Aurten 40 urte beteko ditu Anaitasuna Kakute Xake Taldeak

Maxixatzen.eus 2019ko mar. 3a, 12:00

Gazte finala, Gurean.

Azkoitiko Anaitasuna Kakute Xake Taldea gure herrian xakea praktikatu, jokatu, erakutsi, antolatu eta zabaltzea helburu duen kirol talde bat da. 

Aurten 40 urte beteko ditugu, eta ibilbide luze honetan hainbat lortu dugu: gure kirola neska-mutiko askori erakutsi diegu, eta lehiaketa ugari jokatu ditugu, betiere kirol federatuan parte hartuz. Gure jarduerak zenbait arlo hartzen ditu bere baitan:

Alde batetik, Taldearen barruan txapelketak antolatzen ditugu, bazkideek, zaleek eta eskola-ikasleek joka dezaten, lagunartea sustatuz, eta jolasaren kiroltasunari eutsiz. Txapelketak antolatzeko, Federazioko lehiaketa ofizialen etenaldiak baliatzen dira; batzuetan, herriko festak ere bai. Hara hemen herriko txapelketak: Anaitasuna Kopa, Udaberriko txapelketa, Azkoitia Hiribildua, Match-a, Haurren Azkoitia Hiribildua, Motzen Soziala, Luzeen Soziala, San Andres txapelketa, Katturen oroimenezkoa eta Gabonetako Jaialdia. Nabarmenena Azkoitia Hiribildua txapelketa da, 4 jokalariko 18 talderekin. Urtero bete egiten da Kontzejupe pilotalekua, eta omenaldia egiten diogu bertan Joxe Azkue taldeko kide apartari. San Andres txapelketa ere aipatzekoa da, era esponentzialean hazten jarraitzen baitu.

Gipuzkoako Xake Federazioak (GXF) antolatutako txapelketa ofizialetan parte hartuko dugu, bi talderekin, Lehen mailakoa bata eta Hirugarren mailakoa bestea; 40. urteurrena bi maila igoerarekin ospatzea da gure asmoa. Horrez gain, gainerako lehiaketa ofizialetan ere jokatzen dugu.

Bost urte daramatzagu Gaztedi Finala antolatzen; Kutxa Fundazioak GXFari eskatuta, Federazioak gure antolakuntza lanean konfiantza agertu zuen. Harrez gero 110 neska-mutiko parte hartzailek hango giro ederraz gozatzen dute.

Beste alde batetik, Anai Xake Eskola ikastaroak antolatzen ditugu, hainbat eratakoak. Hasiberrien ikastaroan, Taldeko bazkideak izaten dira irakasle. Eskola-ikasleei doan eskaintzen zaie ikastaro bat, xakean jokatzen ikas dezaten.  Joku-maila jakin batetik gorako jokalarientzat dira I., II. eta III. mailako ikastaroak, Taldeko bazkideek irakatsita. Ikastaro Aurreratuan, berriz, irakaslea Nazioarteko titulua duen xakelari bat izaten da. Azkenik, Prestakuntza Teknikoko Ikastaroan, xakearekin lotutako antolakuntza alderdiak ikasten dira.

Herritik kanpo, 2018an 3700 kilometro baino gehiago egin ditugu Euskadin zehar txapelketa askotan parte hartuz. Bereziki nabarmentzekoa da gure jokalariek txapelketa garrantzitsuetan parte hartu izana, hala nola Rigako Opena (Letonia), Alzheimerren aurkako Torneoa (Madril), Benasqueko Opena (Huesca), Vioñokoa (Kantabria), eta abar.

Era berean, merezi du aipatzeak txapelketa batzuekin elkartasunezko lankide garela "0 ilaratik", esate baterako, Arnasarekin (fibrosi kistikoaren aurka) edo Beraungo Xake pobreziari txapelketarekin.

Gure bazkideen antolaketa lan gogorrari eta lehiarako grinari esker, urtea joan, urtea etorri, Zuzendaritzak helburutzat jarritako emaitzak lortu egiten dira. Beste alde batetik, era askotako xake jokalari, eskola-ikasle, senitarteko eta zale ugari Azkoitira erakartzea lortzen da, eta, egia esan, pozik ibiltzen dira gure artean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide