Euskal pilota egokituko kanporaketak jokatuko dituzte zapatuan Gurean

Maxixatzen.eus 2019ko mar. 21a, 09:20

Parte hartzaileak, hainbat ordezkarirekin. (Argazkia: EPE)

Datorren zapatuan, martxoak 23, jokatuko dira Azkoitian Euskal Pilota Egokituko II. Master Cup Txapelketako lehen kanporaketak. 11:00etan eta 16:30ean jokatuko dituzte txapelketako lehen kanporaketak, Gurea pilotalekuan.

«Iazko esperientzia bikainak utzitako aho zapore bikainaren ostean», Euskal Pilota Egokitutako II. Master Cup Txapelketak «beste urrats handi bat» emango du aurtengoan adimen urritasuna eta urritasun fisikoa duten pertsonek egiten duten «lan ikaragarria ikustarazteko». Txapelketa haztea espero dute parte hartze zenbakian, parte hartzaileen mailan, egoitzetan —aurten Etxebarrin Bizkaiko lehen topaketa ospatuko da martxoaren 31an— eta, batez ere, zabalkundean.

ETB1ek lehen aldiz zuzenean eskainiko ditu apirilaren 7an Beasainen jokatuko diren finalak. «Ospatzeko moduko lorpena» dela aitortu zuen Blanca Aranguren, Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioko lehendakariordeak. Bide batez, pilotazaleei kantxetara gerturatzeko gonbidapena luzatu zien, «ikuskizunak benetan merezi duelako».

Iurgi Olasagsati, Master Cuparen zuzendari teknikoak onartu zuen, «pilotarien maila izaten ari den garapenak asko zaildu dizkiola bikote orekatuak osatzeko lanak». Datu teknikoei dagokionean, hamahiru izango dira adimen urritasuna duten parte hartzaileak eta datorren zapatuan Azkoitian jokatuko den kanporaketari begira bi multzo osatu dira. 11:00etan eta 16:30ean jokatuko dituzte txapelketako lehen kanporaketak, Gurea pilotalekuan. Parte hartzaileen artean lau emakume egotea ere «oso positiboki» baloratu zuen.

Gurpildun aulkien mailan hamazazpi dira izena eman dutenak, Gipuzkoatik, Nafarroatik, Bizkaiatik, Ipar Euskal Herritik eta Frantziatik etorritakoak. Gurpildun aulkietan ez da emakumezkorik izango, baina «deigarria da beste kirol batzuetan aritzen diren kirolariak egotea», Juanjo Mancebo Bidaideak saskibaloiko taldeko kidea edo Juanjo Rodriguez tenislari errioxarra. Ezgaitasun fisikorik ez duen parte hartzailerik ere badira tartean, «eta horrek benetako izaera integratzailea ematen dio lehiaketari», azaldu dute amaitzeko. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide