AL-Anon alkoholikoen senideen taldeak 55 urte bete ditu aurten

Maxixatzen.eus 2018ko urr. 3a, 14:20

Al-Anon.

55 urte bete ditu aurten AL-Anon alkoholikoen senideen taldeak. Urola Kostan Zarautz izan zen taldea sortzen lehen herria duela 38 urte; Zumaia ondoren, duela 34 urte, eta, azkenik, Azpeitia, duela 21 urte. Azkoitian ere badira elkarte horretako hainbat kide, eta elkartea ezagutaraztera eman nahi dute, alkoholismoak oraindik «presente» jarraitzen baitu gizartean.

 

«Etenik gabeko lana» izan dute talde horiek urte hauetan. «Alkoholismoa presente egon da eta presente egoten jarraitzen du gure gizartean», azaldu dute senideek. Urteurrena baliatuz, AL-Anon ALATEEN zer den azaldu dute elkarteko kideen senideek eta lagunek.

Zer da AL-Anon?

AL-Anon alkoholikoen senideen eta lagunen arteko elkartea da. Senide edo lagun baten alkoholarekiko dependentziak bere bizitzan sortzen dion eraginaz jabeturik bizi den pertsona taldeak osatzen du elkartea. «Elkarteak berrosatze eta autolaguntza ez-profesionala eskaintzen du», azaldu dute. «Partaideek bere esperientziak, indarguneak eta asmoak elkarbanatzen dituzte, elkarrekin komunean bizi dituzten egoerak», jarraitu dute. Oinarrizko zoru bat dute elkarteek: partaideen anonimotasuna. Jakitera eman dutenez, puntu bakarreko programak osatzen du taldearen jardunbidea: alkoholikoen senideei laguntzea, baita dependentzia gainditu ondoren ere.

Zer da ALATEEN?

ALATEEN taldea AL-Anonen barnean sartzen den taldea da, eta menpekotasuna duten senideen nerabeentzat eta gazteentzat antolatzen da. «Identifikatuta eta bere egoera konpontzeko elkartea lagungarri izan daitekeela pentsatzen duen pertsona ongi etorria izango da gure artean», esan dute elkarteko kideek.

Bileren ordutegiak

Urola Kostako taldeak Azpeitian, Zumaian eta Zarautzen egiten dira. Azpeitian astelehenetan elkartzen dira 20:00etatik 22:00etara, —Soreasu kalean, 2—. Zumaian asteazkenetan eta zapatutan egiten dituzte bilerak. Asteazkenetan, 20:00etatik 22:00etara, eta zapatuta 19:00etatik 21:00etara, biak Parrokia Etxean —San Pedro kalea, 8—. Zarautzen, azkenik, astearteetan egiten dituzte bilerak, 20:00etatik 21:30etara —Langako Plaza 16—. Gipuzkoako elkartearen telefonoa ere luzatu du: 650 265 963.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide