Zer zentzu dauka Euskaraldiak Azkoitia bezalako herri euskaldun batean?
Euskaraldia hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala da. Azkoitia oso herri euskalduna izan arren, bertako herritar euskaldunek edo euskara ulertzen dutenek ere badute erabilera non hobetua, seguru; eta ez Azkoitian bertan bakarrik, baita herri erdaldunagoetara joaten direnean ere.
Bestalde, herritarrak informatzeko, ahalduntzeko eta motibatzeko ere balioko du Euskaraldiak.
Herri euskaldun batek zer zeregin nagusi ditu Euskaraldian?
Batetik, egoerari eustea eta ahal den neurrian hobetzea, eta energia hori ingurune erdaldunagoetara hedatzea. Azkoitia bezalako herri euskaldunek aitzindari eta bide-erakusle izan behar dute, euskararen arnasgune, bai Euskaraldian eta bai Euskaralditik kanpo. Euskararen “irradiazio gune” izan behar dute, euskararen aberastasunaren eta sorkuntza ahalmenaren erreferentzia...
Azken kale neurketan, datu onak agertu dira. Alabaina, oraindik asko entzuten da erdara kalean.
Azken neurketako datuak oso pozgarriak dira: 10 azkoitiarretik 7 euskaraz entzun dira kalean, eta datuek hobekuntza nabarmena izan dute aurreko neurketatik. Ospatzeko modukoak dira.
Euskararen nagusitasunari eutsi eta datu horiek hobetzeko, Euskaraldia bezalako egitasmoak eta estrategiak beharko dira gero ere. Hizkuntzen egoera beti da aldakorra, eta ezin gaitezke “bertan goxo” geratu. Azkoitiko kaleetan, etorkizunean ere, bestelako hizkuntzak entzungo dira, baina lortu behar da euskararen nagusitasun hori oinarri sendoetan finkatzea.
Zergatik dira garrantzitsuak herrian Belarriprest eta Ahobizi figurak?
Bi figura horien bidez ikusarazi nahi izan da ezagutza aldetik egoera desberdinetan egon arren denok egin genezakeela urrats bat aurrera euskararen erabileran, euskaraz hitz egiteko edo ulertzeko gai garen neurrian. Uste dut Euskaraldiaren arrakastaren gako nagusietako bat Ahobiziak aktibatzean datzala. Errazagoa baita euskaraz ondo hitz egiten duenak eta euskararen aldeko jarrera publikoa duenak Ahobizi txapa bat jartzea, euskaraz hitz egiteko ohitura handirik ez duen edo jarrera horren beroa ez duen batek Belarriprest txapa jartzea baino. Merezi du hor lanketa berezia egitea.
Izena ematea garrantzitsua al da?
Bai, noski! Hori da Euskaraldiaren oinarrietako bat. Egitasmoa ikusarazteko, komeni da ahalik eta jende gehienak ematea izena eta txapak jartzea.
Euskaraldia ondo ateratzen bada, zer edo nola antzemango da hori herrian?
Nahiz eta Azkoitian erabilera proportzioak handiak izan, erabilera indize horiek hobetu egingo dira. Bestalde, Euskaraldia epe luzeko inbertsioa ere bada: hizkuntzaren gaineko kontzientzia lantzeko, hizkuntza ohituren aldaketak finkatzeko, eta Azkoititik kanpo ere manten daitezen lortzeko.