzeko eskaera egiten jarraitzen dute. Hala ere, azken hilabeteetan eman diren aldaketek  ia ez dute eraginik egoera orokorrean:  Espainiako Estatuan dispertsio politikak bere osotasunean jarraitzen du eta Estatu Frantsesak gauzak egiteke ditu oraindik.

Bereziki kezkagarria da gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten 21 presoen egoera, oraindik ere espetxean aurkitzen baitira eta kaleratzearen ateak itxita dituzte haien gaixotasunaren behaketa eta tratamendua baldintza egokietan berma dadin.

Preso hauen  berehalako askatasunaren aldeko  eskaera gizartearen gehiengoaren partetik dator. Berriz ere agerian geratu zen berriki egin den Ni Zu Bi ekimenean: milaka pertsonek Ibaizabal gaineko zubiak batu zituzten Bilbon, larriki gaixorik dauden presoak etxera itzultzeko exijituz. Aldiz, Estatu espainolak 3 preso gaixo besterik ez ditu mugitu Euskal Herritik gertuagoko espetxeetara: Kepa Arronategi, Gorka Fraile eta Jagoba Codó; orain Zuera, El Dueso eta Logroñon aurkitzen dira.

Laster Txus Martini ebakuntza egingo diote, giltzapean pairatzen duen gaixotasunaren larritasunarekin lotutakoa berau. Gure elkartasuna eta gertutasuna helarazi nahi diogu Txus Martini, bere senideei eta gertukoei.

Medikuntza-irizpideen arabera, gaixotasun larria eta sendaezina daukaten 21 preso politikoak kalean egon beharko dira. Espetxea osasunerako faktore ezegonkorra da, gainera, espetxean ez da bideragarria ospitaleko baliabideetara berehalako sarbidea izatea larrialdi egoeretan eta gaixotasuna kontrolatzeko tratamendu egokiak ezartzea ezinezkoa da. Halaber, azpimarratzekoa da adinaren ondoriozko hondatze kognitiboen agerpena edo garapena eta espetxeko bizitzaren  arteko bateraezintasuna.

Euskal preso politikoen kopuruak behera egiten duen neurrian, preso gaixoen kopurua  gorakada esponentzial kezkagarria ematen ari dela salatu nahi dugu gaurkoan. Ehun preso inguruk mota ezberdinetako gaitzak jasaten dituzte eta haien artean 21 presok gaixotasun larria daukate. Egoera honek berehalako konponbidea eskatzen du, premiazko baita.

Salbuespenezko espetxe politikarekin behingoz amaitzeko irtenbide bakarra lanean jarraitzea da eta euskal gizartearen inplikazioa bilatzea. Espainiako kongresurako hauteskundeei begira,  Erkidegoko eta Nafarroako indar politikoei dispertsioarekin amaitzeko ardura, larriki gaixo aurkitzen diren presoen askatasuna eta graduen progresioa  beraien agenda politikoan agertzea eskatzen diegu.

Etxean eta bizirik behar ditugu!»

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide