Ramon Oñederra 'Kattu' oroitu dute Kontzejupean

Maxixatzen.eus 2018ko abe. 15a, 15:17

'Txata' eta 'Kattu' omendu dituzte eguerdiko ekitaldian.

Goizean mendi irteera egin dute Madariaga auzora hainbat lagunek, eta Kattu-ren omenez zuhaitza landatu dute.

Mendi irteera egin ondoren, dozenaka lagun bildu dira 13:00etan Kontzejupean, Kattu-ren omenezko ekitaldian. Duela gutxi zendu den Gotzon Aranburu preso azpeitiarraren aita Txata ere omendu dute ekitaldian. Trikitilarien kalejirarekin hasi da ekitaldia, eta aurreskuarekin eta larrosa banaketarekin omendu dituzte omenduen bi familietako kideak.

Asier Altuna Sortuko kide azkoitiarrak, Jon Irazola Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko kideak eta Aimar Altuna Sortuko Kontseilu Nazionaleko kideak egin dituzte adierazpenak eszenatokian. Suharri Aranburuk, berriz, abesti bat eskaini du gitarrarekin Txata-ren omenez.

Jon Irazolak azaldu duenez, «zerbait lodia» etorriko zenaren «zantzuak» bazituzten iparraldean, eta Lasa eta Zabalaren bahiketaren ondoren «zoritxarreko lehen zantzua» Ramon Oñederra Kattu-ren hilketa izan zela azaldu du. «Eskuzabaltasuna, zintzotasuna, eta bere ideiak eta borrokatu zituen ideiekin» oroitu du Irazolak azkoitiarra. «Ideia horiek lortzeko bidea, nolabaiteko agindua eman zigun, eta gaur bere memoria oroitzen badugu bide hori burutzeko eta aurrera emateko konprometituta gaudelako da», adierazi du Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko kideak.

Jon Irazola ekitaldian hizketan.

Aimar Altuna Sortuko Kontseilu Nazionaleko kideak hartu du ondoren hitza. Pruden Oñederra eta Arantza Bergara Kattu-ren gurasoei «besarkada bana» bidaliz hasi du hizketaldia Altunak. 35 urte atzera egin du eta orduko uneak gogoan izan ditu. Kattu-ren ihesaldia kontatu du segidan. Soldaduska egiteari uki eginda, Kattu Ipar Euskal Herrian errufuxiatu zela esan du Altunak. Bere hitzetan, Pruden aitak bidezorroa egiten ari zela aurkitu zuen Ramon semea, eta aitari «dena Euskadigatik» esan eta besarkada bat emanda agurtu zuen etxea. «Kattu ez zen gehiago Azkoitira itzuli, ez zioten utzi», esan du Altunak. Lasa eta Zabalaren pisukidea izan zen Kattu, eta Altunak esan du ziurrenik berak ikusiko zituela azkenekoz biak bizirik.

Aimar Altuna eszenatoki gainean.

Aimar Altuna Sortuko Kontseilu Nazionaleko kideak Kattu-ren hilketatik 35 urte pasa direla esan du eta «hilketa argitzeko» eskatu du. «Gobernuan dagoen PSOEk eragindako minaren ardura ez du bere egin. PSOEri eskatzen diogu bere ardura onar dezan, eragin duen min guztia onar dezan», eskatu du Altunak. «Ezker abertzalean egin beharreko urrats guzti horiek aspaldi egin genituen», jarraitu du segidan. «Ez dugu mendeku goserik, ez eta errebantxarako gogorik ere, baina egia eta justizia izan behar ditugu; bereziki Arantxak eta Prudenek jakin beharra dute», nabarmendu du, azkenik, Sortuko kideak.

Suharri Aranbaruk zendu berri den Gotzon Aranburu presoaren aita 'Txata'-ri eskaini dio abestia.

Ekintza gehiago datorren astean

Datorren asteartean, abenduak 18, hitzaldia eskainiko dute Elkargunean. Iheslari politikoen ibilbidea eta gaur egungo egoera izango dituzte aztergai. Hurrengo egunean, abenduaren 19an, 35 urte beteko dira errefuxiatu azkoitiarra Baionan hil zutela. Lan egiten zuen Kayetenia tabernan hil zuen GALek tiroz. Askapenerako Terrorismoaren Aurkako Taldearen lehen hilketa izan zen Kattu-rena. Baionan omenaldi ekitaldia egingo dute abenduaren 19an, 19:00etan. Ekitaldiekin amaitzeko, ohiko XXXIV. Kattu Xake Memoriala egingo dute igandean, abenduak 23.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide