Euskaraldia

Ahobizi ala Belarriprest?

Maxixatzen.eus 2018ko aza. 21a, 10:33

 

AHOBIZI

 

 

Patxi Larrañaga: «Euskara altxor bat da, eta zaindu egin behar dugu»

Patxi Larrañaga (Azkoitia, 1937)

Amak emandako esnetik sartu zen euskara nire bizitzan. Eskolan, berriz, behartuta gaztelaniaz ikasi behar izan genuen. Nahiago nuke euskaraz ikasi bagenu. Herritik kanpo ibili naiz denbora askoan, baina euskara beti nirekin eraman dut; ez dut inoiz ahaztu. Azkoitian egunero euskaraz hitz egiten dut; izan ere, guretzat altxor bat da. Altxorra gure gain dago, eusteko eta gordetzeko. Euskaldunok ez badugu lanik egiten, euskara badoa. Euskara guztiona da: jakin eta erabiltzen dugunona, jakin eta erabiltzen ez dutenena eta ez dakitenena. Altxor bat da, eta zaindu egin behar dugu. Gaurko eta atzoko kanta zaharrez osatutako euskal kanten liburua kaleratu berri dut. Ni ez naiz hemen egongo, eta historiarako gordeko da liburua. Euskaraldian Azkoitiko hamaikakoan sartu nintzen, eta Ahobizi izango naiz. Neure txikitasunean gustura hartuko dut nire rola eta lana. Ondo irizten diot Euskaraldiari.

 

So Saito: «Erraza da Azkoitian euskaraz bizitzea»

So Saito (Saitama, Japonia, 1993)

Duela hiru urte eta erdi entzun nuen lehendabizi euskara, Japoniatik etorrita, eta ordutik euskara ikasten ari naiz. Gaur egun, euskaraz bizi naiz Azkoitian. Erraza da Azkoitian euskaraz bizitzea. Jende ia guztiak hitz egiten du euskaraz; oso herri euskalduna da.

Euskaraz ikasteko eta erabiltzeko modurik onena Azkoitia bezalako herri euskaldun batean bizitzea izan da. Horrez gain, etxean ere ariketa mordo bat egin dut euskara maila hobetzeko, eta egunero bikotekidearekin euskaraz hitz eginda ere asko hobeto dut.

Niretzat, euskara Azkoitian integratzeko oso erreminta garrantzitsua da: euskara jakiteak jende gehiago ezagutzeko aukera ematen dizu. Ikasteko orduan hizkuntza zaila izan daiteke, baina oso hizkuntza polita da eta merezi du. Gainera, euskal kulturaren oso zati garrantzitsua da hizkuntza.

Euskaraldian eman dut izena, eta Ahobizi txapa jantzita eramango dut 11 egunean.

 

BELARRIPREST

 

 

Kontxi Granado: «Euskara nire hizkuntza da, ama hizkuntza ez izan arren»

Kontxi Granado (Azpeitia, 1967)

Txikitan gaztelaniaz hitz egiten nuen, amaren hizkuntza zelako. Gerora hasi nintzen euskara ikasten, irakasle ikasketak egiten hasi nintzenean. Gaur, lanean, lagun batzuekin eta amonaren etxean erabiltzen dut euskara. Oro har, euskaraz hitz egiten didanari euskaraz erantzuten diot. Euskara nire hizkuntza da, ama hizkuntza ez izan arren. Posible da euskara jakin eta hitz egin gabe bizitzea Azkoitian. Niretzat hizkuntza ez da arazoa izan integratzeko, baina euskaraz jendea gehiago irekitzen da; euskarak gehiago laguntzen du integratzen. Egun dudan euskara maila hobetzeko ariketarik ez dut egiten. Lehen Euskaltegira joaten nintzen, baina orain ez. Euskaraldian Belarriprest bezala emango dut izena.

 

Isi Sanchez: «Asko gustatzen zait euskara, eta gustuko dut euskaraz hitz egitea»

Isi Sanchez (Azkoitia, 1970)

Txikitan erdaraz hitz egiten nuen, gurasoak erdaldunak nituelako. Gainera, Floreagan ikasi nuen, eta lehen dena gaztelaniaz irakasten zen. Lagunekin ere erdaraz hitz egiten nuen.

Gerora, ordea, umeak zaintzen hasi nintzen, eta, familia euskalduna zenez, euskaraz hitz egin nahi nien umeei. Horregatik, AEKn izena eman nuen, eta gaur egun euskaraz aritzen naiz lanean zein ikastolako jolasgunean egoten naizen gurasoekin. Mintzalagunen ere urtebete egon naiz, eta oso gustura ibili naiz. Astean ordubete bakarrik izaten zen, ordea, eta gutxiegi izaten zen.

Euskarari esker lagun berriak egin ditut. Denda eta taberna batera sartzen naizenean ere beti euskaraz eskatzen dut; praktikatzea gustatzen zait. Asko gustatzen zait euskara, eta gustuko dut euskaraz hitz egitea. Ez zait iruditzen euskara jakitea beharrezkoa denik Azkoitian bizitzeko, baina laguntzen du integratzen.

Euskaraldian Belarriprest izan nahi dut, eta eman dut izena. 11 egunez, txapa ipinita eramango dut.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide