Adiskide Numerario izendatu dute Esteban Antxustegi

Maxixatzen.eus 2018ko aza. 3a, 12:12

Antxustegi, erdian, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kideek lagunduta.

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak Adiskide Numerario izendatu du gaur, zapatua, Esteban Antxustegi Igartua (Donostia, 1957) EHUko irakaslea eta ikertzailea. Sarrera ekitaldia 12:00etan hasi du Juan Bautista Mendizabalek Intxausti Jauregian, eta areto goraino bete da da. Ekitaldiaren ondoren bazkaria egingo dute izena emandakoek, Joseba Jatetxean.

 

Antxustegiren sarrera lekzioa izan da Identitatea, hiritartasuna eta kulturaniztasuna. Irakaskuntzan eta ikerketan aritu da Antxustegi, batik bat EHUn. Filosofian eta Zuzenbidean lizentziaduna da EHUn, eta doktorea Filosofian. Orain arte, unibertsitateko gradu eta graduondoetan hogei urtetik gora irakasle jardun ondoren, hamahiru doktorego-tesi zuzendu ditu —haietako batzuk doktoregoko aparteko saria lortu dute—, eta, irakaskuntza-jarduera horren ondorioz, hainbat egonaldi egin du atzerriko unibertsitateetan ikertzaile eta irakasle gonbidatu gisa.

Bere ikerketen ondorioz, 150 liburu eta zientzia-artikulu baino gehiago argitaratu ditu. Gainera, Europako eta Amerikako zenbait aldizkari garrantzitsuetako zuzendaritza-kontseiluetan dago. Halaber, estatuko edo nazioarteko 50 batzarretan baino gehiagotan hartu du parte, hizlari edo antolatzaile gisa.

EHUrekiko konpromisoa eta parte-hartze aktiboa izan du kudeaketa eta dibulgazio-lanetan. Ekarpen nagusietako bat da Limes pentsamendu politikoko bilduma euskaraz itzultzea martxan jarri izana. Antxustegi da bilduma horretako zuzendaria eta editorea. Dagoeneko, 24 liburuki argitaratu dira bilduman, eta haietako batzuk aintzatespen publikoak izan dituzte. Eman ta zabal zazu ikurritzari jarraituz, EHUn sortutako ezagutza hedatzeko beste ekarpen batzuk ere egin ditu. Adibidez, esku-hartze nabarmena izan zuen unibertsitate horretako Graduondoen Latinoamerikako Sarearen eraketan. Sare horren bidez, harreman baliotsua eta oparoa finkatu da hamahiru herrialdetako unibertsitateen artean. Halaber, ezagutza transferitzeko unibertsitate-helburua betez, prentsan eta irratiko zein telebistako saioetan aritu da. Euskal Telebistako Egun on Euskadi saioan kolaboratzen du gaur egun, politikaren gaurkotasuna aztertuz.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Lehendakari Agirre saria eskuratutakoa da Antxustegi, Cuscoko —Peru— Abokatuen Elkargoko ohorezko kidea, Rafael Landivar Unibertsitateko katedraduna —Guatemala—, Cuscoko Unibertsitate Andetarreko Graduondo Eskolako bisitari gorena —Peru— eta Cuscoko San Antonio Abad Unibertsitate Nazionaleko ohorezko irakaslea —Peru—.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide