XX. mendeko Euskal Herriaren egoera, segurarren eskutik

Maxixatzen.eus 2019ko mar. 7a, 12:09

Vazquez zinegotzia, Imaz eta Goia taldekideekin. (Argazkia: Maxixatzen)

Lourdes Imaz 'Iragana lahar eta larrosa' antzezlaneko idazlea eta zuzendaria Azkoitian izan da, Ximon Goia taldekideak lagunduta. Zapatuan, Baztartxo Antzokian taularatuko dute Segurako Herri Antzerki Taldeko kideek sortutako lana, 19:30ean. Hamasei lagunek hartzen dute parte antzerkian, horietatik hiru umeak. 2017an hasi zuten XX. mendeko Euskal Herriko historia ardatz duen antzezlanarekin, eta harrezkero 17 emanaldi egin dituzte. Segurako taldearen helburua da «historiaren transmisioa» egitea, «Euskal Herriaren historian gertatutakoa kontatzea».

Hiru eszenatan banatu du antzezlana Segurako Herri Antzerki Taldeak. Miguel Primo de Riveraren diktaduratik Gerra Zibilera bitartean Euskal Herrian izan zen egoera irudikatuko dute, 1900. urtetik 1936. urtera arte. «Sasoi hori oso garrantzitsua izan zen gure herriaren historian. Orduan hasi zen industrializazioa lehen urratsak ematen, eta gainera, literaturaren loraldi garaia izan zen.

«Euskal prentsak ere indar handia izan zuen gure herrian, eta gure antzerkian Argia irakurtzen ikusiko ditugu baserritarrak», aurreratu du zuzendariak. Garai hartan baserrietan «asko» irakurtzen zela gaineratu du Imazek. Irratia, Euskaltzaindia eta Eusko Ikaskuntza ere bere hitzetan izan ditu. «Miguel Primo de Riveraren diktadura jasan behar izan zuen euskal gizarteak, horrek ekarritako debeku eta errepresioekin», adierazi du zuzendariak. Euskal Herriko nekazaritza giroko bi familiak sasoi hartan bizitakoa antzeztuko dute segurarrek lehen agerraldian. «Goierrin eta Urolan antzeko egoeran bizi ziren baserritarrak; bi bailarak landa guneak ziren. Ogibideak, ohiturak, auzolana, eskola, eliza... hori guztia antzeztuko dugu lehen eszenan», jakinarazi dute antzerki taldekoek.

Segurako Herri Antzerki Taldeko kideak, 'Iragana lahar eta larrosa' antzerkian. (Argazkia: ordizia.eus)

Bigarren agerraldian, bestalde, Errepublika garaian murgilduko dira. Miguel Primo de Riverak dimititu ondoren, orduko Espainiako erregea zen Alfonso XIII.ak hauteskundeak deitu zituen. Errepublika zaleek eta sozialistek irabazi zituzten. «Denok ikasi dugu 1931ko apirilaren 14an Espainian Errepublika ezarri zela, baina inor gutxik genekien garai hartan Euskal Herriko hainbat udalerritan Euskal Errepublika aldarrikatu zela», jakinarazi du zuzendariak. Jose Antonio Agirre —orduan Getxoko alkatea, gero Lehendakaria— izan zen lehena Euskal Errepublika aldarrikatzen. Ondoren, Euskal Herriko herri askok egin zuen aldarrikapen bera. «Espainiako eredu monarkikoa alde batera utzi eta Euskal Errepublika aldarrikatzera joan ziren alkate eta zinegotzi asko, agintea bertan gelditzea nahi zutelako», adierazi du Imazek. Euskal Errepublika lortu ez zela-eta, 1931ko Lizarrako Estatutua izango dute hizpide gero.

Hirugarren eta azken eszenan, azkenik, euskal gizarteak «pozez» hasi zuen Errepublika garaiaren «zapuztea» antzeztuko dute. «Altxamendu militarrak eta ondorengo Gerra Zibilak dena hankaz gora utzi zuen. Sufrimenduak eta errepresioak dena maldan gora utzi zuen», gaineratu du zuzendariak. Sasoi hori irudikatuko dute azken agerraldian Segurako Herri Antzerki Taldeko kideek.

Musikak eta irudiek hornituta

Karlos Jimenez musikariak 'Iragana lahar eta larrosa' antzezlanerako propio sortutako musika du antzezlanak. «Jimenez Imanol Urbieta eta Xabier Lete musikariekin lan asko egindakoa da», adierazi du Ximon Goia taldekideak. Halaber, Euskal Filmotekak hainbat pasarte eskaini dizkio Segurako taldeari, «eszena guztiak girotzeko». «Zati bakoitzaren sarrera egiteko, bideo muntaketak egin ditugu, ikus-entzuleak antzezlanean hobeto sar daitezen», adierazi du Goiak. Attrezzoa ere aipatu du taldekideak. Obra guztia bi zatitan irudikatuko dute. «Etxe barruan —sukalde zahar batean— ikusiko da familiak bere lanak nola egiten zituen, elkarrizketak eta errezoak. Gero, kanpoko lana dago: laia lanak eta arratsalde pasak. Eszenak batetik bestera joaten dira. Alde horretatik lan dezente egin dugu», adierazi du Goiak. «Musika eta agertokia ere ondo konbinatzen dira eta une hunkigarriak ere badira», azaldu du. Halaber, azaldu du Joseba Sacristanek lagundu diela ahotsa jartzen eta grabaketa lanetan.

Sarrerak, egunean bertan

‘Iragana lahar eta larrosa’ antzezlana ikusteko sarrera bost euro ordaindu beharko da. Zapatuan bertan 18:30ean irekiko dute Baztartxo Antzokiko leihatila.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide