Egoitza Kalera taldeak sinadura bilketa hasiko du, egoitza herrigunera gerturatzeko eskatzeko

Maxixatzen.eus 2019ko ots. 13a, 13:15

Sinadura bilketa hasiko du Azkoitiko Egoitza Kalera taldeak, San Jose zaharren egoitza herrigunera gerturatzeko eskatzeko.

Kontzejupean eta eliz atarian jarriko dute sinadurak lortzeko mahaia, zapatuetan eta astelehenetan. Hurrengo zapatuan, otsailak 23, jarriko dute mahaia lehenengo aldiz. 16 urtetik gorako pertsona guztiak animatu dituzte sinatzera.

Hona hemen taldekoek Maxixatzeni bidalitako gutuna:

 

"Herritarren izenean, dagokien estamentuei (Udala, Foru Aldundia…) Azkoitiko San Jose Egoitza kalera hurbiltzeko eskaera egiten diegu.

Gaur egun duen KOKAPENA ez zaigu iruditzen oso egokia denik, ez bertan bizi direnentzat, ez haiek bisitatzera etortzen direnentzat, hainbat arrazoirengatik:

Gutxi gorabehera herritar guztiok dakigu non dagoen, eta leku zoragarrian dagoela esaten dutenak ere izango dira. Hara gora igotzen zarenean lehenengo inpresioa ona da: zelaitxo berde politak eta leku lasaia. Bai noski! Hori da kanpoko lehenengo argazkia; baina barruko giroa, zer? Nolako bizitza dute bertan daudenek? Hori da gu kezkatzen gaituena.

Noizean behin joan, bisitatxoren bat egin eta zer leku ederrean dauden esatea oso erraza da norberak bertan bizi behar ez duen bitartean. Beste kontu bat da eguna joan eta eguna etorri lau hormaren barruan bizitzera kondenatuta egotea.

Kondenatuta bai, bertakoek mugak eta oztopoak aurkitzen dituztelako egoitzatik irten eta herriarekin eta herrikideekin harreman egokiak izateko, herrian integratuta bizitzeko.

OZTOPO horietako batzuk aipatuko ditugu:

-Integrazioa.

Herri erditik kanpo gelditzen da, eta bertakoek herriko bizitzarekin ez dute loturarik, 'ghetto' batean egongo balira bezala.

Egia da bertan bizi diren batzuk herri erdi-erdian egonda ere ez liratekela gai izango kanpora irteteko bere osasun arazoengatik, baina besteak, zer? Bakarrik irteteko gai direnak? Gurpildun aulkian egon arren burua oso ondo dutenak? Beste edozer ezintasun izan arren,  laguntzarekin kalean ibiltzeko etab. egiteko gai direnak? Barruan gelditu behar al dute bizi osorako? Batzuk urteak daramatzate egoitzan sartu zirenetik herria ikusi ere egin gabe eta bertako berriak jakiteko gogo biziz. Tristea da gero!

-Irisgarritasuna.

* Urruti egoteaz gain, tontor batean dagoenez aldapa ederra dago bertara iristeko.

Joan-etorriak oinez egiteko zailtasunak sortzen ditu eta zer esanik ez gurpildun-aulkian daudenentzat. Horiek bertako atariko zelaietan ere ezin dira bakarrik mugitu dena aldapan dagoelako eta gurpildun-aulkia ezin izaten dutelako kontrolatu. Haruntz eta honuntz beren kabuz mugitzeko leku bakarra etxearen kontra dagoen korredorea da. Laguntzarik ez badute ezin dira metro batzuk ere bertatik urrundu.

* Urbanue zerbitzua badagoela esango du norbaitek. (Jai egunetan ez dago).

Adineko pertsonek zailtasunak dituzte Urbanuen igo eta jaisteko, beldurra sartzen zaielarik. Gurpildun-aulkiak bat edo, asko jota, bi bakarrik sartzen dira. Eguraldi ona edo txarra egin ordutegiaren menpe egon behar izaten dute, bai bertan bizi direnak eta bai bisitatzera doazenak. Horrek guztiak jendea atzera botatzen du.

-Inbertsioa

Gastu handia sortuko du egoitza berri bat egiteak?

Bai horixe!  Baina kontuan izan zerbitzu publiko guztiek herriko jendearen bizi kalitatea hobetzeko izan behar dutela eta ez enpresa batzuk negozioa egiteko.

Orain dugun egoitza zaharkituta dago, berrikuntzaren premia galanta du: hormak, itukinak, 2 gelen artean (4 pertsona) konpartitutako komunak, pasilloko tarteetan gela orokorrak, gorputz ariketak egiteko leku eta tresna falta, etab.

 

PROPOSAMENAK:

  • Santa Klarako komentua, herri erdi-erdian ez egon arren, lauan dago eta primerako lekua izango litzateke, inguru zoragarriarekin. Bertan, nahi duenak, barruan mugitzeko eta kalera irten nahi duenak ere edozein unetan irteteko. Bisitarako sartu-irtenak ere asko erraztuko lituzke batik bat adineko jendeak bere ezagunak ikusi eta harremanak mantentzeko. Gurpildun-aulkiarekin ere kalean zehar ibiltzeko aukera ematen du.
  • Horrez gain, herrian badira beste zenbait eraikuntza ia ezertarako erabiltzen ez direnak eta pribatuak izan arren, agian traturen bat egiteko aukera emango luketenak.
  • Lur zati ederrak ere badaude. Adibidez, Intxaustiko jauregiaren eta Lidl zaharraren artekoa.

Zergatik ez?

 

KONTZIENTZIA SOZIALA izatea da eskatzen duguna. BIZI KALITATEA!

Adineko pertsonak herrian integratu eta ez isolatu!

Zeinek ziurtatzen dizu azken urteak ez dituzula egoitzan pasatuko?".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide