Ahotsak.eus proiektuak irabazi du 2018ko Anton Abbadia saria

Maxixatzen.eus 2018ko aza. 13a, 11:30

Azkoitiko hainbat hizlariren testigantzak dituzte jasota. (Argazkiak: Ahotsa.eus)

Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo jakinarazi zuen 2018ko Anton Abbadia saria Ahotsak.eus proiektuak jasoko duela. Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea jasotzeko sortu zen Ahotsak.eus proiektua, eta tartean, Azkoitiko 53 hizlariren testigatzak jasota dituzte bideoan.

 

2018ko Anton Abbadia saria Ahotsak.eus —Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea— proiektuarentzat da. Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak honela arrazoitu zuen saria: «Euskal Herri guztiko eta euskalki guztietako ahozko testigantzak etengabe jaso eta eskumen librean jartzen dituzte sarean», adierazi zuen.

Azkoitiko Udalak eta Badihardugu euskara elkarteak hitzarmena izenpetu zuten 2008. urtean herriko hizkera eta ahozko ondarea biltzeko. Proiektuaren barruan herriko 53 lagun elkarrizketatu eta grabatuak dituzte bideoz Azkoitiko hizkera eta ahozko ondarea biltzeko. Horrez gainera, lehendik eginda zeuden beste hainbat grabazio ere jaso, digitalizatu eta landuak dituzte.

Azaroaren 30ean, sanandres egunean izango da sari banaketa eta proiektuaren hamabost urteko ibilbidea sarituko dute. Orain arte 5.700 pertsona baino gehiagoren testigantzak jaso dituzte, 350 herritan, eta tartean, Azkoitiko 53 herritarrenak ikus daitezke.

 

Aintzane Agirrebeña Azkoitiko bizilaguna, proiektuko kide

Aintzane Agirrebeña Badihardugu elkarteko kide da, eta pare bat galdera luzatu dizkiogu, saria irabazi berritan:

Nola jaso duzu saria?

Bada, oso pozik! Hainbeste urte lanean jardun eta gero halako errekonozimendu bat jasotzeak aurrera jarraitzeko indarra ematen du. 
 
Zenbat urtez ari zara Ahotsak.eus proiektuan lanean? Zein postutan?
 
2003an jarri genuen martxan Ahotsak proiektua, eta nik hasieratik parte hartu izan dut bertan. Hasieran transkripzioak egiten nituen gehienbat. Gerora denetarik egin izan dut: elkarrizketak egin, kodifikatu (landu), transkribatu, bideoak editatu, Udalekin bilerak, aurkezpenak... Elkarte txiki bat da Badihardugu eta denetarik egin behar aurrera ateratzeko!
 
Azkoitiarrek zein leku dute Ahotsak.eus-en? Zerbaitetan nabarmentzen al dira?
 
2008an sinatu genuen hitzarmena Azkoitiko Udalarekin, herriko ahotsak jasotzeko. 35 pertsona inguru elkarrizketatu genituen: https://ahotsak.eus/proiektuak/azkoitiko-ahotsak/
Grabazioak landu ostean, aurkezpena egin zen herrian 2010ean. Aurkezpen egunerako bideo hauxe prestatu genuen: https://youtu.be/vLMUvGK4hCs

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide