2019ko udal aurrekontuen xehetasunak

Maxixatzen.eus 2019ko urt. 15a, 12:08

Aurrekontuak onartu ziren unea.

Azkoitiko Udalak joan den abenduaren 27an, osteguna, egindako Udal Osoko Bilkuran onartu zituen 2019. urterako aurrekontuak, EAJren aldeko botoekin. EH Bilduk eta Azkoitia Bai Herri Plataformak aurka bozkatu zuten eta PSE-EE abstenitu egin zen. Orotara, 15.400.000 euroko aurrekontua izango du aurten Azkoitiko Udalak.

Hainbat bozketa egin zuten udalbatzarrean; izan ere, aurrekontu propioaz gain, Elkargunearen, Azkoitia Lantzenen eta San Jose egoitzaren aurrekontuak izan zituzten eztabaidagai EAJk, EH Bilduk, Azkoitia Bai Herri Plataformak eta PSE-EEk. Azkoitiko Udalak 15.400.000 euroko aurrekontua izango du 2019an, iaz baino handiagoa –iaz 14.100.000 eurokoa izan zuen–. Horrek %9,22€- ko igoera suposatzen du iazko aurrekontuarekin alderatuta. Udal Finantziaziorako Foru Fondotik aurreikusitakoa baino 442.800 euro gehiago jaso ditu Udalak, eta Gipuzkoako Urak erakundearekin hamar urterako zuen hitzarmena beste hamar urterako berritu duelako 738.000 euro jaso ditu erakundetik. Urola Erdiko Mankomunitatetik, berriz, 200.000 euro jaso ditu erakundean gelditu diren gerakin moduan.

 

Inbertsioak

2.088.860 euro inbertsioetarako erabiliko ditu Udalak aurtengo ikasturte politikoan. Aurrekontuaren %13,56 inbertsioetarako erabiliko du 2019an. Besteak beste, Floreaga auzoko irisgarritasuna hobetzeko aukeren lehen eta bigarren faseen, Elkarguneko igerilekua handitzeko erredakzio proiektuak eta Plaza Berriren berrikuntza proiektuaren idazketa daude. Horiez gain, ordea, Basarte eta Ugarte industrialdeak berritzeko 487.960,55 euro erabiliko ditu Udalak, eta 40.000 euro espaloiak berritzeko. Skate, parkour eta kalistenia parkerako 125.000 euro bideratuko ditu, eta Txerloiako tenis pistak estaltzeko eta aldagelak eta komunak egiteko 150.000 euro. Baserri bideak konpontzeko 210.000 euro, eta herri argiteria LED bonbilletara aldatzeko 200.000 euro bideratuko dituzte. Berrikuntzen artean, berriz, udaltzaingoak 2019an izango duen auto hibridoa dago.

 

Aurrekontua batzordeka

Ogasuna eta pertsonala: 5.908.542,19 euroko aurrekontua. 270.000 euro inguru gehiago izango ditu ogasunaren eta pertsonalaren atalak. Iaztik %4,79 hazi da.

Hirigintza: 1.294.960,55 euroko aurrekontua. 778.460 eurotan haziko da hirigintzako aurrekontua 2019an. %150,72ko igoera izan du hirigintza batzordeak 2018tik.

Kirolak eta festak: 1.048.596,55 euroko aurrekontua. 10.822 eurotan haziko da kirolen eta festen batzordeko aurrekontua. %1,04 hazi da iaztik.

Kultura eta gazteria: 1.097.100 euroko aurrekontua. 79.000 euroko igoera izango du kultura eta gazteria atalak. %7,76ko igoera izango du iaztik.

Hezkuntza eta euskara: 560.255 euroko aurrekontua. 1.000 euro gehiago bideratuko dira hezkuntza eta euskara atalera. %0,18ko igoera izango du.

Gizarte ongizatea: 1.201.800 euroko aurrekontua. 1.300 euroko igoera izango du gizarte ongizatean. Iaztik %0,11ko igoera suposatzen du.

Alkatetza: 42.000 euroko aurrekontua. 3.000 euro gutxiago izango ditu alkatetza sailak datorren urtean. %6,67ko jaitsiera emango da iaztik.

Lanak eta zerbitzuak: 2.063.000 euroko aurrekontua. 47.000 euro gutxiago bideratuko dira lan eta zerbitzuen sailerako. %2,23ko jaitsiera izango du 2019an.

Udaltzaingoa: 77.000 euroko aurrekontua. 38.000 euro gehiago bideratuko dira Udaltzaingora. %98,97ko igoera izango du segurtasunaren atalak 2019an.

Ingurumena: 1.756.250,15 euroko aurrekontua. 184.000 euro inguruko igoera izango du ingurumenaren atalak. %11,72 euroko igoera izango da iaztik.

Sustapen ekonomikoa: 350.495,67 euroko aurrekontua. 13.300 euro gutxiago bideratuko dira sustapen ekonomikora. %3,66ko jaitsiera izango du urte berrian atalak.

 

Zeresana eman dute

2018an zeresana eman duten hainbat proiektu izan dira Azkoitian. Besteak beste, aipa daitezke Floreagako irisgarritasun arazoa, Elkarguneko igerilekuaren arazoa, haurrentzako eraikiko den estalitako parkeak eman dituen gorabeherak eta Udalaren eta tabernarien arteko harremanaren nondik norakoak. Gai horien harira, Udalak gaur egun proiektu eta egoera horiek nola dituen bildu du Maxixatzenek. Udalaren iritziaz gain, ordea, herritarren edota proiektu horietan buru-belarri murgilduta dauden auzotarren eta taldeen iritziak ere bildu ditu. Instalakuntza Duinak Orain taldea, Floreagako auzotarren batzordeko Iñaki Lopez, parke estalia Gaztaneneako parkean egitearen aurka dagoen Mari Karmen Elorza auzokidea eta Um Blem Ble Tabernarien elkartearen iritzia bildu ditu Maxixatzenek.

1) Floreagako irisgarritasun arazoa

Auzoko irisgarritasun arazoa hobetzeko helburuarekin, batzorde bat osatu zuten Floreaga auzoan, 2017ko irailean. 720 sinadura lortu eta aurkeztu zituzten udaletxean. Bizilagunen %83ak eman zuen bere sinadura irisgarritasun arazoari irtenbidea ematea eskatzeko. Sinadurak jaso zituzten agirian bi eskari aurkeztu zituzten udalean: batetik, 2018. urtean irtenbide teknikoen, kostuen, finantzazioaren eta diru laguntzen inguruko azterketa bat egitea, eta, bestetik, batzordeko kideek udalak gaiaren inguruan hartzen dituen erabakien berri izatea eskatu zuten, batzordekideak prozesuan parte hartzearekin batera. Udalak «konponbidea» eman nahian, alternatibak definitu ditu. «Aurrekontuetan diru partida jarri da, horien artean Floreagako azterlanaren lehen eta bigarren faseen erredakzio proiektuarena», azaldu dute Udaletik. «Beti esan dugu soluzioak ematen behetik gora joan behar dela Floreagan, eta ez alderantziz. Konbentzituta gaude bost faseak garatuko direla», adierazi dute.

Iñaki Lopez Irasuegi (Azkoitia, 1953) Floreaga auzoko bizilagunak azaldu du, Floreagari buruzko aipamenik ez dagoela aurrekontuetan. «Ez dago konpromiso zehatzik irtenbidea bilatzeko. Floreaga ez da aipatu ere egiten, eta ur baldekada hotza izan da hori guretzat», azaldu du Lopezek. «Udal gobernuak egindako aurrekontuekin arduratuta gelditu gara», gehitu du. «Alkateak aukeren azterketa agindu zuen, eta egin zen. Geu izan ginen lehenak hori txalotzen, urrats garrantzitsua izan zelako eta proiektua oso ona zelako arazoari irtenbidea emateko; halere, proiektuekin bakarrik ez goaz inora», azaldu du Lopezek.

 

2) Elkarguneko igerileku berria

Igerilekuan gaur egun dauden arazoak ikusita, «nazkatuta», Instalakuntza Duinak Orain! (IDO) plataforma sortu zuten. Sestra enpresak Elkarguneko igerilekuko azterketa egin zuen Udalak eskatuta, eta 2018ko martxoan aurkeztu zituzten aukerak. Aukeratutakoa egungo belar artifizialeko futbol zelaian kokatuko litzateke, zortzi kale izango lituzke, 1,40 metroko sakonera uniformearekin. Igogailua ere eraikiko litzateke aldageletatik. Hautatutako aukeraren aurrekontua 1.538.073 eurokoa da. Udalak proiektuaren erredakzioa egiteko diru partida jarri du 2019ko aurrekontuetan. «Igerilekua ezin da faseka handitu», azaldu dute udaletxetik, eta 2019an proiektua idatzita, «exekutatzeko prest» utziko dutela jakinarazi dute.

Igerilekuko arazoa «areagotzen» ari dela diote IDO taldetik. 2020an Aldundiak kirol instalazioetan berrikuntzak egiteko diru laguntzak aterako ditu, eta horrela bada, «proiektua gauzatzeko diru partida» ezarri beharko dela adierazi dute taldekideek. Gero, obra lizitatzeko prozesua jarri beharko da martxan, eta obra gauzatzeko gutxienez 18 hilabete beharko dira. «Pauso horien erantzulea Udala da, baina prozesuaren parte izango gara», adierazi du IDO taldeak. Orain, berriz, igerilekuaren inguruko parte hartze prozesuan murgilduta da taldea. Azterketa bat burutzen ari dira etorkizuneko igerilekuak nolakoa izan beharko lukeen ikusteko. Taldearen asmoa da erabiltzaileekin eta erabiltzaile posibleekin «igerilekuko hutsuneak identifikazea».

 

3) Haurrentzako parke estalia

Haurrentzako estalitako parkeak ere eman du zeresanik 2018an. Hainbat alternatiba aztertu eta baztertu ostean, Udalak parke estalia Gaztaneneako parkean eraikitzea erabaki zuen eta horrela jakinarazi zuen 2018ko otsailean. Gamundi Etxearen ondoan eta egungo taxi geltokiaren parean ziren egitekoak, baina udan parke estaliak leku berri bat izango duela jakin zen herrian. Parkean bertan dira egitekoak orain ere, baina metro batzuk liburutegi aldera eta Elkarguneko tunelaren aurrean. Orain, gainera, eskoletako 742 ikaslek parte hartze prozesua eraman dute aurrera. Umeek hiru proposamenen artean gustukoena aukeratu behar izan dute, eta laster hasiko dira eraikitze lanak. Argazkian ikusten den parkeak lortu ditu boto gehien: 584 boto.

 Mari Karmen Elorzak (Azkoitia, 1955) «harriduraz» hartu du gaia hasieratik, eta ez du gustuko parkea non egingo duten, ez eta egiteko erabili den modua ere. «Umeek erabakiko dute zer nolako parkea nahi duten, baina parte hartze hori itxurakeria hutsa da, herriaren aurrean parte hartzea sustatu dutela esateko bakarrik», hasi da Elorza. «Umeei bezala gurasoei ere interesatzen zaie parkea, eta gurasoei ez zaie galdetu», adierazi du galdeketa egiteko nahia azalduz. «Hirigintza aldetik eta estetikoki aldrebeskeria hutsa da», azaldu du Elorzak. Hasieran, taxi geltokiaren parean ziren egitekoak parkea eta horrek bizilagunei «eragin» egin ziela adierazi du; parkearen estalpeak lehen solairuaren garaiera gaindituko zukeen. «Etxe horretako bizilagunekin hitz egiteko aukera izan nuen, eta Udalarekin ere bildu ziren. Eztabaidarako gogorik ez zutela esan zidaten, eta abokatuekin hasi ziren», azaldu du bizilagunak. «Susmoa dut, abokatuen parte hartzeak eragina izan zuela. Segituan hasi ziren gaur parkea egitekoa diren tokian neurriak hartzen», kontatu du Elorzak. «Eskatuko nukeen gauza bakarra da fundamentuko parkea egitea. Hor egitera doazena oso kaskarra da», aipatu du, azkenik, Mari Karmen Elorzak.

 

4) Udala-tabernariak harremana

Um Blem Ble Tabernarien Elkartearen eta Udalaren arteko harremanak ere eman du hitza. Udalaren arabera, bi aldeen arteko hartu emanak «adeitsuak» dira. «Jakinekoa da ez dutela gustuko ordutegiak eta arauak jartzea, baina Udalaren egitekoa da legea betearaztea», azaldu du Udalak. Kontzertuak antolatzerako orduan «adostasunak lortzen» saiatzen direla uste dute. «Kontzertu batzuk Elkargunean antolatzeko baimena eskatu zuten eta baiezkoa eman genien», jarraitu dute Udaletik. Udalak herritarrak «babestu» behar dituela eta tabernarien interesen eta herritarren artean «oreka» bilatu beharra dagoela azpimarratu dute.

Um Blem Ble Taberna Elkarteak, bestalde, 2018an Udalak elkartearekiko izan duen «begirune eza» salatu dute. «Gure ogibideari oztopoak jartzen dizkio Udalak», diote elkartetik. «Herri guztietan herria bizirik mantentzeko egiten dira ekimenak, baina Azkoitiko Udalak oztopoak besterik ez dizkigu jarri», diote. «Herri-kolore alaia, jendetsua, errespetukoa eta elkarlanean egindakoa izatea nahi dugu 2019. urtea», azaldu dute tabernariek elkartetik.

 

Udalean ordezkaritza duten alderdien hitza

Egindako aurrekontu proposamena zentzuzkoa da. Saiatu gara lehentasunak koherentziaz eta premien arabera finkatzen. Kontuan hartu behar da diru kopurua mugatua izaten dela beti, eta partida batetik kendu egin behar dela beste batean jarri nahi bada. Floreaga auzoko irisgarritasun arazoei konponbidea ematen hasteari eta kirol instalazioak hobetzeari ematen diogu lehentasuna. Igerileku berria eta parkour edota kalistenia praktikatzeko parkea eraikitzeko jarri ditugu diru-partidak. Baita teniseko pista estaltzeko ere. Horrekin batera, baserri bideak konpontzeko edota LED argiak ipintzeko.

Sailei eta zerbitzuei dagokionez, kontinuistak dira aurrekontuak. Beste taldeek aurkezturiko ekarpenen aurrean ere, onartzeko edo ez onartzeko arrazoiak argi eta garbi azaldu dizkiegu. Esaterako, alderdi sozialistak proposatu zuen partida bat jartzea liburutegian hizkuntza ezberdinetarako liburuak eskaintzeko, eta ideia ona denez, horrela egingo dugu. EH Bilduri dagokionez, elkarbizitza planerako eta berdintasunerako partidak aldatu ditugu bere ekarpenei erantzunez. Azkoitia Bai plataformaren eskaeretako bat izan da 650.000 euroko mailegu bat jartzea hainbat gauzetarako, 2019ko gerakina kontutan hartuz. Ez zaigu iruditzen zuhurtziaz jokatzea denik, maiatzean hauteskundeak datozelako eta ez delako zuzena datorrenari karga hori uztea.

 

EAJk aurrekontua onartu du oposizioko alderdien iritzia onartu gabe. Oposizioaren proposamenei 11.000 euro bakarrik onartu dizkio. Ikuspegi sozialik gabeko aurrekontuak dira. Hirigintzarako aurrekontua %150 hazten den aldi berean, gizarte ongizatekoa %0,11 lotsagarri bat bakarrik igotzen da. Aurrekontua ia 2.000.000 euro gehiagokoa izango denean, benetan kezkagarria da, eta argi eta garbi erakusten ditu Javier Zubizarretaren Gobernuaren lehentasunak. Igoera negargarria izango da hezkuntzan eta euskaran ere, %0,18koa. Eskualdeko langabezia altuenetarikoa izan arren, sustapen ekonomikora bideratutako gastua %3,66 jaistea erabaki dute. Udal Gobernuaren benetako helburuak dira hormigoia eta proiektuak hauteskunde kanpainara begira.

Gure proposamenak ez zituzten kontutan hartu. Herriko pentsiodunei laguntzeko diru laguntza bat jartzea mahai gainean jarri genuen, baina beste alderdiek ez zuten babestu testua eta argi gelditu zen aurrekontuetan ez zela horrentzako tarterik irekiko. Ikuspegi soziala ematen ahalegindu gara aurrekontuei. Berdintasunean gutxienez %1eko igoera eskatu genuen, elkarbizitza planari murrizketarik ez egitea eta ikastetxeetan prebentzioa lantzeko partidan ere ez genuen egoki ikusten murriztea. Eginda beharko lukeen Floreagako igogailua egiteko diru partida ere eskatu genuen. Eskualdeko komunikabideen proiektu komunikatiborako, berriz, partida sortzea eskatu genuen.

 

Udal Gobernuak eman dizkigun datuen arabera, 2.496.311 euroko diru sarrera bereziak izango ditugu 2019an. Beraz, 2019rako dirua egon badago. Udal Gobernuak aurkeztu dizkigun aurrekontuak, berriz, 1.300.000 euroko gehikuntza du, beraz ez dakigu non gastatu nahi dituen falta diren ia beste 1.200.000 euroak. Behar bada urtean zehar beraiek bakarrik hartuko dute erabakia. EAJren aurrekontuei 650.000 euroko gehikuntza egin diegu, eta herrian eskaririk eta behar gehien dutenei luzatzea pentsatu dugu.

Kantitaterik handiena irisgarritasunera, Floreagako igogailuaren 1. fasearen obra burutzeko 444.305,95 euro. Errenta baxuko erretiratuentzat, gutxieneko 1.080 euroko diru sarrera izan dezaten beste partida garrantzitsu bat, 85.000 euro. Udaleko prentsa zerbitzua propaganda hutserako erabiltzen denez partida kentzen dugu. Beraz, Maxixatzeni 15.000 euroko gehikuntza, Udalarekin batera zenbait ekintza antolatu ditzan. Berdintasunean herriko talde feministarekin elkarlanean gastatzeko, 10.000 euro. Ingurumen arloko kanpaina indartu eta Urola ibaira plastikoak iritsi ez daitezen, 20.000 euro. Ekintzaile eta kultura munduko sortzaileentzat bi partida berri, 60.000 euro eta 12.000 euro. Herriko festa, kultur eta kirol taldeei %5eko gehikuntza, 28.365 euro. Etorkizuneko obra handientzat —auzoetako irisgarritasuna, igerilekua, Plaza Berri berritzea…— parte hartzea eta galdeketa burutzeko diru partida 44.329,05 euro.

 

Azkoitiko PSE-EE taldea aurrekontuetarako zuzenketak erregistratu dituen oposizioko lehen alderdia izan da. Udal Gobernuak aurrekontu sail bat era partzialean, behintzat, onartzea lortu du; liburutegian hizkuntza autoirakaskuntza atal espezifiko bat sortzea. Aurrekontu-sail hori 3.000 eurokoa izango da. Asmoa da kalitatezko baliabideekin eta gaiekin, udal liburutegian leku eta atal espezifiko bat sortzea hizkuntza desberdinak ikasi ahal izateko edota bere ezagutza era autonomoan indartzeko.

EAJk, ordea, atzera bota du 35.000 euroko hilerriaren sarbidea berritzeko eta irisgarritasuna hobetzeko gure proposamena. Hilerrirako irisgarritasuna egoera txarrean dago, eta adineko jende askok zailtasun itzelak ditu bertara iristeko. EAJk ez du ezer egin nahi izan.

Bi zuzenketa gehiago ere erregistratu ditugu. 12.000 euroko gehikuntza gazteen alokairuko diru laguntzetan, eta 10.000 euroko gehikuntza San Jose Egoitzan. EAJk aurrekontua 6.000 eurotan gutxitu nahi du.

EAJk azken bi zuzenketak atzera bota ditu, eta horregatik aurrekontuetan alde ez bozkatzea erabaki dugu abstentzio botoa emanez. Udal-aurrekontuak azkoitiarren bizitza hobetzeko tresnarik zuzenenak dira, eta zentzu horretan aktiboki lan egiten ari gara. 2019ko proposamenetan lanean ari gara, eta azkoitiar guztiak gonbidatzen ditugu Herriko Etxean haien ardurak adieraztera.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide