Iker Sarasua, Segurako Euskal Herriko dantza txapelketan

Maxixatzen.eus 2018ko urr. 18a, 12:13

Iker Sarasua eta Enara Arrizabalaga.

Zapatu honetan, urriak 20, 42. Euskal Herriko Dantza Txapelketa jokatuko da Seguran. Bertan lehiatuko da, aurreneko aldiz, Iker Sarasua (Azkoitia, 2003) dantzari gaztea Enara Arrizabalaga Azpeitiko bikotekidearekin. Guztira hamalau bikotek parte hartuko dute, dantza sueltoaren munduan hain entzutetsua den txapelketan.

 

Beste urtebetez, euskal dantzaren topagunea eta erreferentzia izango da larunbatean Segura. Arratsaldean, 18:00etan, Baratze pilotalekuan hasiko da kalitaterik goreneneko dantza solte ikuskizuna. Euskal Herriko hiru lurraldetako (Gipuzkoa, Araba eta Lapurdi) hamalau bikotek parte hartuko dute; iaz baino bat gehiagok.

Honako bikote hauek parte hartuko dute bertan: Idoia Besada eta Xabier Artola (Pasaia-Irura); Maite Beobide eta Mikel Subinas (Azpeitia); Elaia Elorza eta German Aranburu (Azpeitia); Enara Arrizabalaga eta Iker Sarasua (Azpeitia-Azkoitia); Saioa Galarraga eta Julen Murgiondo (Bergara); Leire Eizmendi eta Gorka Kerejeta (Errezil-Azpeitia); Sara Chaves eta Gorka Etxeandia (Gasteiz); Oihana Dottax eta Pierre Latasa (Ainhoa-Urruña); Laura Bastida eta Ekain Uzkudun (Azpeitia); Idoia Narbaiza eta Irati Olaizola (Legazpi); Maider Aginaga eta Iker Belintxon (Lezo); Larraitz Larrañaga eta Amets Amubieta (Azpeitia); Ane Urruzola eta Iker Sanz (Villabona-Lezo); eta Maider Arrieta eta Jon Ander Iriondo (Azpeitia).

 

Hainbat sari banatzeko

Sariei dagokienean, irabazleek 800 euro jasoko dituzte; bigarrenek 600 euro eta hirugarrenek 500 euro. Dantza jantzi dotoreenarentzat 150 euro egongo dira. Hiru lehenengo artean sarituak izan ez diren beste bikote guztiei 200 euro banatuko dizkiete. Txapelketara lehendabiziko aldiz aurkezten diren bikoteen artean ongien sailkatzen denak Guillermo Areizaga sari berezia jasoko du. Epaimahaia Euskal Dantzarien biltzarreko bost adituek osatuko dute.

Bost urtean hiru aldiz edo hiru aldiz segidan txapelketa irabazten dutenek, Segurako Udalaren sari nagusia jasotzen dute Nestor Basterretxeak egindako eskultura irabazlearen herriko udaletxera eramateko. Azkoitira bi iritsi dira, eta, gainera, azkeneko sari nagusia Azpitarte anai-arrebena da, 2007ko ekitaldian.

Ez dira asko ohore hori izan duten bikoteak:

  • 1981-82-83: Joxe Joan Ugalde eta Lurdes Esnaola (Lezo)
  • 1989-90-91: Antton Mendizabal eta Amaia Illarreta (Donostia)
  • 1992-93-94: Edu Murumendiaraz eta Amaia Agirre (Bergara)
  • 1998-99-2000: Kimetz Larrañaga eta Eneritz Epelde (Azkoitia)
  • 2002-03-04: Parrondo Anai Arrebak (Hernani)
  • 2005-06-07: Azpitarte Anai Arrebak (Azkoitia)

Dantza doinuetan, aurten berrikuntza izango da: bi arin-arin doinu eta bi fandango doinu joko dituzte, txapelketan aire berriak sartzearren. Isilkara Txistulari taldeak Andoitz eta Basurko Orripekoa fandango doinuak joko ditu eta Estanga anai-arreba trikitilariek  Betiko eta  Sekulako doinuak. Sarrera salmentan ere berrikuntza izan da aurten: bibe.com webgunearen bitartez ere eros baidaitezke. Egunean bertan, 17:00etan irekiko dute leihatila.

Atsedenaldian, Leioako Antoni Aresti Dantza Eskolak flamenkoaren eta euskal dantzen arteko fusioa eskainiko du Kanta arina koreografiarekin.

 

Txapelketa telebistan

Imanol Artola eta Izaro Iraetak aurkeztuko dute jaialdia eta ETB-1ek larunbatean bertan eskainiko du Segurako saioa, 22:00etatik aurrera.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide