Azkoitiko komentuak, hutsik

Maxixatzen.eus 2019ko urt. 18a, 11:50

Santa Klara komentua.

Herrian zeresana piztu du Santa Kutz eta Santa Klara komentuen itxierak, eta Felix Azurmendi Azkoitiko parrokoarekin eta Joseba Gonzalez ‘Paje’ apaiz azkoitiarrarekin izan da Maxixatzen, lekaimetxeen itxieraz informatzeko eta etorkizunerako zein asmo dauden argitzeko.

Mojarik gabe, hutsik daude Santa Kutz eta Santa Klara lekaimetxeak. Alde batetik, Santa Klarako mojen etxean klaratarren lekaime taldea klausuran bizi izan zen 1607tik. Ordea, azken bi mojak Oñatiko Santa Anako komunitatera joan ziren, 2017ko abenduan. Beste aldetik, Basarteko Santa Kutz lekaimetxean brigidak zeuden klausuran bizitzen, 1691z geroztik. Eta 2018ko urrian, komentua hustu eta hango mojak beste monasterio batzuetara lekualdatu zituzten.

Herrian zeresana piztu du komentuen itxierak, eta Felix Azurmendi Ayerbe (Urretxu, 1950) Azkoitiko parrokoarekin izan da Maxixatzen, lekaimetxeen itxieraz informatzeko. Azurmendik azaldu du bi monasterioen itxierak “oso ezberdinak” izan direla. Santa Klarako mojak, Vatikanoaren baimenarekin, euren borondatez joan ziren Oñatiko monasteriora. Santa Kutzekoak, aldiz, ez. Vatikanoaren dekretuz itxi zuten komentua, eta hango mojak kongregazio bereko beste monasterio batzuetara bidali zituzten.

 

Monasterioen ardura

Komentu guztiak federazio baten barruan daude elkarri laguntzeko. Monasterioak egoera larrian daudenean —moja zaharrak, gutxi edo gaixo daude—, federazioak laguntzen die. Bestela, elkarte monastikoak demokratikoak dira: haiek aukeratzen dute buru izango den abadesa. Monasterioen ardura osoa, beraz, bertako abadesena izaten da. Monasterio bakoitza autonomoa da. Eta abadesaren gainetik Vatikanoa dago. Gotzainak, esaterako, ez du zerikusirik monasterioen erabakietan zuzenean, baina bai zeharka. Monasterio bat egoera larrira iristen denean, hau dio elizaren azken legeak: monasterioa desegin behar denean aipatutako federazioari ematen zaio protagonismoa. Egoera horretan komisio bat egin behar da, egoera ikusteko eta gauzak erabakitzeko. Hauek osatuko dute komisio hori: Gipuzkoako gotzainak, monasterioko abadesak, federazioko presidenteak eta federazioko laguntzaileak. Lau horiek egoera ikusi behar dute, eta zer komeni den erabakiko dute. Baina, ondoren, azken erabakiak Vatikanoak hartzen ditu. Hain zuzen ere, hori da Santa Kutzen gertatu zena: komisio hori egin zuten, komentuko egoera aztertzeko.

Vatikanoak bisitari apostolikoa eta pontifize-komisarioa bidali zituen, gauzak aztertzeko. Etorri zen bisitaria, eta komentua ixtea erabaki zuen. Aste berean, Vatikanoaren aginduz, hustu zuten mojen etxea. Itxitakoan, Mexikotik etorritako hiru lekaime sorterrira bidali zituzten. Afrikatik etorritakoak, bi izan ezik beste guztiak, kalera bidali zituzten; moja izateko prozesuan zeudenak ziren haiek. Beste bat, bertako komunitatekoa zena, kenyarra, orain Palentzian (Espainia) dago. Eta beste bat, prozesuan zegoena hura ere, Lasartera eraman zuten, beste birekin batera.

 

"Abadesari hitz egiten ez uztea ez da onargarria; giza eskubideak urratzea da hori"

 

Hori gertatu aurretik, 2018ko otsailean, abadesa aldatu zuten, legez egin beharreko urteak beteta. Vatikanoak abadesa berria ezarri zuen, eta ordura arteko abadesa zena Valladolidera (Espainia) eraman zuten. Bere borondatez ez zen joan, obedientziaz baizik. Izan ere, bisita egin zuen komisioari iruditu zitzaion abadesa hori denbora baterako Santa Kutzen egotea ez zela komeni. Maxixatzenek jakin duenez, gerora, Santa Kutzeko abadesa berriak eskatu zuen Valladolidetik Azkoitira ekartzea lehengo abadesa, baina ordenak hori ez zuen onartu. Elizako legearen arabera, abadesa baten gainetik Aita Santua bakarrik dago, ordea, eta eskaera hori ez onartuta, ordena elizaren aurka ez ote den joan galdetzen dio bere buruari Joseba Gonzalez ‘Paje-k’. Elizan norbaiti zigorra jartzeko prozesu bat ireki behar da, eta horretarako arrazoi serioak egon behar dute. Prozesu bat burutu gabe zigor bat ematea, elizaren legearen aurka doa. Eta zigorra izan dena elizaren agindu bezala azaltzea ere elizaren legeen aurka doa.

 

Informaziorik ez

Felix Azurmendi parrokoari inork ez zion jakinarazi Santa Kutzeko prozesuaren berri. “Nik kalean jakin nuen Santa Kutzen gertatzen ari zena”, dio Azurmendik. “Parrokoa eta Santa Kutz inguruko bizilagunak informatu egin behar zituztela uste dut. Monasterio baten bizitzak eta gertakizunek oihartzuna badute herrian eta parrokian. Eta parrokiaren arduradunak, behintzat, jakin beharko luke monasterioan gertatzen ari dena. Informatzen ez denean zurrumurruak eta tentsioak hasten dira, eta halaxe izan da. Herriko jendeak niri galdetzen zidan, eta nik ez nekien ezer. Kalean entzuten nuen, esaterako, mojen laguntzaileek eta inguruko bizilagunek Valladolidera bidali zuten lehengo abadesari deitu ziotela, eta ez zietela harekin hitz egiten uzten. Hori entzunda, konturatzen nintzen egoera oso arraroa zela. Abadesari hitz egiten ez uztea ez da onargarria; giza eskubideak urratzea da hori. Azkenean, nik ere Valladolidera deitu nuen, handik Mexikora bidaliko zutela jakin nuenean. Besterik gabe, agurtzea nahi nuen. Eta ez zidaten utzi berarekin hitz egiten. Horregatik guztiagatik, gauzak ez direla ondo egin iruditzen zait Santa Kutzen itxieran, eta mojak ez dituztela ondo tratatu, izan dituzten bisita horietan. Gizatasunik ez da izan erabaki hori hartzerakoan. Horrelako prozesu bat egiten denean bidelagun izan behar da. Eta ez botere. Eta horrek denbora bat eskatzen du. Pazientzia. Agian gauzak oso atzetik etorriko ziren, baina bukaera azkarra izan da. Mojen inguruko jendea eta mojak sufritzen ikusi ditut. Gauza desatseginak gertatu dira. Eta horrek pena ematen dit. Hor zauri batzuk gelditu dira. Parroko bezala, sentsazio txarrarekin gelditu naiz”, azaldu du.

 

"Santa Kutzen itxieran mojak ez dituzte ondo tratatu. Gizatasunik ez da izan erabaki hori hartzerakoan"

 

Inguruko jendea “asko inplikatu” da Santa Kutzen, eta haiei ere “gaizki” iruditu zaizkie hartutako zenbait erabaki. “Haserre daude”, dio Azurmendik. Maxixatzen jarri da bizilagunekin harremanetan, baina ez dute nahi oraindik ezer esan nahi, mojen defentsan gestio batzuk egiten ari direlako. Bitartean, nahiago dute isilik egon eta gestioak ez hondatu.

Santa Kutz guztiz itxita dago orain, eta ez da mezarik ematen. Brigidek oraindik ez dute erabaki gerora veste moja batzuei etxea utzi edo ez. Bitartean, han inguruko familia bat arduratzen da orain komentua zaintzeaz.

 

Joseba Gonzalez: 'Pertsonak ondo tratatuak izan al diren eta eliza barruan pertsonen eskubideak errespetatu al diren, horrek kezkatzen nau'

“Gauza oso arraroak” pasatu dira Santa Krutzeko itxieran, esan du Joseba Gonzalez Zugasti ‘Paje’-k (Azkoitia, 1969). Pasai San Pedroko erretorea da gaur egun ‘Paje’; Gipuzkoako bikario nagusia izandakoa ere bada, besteak beste.

Santa Kutzeko egoeraz galdetuta, prozesuak hainbat galdera sortu dizkiola azaldu du: “Pertsonen eskubide juridikoak zaindu al dira? Ixteko arrazoiak ez dakizkit, ixtea erabaki dutenen azalean ez nengoen-eta ni. Baina hori ixteko erabili diren denborei eta jarrera pertsonalei buruz nire inpresioa badut. Baina nahiago dut nire iritzia publikoki ez zabaldu. Oraindik itxi ez den prozesu baten barruan dagoelako”, argitu du.

‘Paje’-ren ustez, bi gauza bereizi behar dira. “Alde batetik: Komentu bat itxi behar da ala ez? Eta bestetik: Nola itxi behar da? Zenbat denbora pasatu behar du ixtea erabakitzen dutenetik ixtera? Urte askoan komentu hori euren etxea izan duten pertsonekin, nolako jarrera izan behar da?”, galdetu du.

 

"Monasterioen ardura osoa bertako abadesena izaten da; Autonomoak dira, abadesaren gainetik Vatikanoa dago"

 

Pertsonenganako jarrera azpimarratu nahi izan du, batez ere. “Zer esan nahi du elizan agintzeak eta zer obeditzeak? Ebanjelioan Jesusek bere ikasleei honela esan zien: ikasleek zein den euren artean inportanteena erabaki nahi zuten. Eta, orduan, Jesusek esan zien ikasleei: badakizue munduko agintariek bere herriak zapaldu egiten dituztela, zuen artean ez bedi horrela izan. Zuen artean lehena izan nahi duena izan dadila guztien zerbitzari. Eta orduan, nire galdera hau da: nola aplikatzen da hori komentu bat ixtea erabakitzen denean?”, esan du ‘Paje’-k.

‘Paje’-k txikitatik ezagutzen du Santa Kutz eta baita hango mojak ere. Apaiz bezala, mojekin zuen harremanetik sortzen zaizkio galdera horiek. Bere ustez, “jarrera ez oso ulergarriarekin” tratatu dira mojak. Berari deitu zioten mojek, eta Santa Kutzen gertatutakoaz iritzia eskatu.

Santa Kutzekoa elizaren historian izan den visita kanonikorik azkarrena izan dela dio. “Astebete baino gutxiagoan gertatu da dena; oso esanguratsua, beraz”, gaineratu du. “Pertsonak ondo tratatuak izan al diren eta pertsonen eskubideak eliza barruan errespetatu al diren, horrek kezkatzen nau”, azaldu du.

 

Santa Klarako egoera

400 urte baino gehiagoan bizirik egon den komentutik, 2017ko abenduan joan ziren azken mojak. Orduz geroztik, astegunetan egunero eta, asteburuetan, igandero izaten da meza. Hamabosten bat lagun biltzen dira meza garaian. Alarmak eta bideo kamerak jarrita ditu eraikinak. Hala ere, erabiltzeak bermatzen du segurtasun handiena.

 

"Mojen borondatea Santa Klara Azkoitiko herriari uztea da, herriak asko lagundu dielako"

 

Bertan azkenera arte gelditu ziren mojen borondatea hauxe zen: “Santa Klara herriari uztea”. Hala esan dio Maxixatzeni, 89 urterekin, Oñatiko Santa Ana komentuan bizi den Sor Piedad Iruarriazagak. Azaldu du mojen borondatea Santa Klara Azkoitiko herriari uztea dela, “herriak asko lagundu” dielako. Oñatiko komunitateak ere hori horrela izatea onartu zuen. Orain, mojek eskatutakoa onartzeko, Vatikanoaren baimena behar da. Hara bidalita dago dokumentazio guztia, eta baimenaren zain daude. Gotzainak ez du hori erabakitzeko eskubiderik. Dokumentazio horretan, Azkoitiko Udala mojen nahi hori onartzeko prest egongo litzatekeela ere aipatzen zen. Duela bi hilabete inguru bidali zuen gutuna Santa Anak Vatikanora. Lehen ere bidali zuten, baina ez zen iritsi Erromara. Nik uste dut gotzainaren mahai gainean zegoela gutuna. Izan ere, joan den maiatzean onartu zen lege berriaren arabera, gotzainak ez dauka inolako aginpiderik aurrerantzean horrelako erabakietan. Ez da hain erraza izango herriari uztea Vatikanoak. Hala ere, Euskal Herrian badira adibide batzuk onartu zitzaienak. Horrenbestez, auskalo.

 

Eta etorkizunean zer?

“Nik asko maite dut toki hura. Gauzak ondo zainduta daude. Herriari dohaintzan ematearen alde nago ni, patrimonioa dena ezin da saldu; patrimonio hori herriaren laguntzarekin egin da”, esan du Azurmendik. “Gainera, hori erosten duenak gastua besterik ez dauka, han ezin da nahi dena egin. Eraikuntza berritu daiteke, baina aldatu ez. Horrelako eraikuntza historiko batek baldintza asko ditu obrak egiteko. Ez da hain erraza edozer gauza egitea.

Beste gauza bat da horko lurrak erabiltzea. Bereiztea komeni da horko lurrak eta eraikuntza bera. Lurrak saldu daitezke; baina, zer egiteko? Etxeak egiteko erabiltzea, adibidez, niretzat hanka sartzea litzateke. Erabilera publikoa ematearen alde nago. Herriari eman, eta herriak erabaki dezala zer egin”.

Inazio Alberdi ‘Pipex’-ek ere asko lagundu zien Santa Klarako mojei, eta orain hark du egunero eraikina ikuskatzeko ardura. Berak erakutsi dizkio Maxixatzeni Santa Klarako txokoak.

 

Kontxi Larrañaga: 'Komentua isteak pena handia eman dit; gogorra izan da itxiera'

Kontxi Larrañaga Goenaga (Azkoitia, 1967) Azkoitiko Udaleko Kultur teknikari laguntzaileak erabakia goitik, Vatikanotik, etorri dela azaldu du, hainbat arazorengatik. “Komentua sostengatu ezinezko egoeran zegoela azaldu zuten ordezkariek, eta guk ezin izan dugu ezer egin, ez pertsonalki ezta  Udal bezala ere”. Hala ere, udaberriko kontzertuak antolatzen jarraitzeko asmoa dutela gaineratu du, horretarako ez dietelako “batere oztoporik azaldu”.  Pertsonalki, berriz, “oso harreman estua” egin duela esan du Larrañagak ia 30 urtez hango mojekin, eta komentua isteak “pena handia” eman diola: “gogorra izan da itxiera”.  Aurrerantzean ere,  “ahal den heinean”, mojekin harremana izaten jarraituko duela gaineratu du. “Beti saiatu izan naiz, beste lagun batzuekin batera, ahal nuen guztian laguntzen, behar ezberdinetan, bisitak eginez, beraien urtebetetzeak ospatuz, medikuarengana eramanez, etab. Eta landutako harreman estu horri eusten ahaleginduko naiz. Gu bezala, beste herritar askok lagundu izan diete beti, eta eskertzekoa da beraien lan on hori ere”, azaldu du.

 

Santa Klara eta Santa Kutz, ondare kulturalak

Juan Bautista Mendizabal Juaristi (Azkoitia, 1961) Azkoitiko kronistak Maxixatzeni azaldu dio Santa Klara eta Santa Kutz eraikinek duten balorea: “Bi altxor ditugu herrian, historikoki eta artistikoki”, esan du.

XVII. gizaldiaren aurrenekoetakoa da Santa Klarako komentua. Gipuzkoako bigarren handiena da. “Arkitektura aldetik egundoko aberastasuna du eraikinak bere osotasunean”, azpimarratu du. On Francisco de Zuazolak fundatu zuen eta bere diseinuan parte hartu zuen Juan de Valencia arkitekto ospetsuak. Bertako eliza, berriz, Lucas de Longa arkitektoak diseinatu zuen. Duen ondare arkitektonikoa ere aipatzekoa dela dio Mendizabalek, egurra eta harria asko dituelako. “Bere barruko egitura oso garrantzitsua da; dena egurrezkoa du. Sekulako balorea du hango egurrak”, azpimarratu du. Gainera, aurrez beste eliza bat egiten hasi ziren Santa Klarako mojak, eta han “grisailak” edo eskuz margotutako horma irudiak daude erretaula gisa. “Herri bezala patrimonio horren ardura daukagu eta denon artean heldu beharko diogu”, esan du.

Santa Klarako komentua herriaren eskuetan uztearen inguruan, hau dio Mendizabalek: “Buruari buelta asko eman behar zaizkio eraikin horretan zer egin behar den pentsatzeko. Imajinazioa izan behar da, altxorra mantendu eta bizia emateko. Erabilera publikora bideratuko nuke”.

Bestalde, Santa Kutzeko eliza nabarmenduko luke Mendizabalek: “Erretaula ederrak dira”. Hormak ere distiratsu jarrita ditu. Gainera, “toki historikoa” da Santa Kutzeko komentua: XV. mendetik XVII.aren azkenetaraino, Gipuzkoako Batzar Bereziak egin baitziren han.

Aldareei dagokienez, bi komentuen artean Loiolako maisu izan ziren Ignacio eta Francisco de Iberoren sei erretaula baliotsu ditu Azkoitiak, XVIII. gizaldikoak: hiru Santa Kutzen daude eta beste hiru Santa Klaran. “Iberotarrak barrokoaren maisu handienak dira”, dio Mendizabalek. Gainera, Euskal Herriko 30 erretaula onenen artean dago Santa Klarakoa.

Bi eraikinak gaur-gaurkoz itxita egoteak “pena handia” ematen diola esan du: “Horrelako ondareak askoz hobeto mantentzen dira bere bizitza originala edukita. Azkoitia ondare kultural gisa, historikoa eta artistikoa, oso herri aberatsa da, eta asko du eskaintzeko. Toki txikian gauza on asko ditu”, azaldu du Mendizabalek.

Urtarrileko Maxixatzen aldizkarian kaleratutako erreportajea.

Erlazionatuak

Santa Klara komentua, iruditan

Maxixatzen.eus 2019 urt 08 Azkoitia

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide