Saria etxera eramatearen ilusioa

Maxixatzen.eus 2019ko abe. 24a, 08:38

Begoña Elorzak (Azkoitia, 1935), Karlos Arrizabalaga ‘Xapatero’-k (Azkoitia, 1937), Igon Etxaniz ‘Axen’-ek (Azkoitia, 1954) eta Isaak Alberdik (Azkoitia, 1967) Gabonetan herriko tabernetan egiten den karten jokoaren nondik norakoak azaldu dituzte. Ez dago hasiera-data konkreturik, baina urteen poderioz aldaketak izan dituela argi dute guztiek. Noiztik datorren ez dakite, baina bai nola sortu zen. Bezeroek etxera zerbait eramateko izan ohi zuten ilusiotik dator Gabonetako karten jokoa.

Azkoitian aspalditik errotuta dago Gabonetako karten jokoa. Ez da mahai gainean jokatzen, ez eta lagunen edo etxekoen aurka ere. Tabernetan egiten dute urtero, Gabon gauean eta Urte zahar gauean. Bezeroak kartak erosten dizkio tabernariari, eta hark 52 karten artean bat ateratzen du; saria emango duen karta. Taberna bakoitzak bere saria izaten du; batzuetan arkume laurdena eskaintzen den bezala, beste batzuetan bisigua edo urdaiazpikoa zozkatzen da, baina hasierako urteetan jatekorik ez zela zozkatzen garbi dute taberna mundua barru-barrutik ezagutu duten Begoña Elorzak eta Karlos Arrizabalaga Xapatero-k. Neska eta mutil koskorrak zirenean ere egiten zela oroitzen dute biek, baina orduan egiten zen moduak gaur egiten denaren zerikusirik ez zuela azaldu dute. Gabonei «xarma edo esentzia berezia» ematen diela uste dute Elorzak eta Arrizabalagak.

Ezagutzen ez den urte bateko Gabon gauean hasi zen Azkoitiko karten jokoa. Bezero kuadrilla bat taberna batean sartu, eta tabernariari zuen ardo botila bat zozkatzeko eskatu zion, karten truke. Ez omen zuten diruz ezer ordaintzen hasieran; tabernariaren borondate hutsez egiten zuten. Jokoa egiteko bi karta-sorta izan ohi zituzten; bat, tabernako barraren barruan zotz egiteko, eta bestea, barraz bestalde. «Tabernako pertsona bat ibiltzen zen kartak bezeroei saltzen, eta jokoak ez zuen izaten gaur egun duen abiadurarik», azaldu du Atraskua tabernako Begoña Elorzak. Zozketa egin eta saritutakoari produktuak emandakoan, barraz bestalde ibili ohi zen tabernako langile hark berriz karta guztiak banan-banan jasotzen zituen hurrengo zozketa egin ahal izateko.

Atraskua tabernan, esaterako, lehen barra berezi bat jartzen zutela dio Isaak Alberdik. «Ohol bat jarri eta gero zakuarekin estaltzen genuen. Mahai haren bueltan elkartzen zen guztia», dio Alberdik. Hasieran tabernariaren borondate hutsa zena ordaintzen hasi ziren gero bezeroak. Karlos Arrizabalagak azaldu du bezeroek esan zietela tabernariei karta bakoitzeko kobratzen hasteko. «Pezeta bat edo» kobratzen zutela oroitzen du Xapatero-k.

Anekdotak ere badituzte bi tabernetan. Olaberri tabernako Igon Etxaniz Axen tabernariak azaldu du, bezero batek karta guztiak erosi zizkiola behin barra gainean zuen tarta etxera eraman nahi zuelako. Begoña Etxanizek, berriz, tranpa egindako bezeroak ere ikusi ditu. «Zestoatik karten jokoan egitera etorri zen batek eta azkoitiar batek zozketa eginda egokitu zen karta berbera erakutsi zuten. Zestoarrarena aurreko zozketa bateko karta zen, eta azkoitiarrarena egokitzen zen zozketakoa», dio Elorzak. Zestoarrak «egoskorkerian» jarraitu zuenez, azkenean biei eman behar izan zieten saria. Sariarekin irten arte tabernatik ateratzen ez direnak ere ezagutzen dituzte. «Barra barrutik pena hartzen da horiekin. Gero, gainera, tokatu ezinda dabilenaren albora beste pertsona bat etorri eta segituan egokitzen zaie horiei saria. Amorrua ere hartzen da batzuetan», azaldu dute guztiek barrez.

Jokatzeko ohitura «mantendu» egin dela ikusi dute laurek, eta inguruko herrietara «zabalduta» dagoela ere adierazi dute. Zumarragatik, Elgoibartik zein Azpeititik horretara etortzen direnak daude. Hasieran jokoari martxa hartzea kostatu egiten zaion arren, 20:00ak aldean jendeak kartak eskutik kentzen dituela diote bi tabernetako lagunek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide