2019ko udal aurrekontuak aurrera atera dituzte

Maxixatzen.eus 2018ko abe. 27a, 20:33

Udal Osoaren Ez Ohiko Bilkura egin da gaur arratsaldean, 2019ko aurrekontuak bozkatzeko.

2019ko udal aurrekontuak aurrera atera dira, EAJren aldeko botoekin. EH Bilduk eta Azkoitia Bai Herri Plataformak aurka bozkatu dute eta PSE-EE abstenitu egin da.

Azkoitiko Udalak gaur onartu ditu datorren urterako aurrekontuak. 2019ko udal aurrekontuak aurrera atera dira, EAJren aldeko botoekin. EH Bilduk eta Azkoitia Bai Herri Plataformak aurka bozkatu dute; PSE-EE abstenitu egin da. Oposizioko taldeek zuzenketak aurkeztu zituzten, eta Udal Gobernuak EH Bilduk eta PSE-EEk egindako eskari bana onartu dituzte, baina Azkoitia Baik egindako eskariak atzera bota dituzte.

2019ko aurrekontua 2018koa baino handiagoa izango da. 15.400.000 euroko aurrekontua aurkeztu dute, iaz baino 1.300.000 gehiago izango ditu Udalak. Igoera eragin duten arrazoiak izan dira Udal Finantziaziorako Foru Fondotik jasotako 442.800 euro, Gipuzkoako Urak erakundetik jasotako 738.000 euro, eta Urola Erdiko Mankomunitatetik jasotako 200.000 euro. Udal Gobernuak inbertsioetarako  2.088.860 euro bideratuko dituela adierazi du, hau da, aurrekontuaren %13,56a. Inbertsio nagusien artean hainbat proiekturen erredakziorako 450.000 euro bideratuko dira —igerilekua, Floreagako irisgarritasun arazorako 1. eta 2. faseetara, Plaza Berrire berrikuntza proiektua—. Halaber, skat, parkour eta kalistenia praktikatzeko parkea ere egingo dute; 125.000 euro bideratuko ditu Udalak horretarako. Txerloiako tenis pista estaltzeko eta aldagelak eta komunak eraikitzeko 150.000 euro erabiliko ditu Udalak. Baserri bideak konpontzeko 200.000 euro aurreikusi ditu, kaleetan LED argiak jartzeko 200.000 euro, Udaltzaingoarentzat auto hibridoa erosteko 38.000 euro eta Basarteko eta Ugarteko industrialdeak berritzeko 487.960,55 euro izango ditu Udalak. Espaloiak berritzeko, berriz, 40.000 erabiliko ditu Udalak.

Oposizioaren iritzia

EH Bilduk salatu du aurrekontuak «oposizioko alderdien iritzia kontuan hartu gabe» onartu direla. «Oposizioko hiru taldeen proposamenei 11.000 euro bakarrik onartu zaizkio», azaldu dute koaliziotik. «Ikuspegi sozialik gabeko aurrekontuak» direla diote EH Bildutik. «Hirigintzarako gastua %150 hazi den heinean, gizarte ongizatekoa %0,11 lotsagarri bat bakarrik igotzen da. Hezkuntza eta euskaran ere igoera 1.000 eurokoa da, eta eskualdeko langabezia altuenetarikoa izan arren, sustapen ekonomikora bideratuko den gastua %3,66 jaistea erabaki du», azaldu dute EH Bildutik. «Aurrekontua ia 2.000.000 euro gehiagokoa izango da, eta benetan kezkarria da eta argi eta garbi erakusten ditu Javier Zubizarretaren lehentasunak; Udal Gobernuaren benetako helburua dira hormigoia eta proiektuak hauteskunde kanpainara begira», adierazi dute. «Gure proposamenak ez ditu kontuan hartu Udalak; pentsiodunei laguntzeko diru laguntza jartzea mahai gainena jarri genuen, baina beste alderdiek ez zuten testua babestu eta argi gelditu zen aurrekontuetan ez zela horrentzako tarterik irekiko», adierazi dute. «Aurrekontuei ikuspegi soziala ematen ahalegindu ginen, nahiz eta kasurik ez egin», diote EH Bildutik. Elkarbizitza planeri murrizketarik ez egitea eta berdintasunerako partidak gutxienez %1 igotzea eskatu zituen EH Bilduk, eta EAJk aurkeztutako aurrekontuetan partidak aldatu dituzte eskaera horri erantzunez. «Ikastetxeen prebentzioa lantzeko partida murriztea ere ez genuen egokia ikusi, beharrezkoa baita», diote EH Bildutik. Floreagako igogailua gauzateko diru partida eta eskualdeko komunikabideen proiektu komunikatibo berrirako partida sortzea ere eskatu zituen EH Bilduk.

Azkoitia Bai Herri Plataformak egindako eskaera izan da 650.00 euroko gehikuntza egitea, baina «zuhurtziaz jokatzea ez» dela irudituta, atzera bota du Azkoitia Baik egindako eskaria. Gehikuntza horren kantitaterik handiena Floreagako igogailuaren 1. fasearen obra burutzeko izango luke, 444.305,95 euro. Errenta baxuko erretiratuentzat gutxieneko 1.080 euroko diru sarrera izan dezaten, 85.000 euroko partida jartzea proposatu zuen. Udaleko prentsa zerbitzua kenduta, Maxixatzen Herri Komunikabideari 15.000 euroko gehikuntza izatea eskatu zuen, Udaleko prentsa zerbitzua «propagandarako» erabiltzen dela adierazita. Berdintasunean, herriko talde feministarekin elkarlanean gastatzeko 10.000 euro eta ingurumen arloko kanpaina indartu eta Urola ibaira plastikoak ez iristeko 20.000 euro bideratu zituen. Ekintzaile berrientzat eta kultura munduko sortzaileentzat 60.000 eta 12.000 euroko bi partida berri izatea ere eskatu zuen. Kultur, kirol eta festa arloko taldee %5eko igoera proposatu zuen, eta azkenik, etorkizuneko obra handietarako, parte hartzerako eta galdeketa burutzeko 44.329,05 euroko diru partida aurkeztu zuen.

Alderdi sozialistak hainbat zuzenketa partzial aurkeztu zituen. Hilerrira joateko irisgarritsuna hobetzeko erreformatzeko partida espezifikoa eskatu zuten sozialistek. «Adineko pertsonek hilerrira iristeko zailtasun asko dituzte, batez ere euria egiten duenean, eta horregatik beharrezkoa da Udalak jardutea», azaldu du Janire Igoak. Gazte alokairurako diru laguntzen saila handitzea ere eskatu zuen, guztira 75.000 eurora irits daitezen. Alderdi sozialistak proposatu eta Udal Gobernuak onartu du liburutegian hizkuntza ezberdinetako liburuak eskaintzeko diru partida jartzea. Sozialistek egindako beste eskaerak San Jose Egoitzarekin du lotura. «Udal Gobernuak 6.000 euro murriztu du, eta guk 10.000 erotan handitzea eskatu dugu, 70.000 eurotara iritsi arte», azaldu du Igoak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide