Martxoak 8

Mertxe Larrañaga: «Lan banaketa sexuala indarrean dago, etxean eta merkatuan»

Maxixatzen.eus 2019ko mar. 6a, 10:30

Mertxe Larrañaga. (Argazkia: iparhegoa.eus)

Datuei erreparatuta, EHUko Ekonomia doktore Mertxe Larrañagak (Azkoitia, 1962) ez du uste azken urteetako krisiaren ondorioz emakumeak lan merkatutik atera direnik, baina argi ikusten du sektore feminizatuak prekarizatu egin direla. Mugimendu feministak ostiralerako deitu duen grebaren helburua ez da izango produkzioa geldiaraztea, baina horrek ez du albo batera utzi emakumeek lan merkatuan jasaten duten bazterketen inguruko salaketa. Larrañagak azaldu du lan banaketa sexuala egungo gizartera egokitu dela, eta ohartarazi du konponbideak oso konplexuak direla.

Feminismoak aspaldi azaleratu zuen sexuaren araberako lan banaketa. Nola jarraitzen du indarrean egun?

Moldatu egin da. Duela hamarkada batzuk lan banaketa mota bat zen nagusi: gizonek irabazten zuten ogia, eta emakumeak etxekoandre aritzen ziren. Banaketa klasiko hori ia desagertuta dago datuetan, baina oraindik presente dago iruditeria kolektiboan, gizarteak eta ordutegiek horrela funtzionatzen dutelako. Baina, bestela ere, lan banaketak indarrean jarraitzen du egun, merkatuan eta etxean. Merkatuan, bereizketa horizontala zein bertikala dago: lanbide batzuetan ez dago emakumeen eta gizonen arteko orekarik, guztiz feminizatuta edo maskulinizatuta daude; eta sektore feminizatuetan ere ez da arraroa arduraduna gizonezkoa izatea. Azkenaldian oso agerian geratu da hori, soldata arrakalaren oinarrian dagoelako.

Zertan nabaritzen da banaketa klasiko horren aztarna?

Ondorioetako bat da emakumeen parte hartzea lan merkatuan gizonena baino baxuagoa dela, batez ere adin batetik gorako andreak eredu zahar horretan bizi izan direlako. Baina gazteen artean ere antzematen da, estatistiketan, adibidez: 30 eta 34 urteko biztanleria ez-aktiboa aztertuta, askoz gehiago dira andreak; estatuan, esaterako, gizonen boskoitza. Justu adin tarte horrek bat egin dezake guraso izateko garaiarekin, baina horrek adierazten du oraindik eredu hori ondo ikusita dagoela emakumeen artean, eta gazteen artean ere bai.

Krisiak andreak lan merkatutik atera al ditu?

Beldur hori bazen, baina nik esango nuke ez dela gertatu orokorrean; kasu jakin batzuetan gertatuko zen, baina zenbakiek ez dute adierazten aldaketa nabarmenik. Igual, kontrakoa bai, kontrakoa agertzen da datuetan: etxekoandre ari ziren batzuk merkatuan sartu dira, batez ere 50 urtetik gorakoak, eta egoera prekarioan.

Zer gertatzen ari da sektore feminizatuekin? Gehiago prekarizatu dira?

Sektore feminizatu asko dago. Hemen, emakumeak batez ere zerbitzuetan daude, eta arlo hori oso zabala da. Badu adar bat zaintzarekin lotuta, eta nik hor hezkuntza eta osasuna ere sartzen ditut, hau da, sektore publikoan ari direnak; eta badaude eremu pribatuko hainbat lanbide, hala nola ostalariak, etxeko langileak... Krisiaren hasieran kolpe handiagoa jaso zuten eremu maskulinizatuek (eraikuntza, autogintza...) eta horrek eragin zuen langabezia arrakala txikitzea, baina gero murrizketek eragin handia izan dute sektore feminizatuetan: prekaritatea nabarmen hazi da, lan baldintzak okertu dira, mugak izan dira kontratazioetan... Argi dago ez dela gauza bera medikua ala etxeko langilea izan, baina orokorrean prekarizazio bat gertatu da.

BERRIA egunkariak argitaratutako elkarrizketa. Jarraitu irakurtzen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide