'Inaziotar Bidea Euskadin' dokumentala emango dute arratsaldean

Maxixatzen.eus 2019ko mar. 7a, 09:23

Gaur, osteguna, 'Inaziotar Bidea Euskadin' dokumentala eskainiko dute 18:00etan, Intsausti Jauregian. Dokumentalak bi zati ditu, bakoitza 50 minutukoa, eta bi horiek ikusi ahalko dira gaur. Doako emanaldiak izango dira, baina aurrez izena eman beharko da, edukiera kontuengatik. Antonio Cristobalek zuzendutako lana da, eta joan zen azaroan estreinatu zuten. 

Inazioatar Bidea Azkoititik igarotzen da bere lehen kilometroetan, eta dokumentalean «Azkoitiak badu bere protagonismoa eta eragina». Aretoak plaza kopuru mugatua duenez, gehienez 50 bat lagunekoa, emanaldira joateko aurrez erreserba egitea eskatzen da. Bi modutara har daiteke aurrez tokia: 943 85 71 70 telefonora deituta edo kultu@azkoitia.eus helbidera mezua bidalita erreferentzia gisa 'Documental Camino Ignaciano' jarrita. Emanaldia doakoa da, eta erreserbaren ordenaren arabera gordeko dira plazak. Erreserba egiteko aukera zabalik egongo da lekua betetzen den arte edota gaur 13:00etara arte. Erreserba bidez, plazak ez balira beteko, egunean bertan publikoa iristen den ordenan sartuko litzateke. Dokumentala Luanma Films produkzio etxeak ekoiztu du Basquetourrek eskatuta eta Iraurgi Berritzenen lankidetzarekin. Grabaketak bi atal ditu, bakoitza 50 minutu ingurukoa eta biak aurkeztuko dira 15 minutuko atsedenaldia eginez lehenengoaren eta bigarrenaren artean.

Dokumentalaren helburua da Inaziotar Bidea erakustea eta balioan jartzea Euskaditik igarotzen den tartean. Oscar Terol aktore ezaguna da protagonista erromesaren paperean. Lanak, batetik, bidearen alderdi espirituala eta izatearen arrazoia erakusten ditu, eta bestetik, paisaiak, herriak eta bidean zehar aurki daitekeen ondare historikoa, artistikoa eta espirituala, Loiolako Santutegian hasi eta Arabar Errioxako Lapuebla de Labarka herrira bitartean.

Protagonista, erromesa, bidean zehar giltzarri diren hainbat pertsonaiarekin elkartzen da elkarrizketak mantenduz, «plano ikusgarri eta Inaziotar Bidearen paisaien edertasuna» azaltzearekin batera. Dokumentala telebistan botako dute, baina aurrez Inaziotar Bideak zeharkatzen dituen herrietan ari dira proiektatzen «bertakoei primizia gisa» aurkezteko. Lehenengo bertsioa gaztelaniaz egin dute, baina asmoa beste hizkuntza batzuetara itzultzea da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide