Andramaixetako txupinazoa botako duzue. Nola hartu duzue berria?
Mailu Irizar: Sekulako harridurarekin. Ez nuen oso ondo ulertzen. ‘Tata’-ri galdetu nion ea nola arrazoitu behar zuten gu txupinera izatea. Gero, egia da, poza ematen duela. Egindako lana txukun samarra izan dela pentsatu du norbaitek.
Ixabel Jauregi: «Noren burutik irten ote du erabaki honek?», pentsatu nuen. Txupinazoa botatzeko aukera beste profil bateko pertsonari ematen zitzaiola nuen buruan. Bestalde, poza eman dit kulturako bi emakume eta bi ikastetxeetako irakasleak garelako hautatuak. Lagun bezala gauza askotan batu gara, eta hori kontuan hartu dute. Herri mailan batasunagatik eta gauza batzugatik borrokatu dugu, bakoitzak bere aldetik, baina gero elkartu gara proiektu askotan. Gauza askotan berdin pentsatzen dugu: emakume kontuan, kultura, bertsolaritza, transmisioa eta emakumearen garrantzia transmisioan, hizkuntzan. Nik beti ikusi dut, herria, gorputza eta bihotza hizkuntza direla, hizkuntza ez galtzeko zeregin handia dagoela eta oso garrantzitsua dela lan hori.
Euskararen eta euskal kulturaren alde zuek egindako lanari balioa eman dio Udalak.
M.I.: Gure izaeraren ardatza euskaratik eta euskaraz da. Prestakuntza jaso dudan heinean, neure burua azken urteetan aldatu egin dela ikusten dut. Hasiera batean euskalduna naizelako egiten nuen. Hori baino zerbait gehiago beharko dugu, ordea. Ohartu naiz euskalduna izatea bakarrik ez dela nahikoa, ezta klaseak emateko ere. Kultura eta mundu oso baten transmisioa dago gure hizkuntzaren atzetik, ez hizkuntza bakarrik. Pentsaera bat dago, mundua ulertzeko modu bat. Horretara iristeko denoi, neuregandik hasita, prestakuntza pixka bat falta zaigu. Ohartzen naiz, Maxixatzenen euskararen egoerari buruz egin genuen azterketetan edo Xamarrekin egin ditudan ikastaroetan ez dakigula hori egiten. Duela urte batzuk, gaztelaniazko kulturari buruz euskal kulturari buruz adina nekien; gaztelaniazkoak pisu handiagoa du. Hutsunea dugula konturatzen naiz. Euskaldun jendeak badaki euskara nola dagoen, baina berdin zaio hizkuntza bat ala bestea erabili. Nik uste dut ez garela iritsi euskararen atzean zegoen mundua transmititzera.
I.J.: Formazioa aipatu duzunez, zu normalizazioko batzordean egon zinen. Normalizazioaren Legearen Garapena formazioa jaso genuen; niri begiak piztu eta ireki dizkit. TELP tailerrak ere egin nituen, eta euskararekiko jarrera eraikitzaileak zein ez diren ikusi. Formazioa ezinbestekoa da, eta ezin gara geldik egon geure hizkuntzarekin kontzientzia hartzeko beharrezkoak baitira. Bertso-ikastaroak, Udako Ikastaroak, normalizazio-ikastaroak, TELP tailerrak, Xamarren liburuak… Ezinbestekoak dira. Edozein euskaldunek jakin beharreko gutxienekoa da hori.
M.I.: Hori dena bildu ondoren, nik klaseak emateko modua aldatu dudala esango nuke. Nik edozein aitzakia erabiltzen dut hor jasotako zerbait sartzeko. Halere, erreferenteak falta zaizkigula uste dut. Erdal munduak edozein tokitatik jasotzen dituen erreferente horiek. Euskaldunok ez ditugu horren landuak inguruan erreferenteak.
I.J.: Maxixatzenek antolatutako Orbel Jokuek ere jantzi bat eman dio herriari. Nire ikasleak, DBH 1eko ikasleak, finalera iritsi dira azken bi urteetan. Gurasoek etxean denen artean parte hartzen dutela esan izan didate. Jendea esnatzeko horrelako ekimenak egin behar direla uste dut.
Euskararen egoera asko aldatu da hezkuntzan lanean hasi zinetenetik. Zertan egin dugu aurrera? Eta atzera?
M.I.: Ezagutzan nabarmen egin dugu aurrera. Erabileran, proportzioan, behera. Ezagutzak gora egin badu, erabilerak neurri berean egin behar zuen gora. Maxixatzenen egindako azterketaren ondoren nabarmen gelditu zen arazoaren muina non dagoen. Euskararekiko kontzientzia maila altuena 60 urtetik gorako pertsonek zuten. Besteok dena egina zegoela uste izan dugu, eta hor deskuidatu ginen. Euskararen erabilera ez da automatikoki gora joan. Hizkuntza transmititu dugu bakarrik, ez dugu transmititu hizkuntzaren atzean dagoen dena. Hori baino gehiago beharko dugu.
I.J.: Irakurketa, musika, aisialdia, dena erdal giroarekin lotuta dago gaur. Ezer egin beharrik ez dute. Gure auzoan tabletarekin jokoan erdaraz aritzen dira. Horren aurka ez dakit zer egin beharko genukeen. Ez noa galduta dugunik esatera, baina zein estrategia beharko liratekeen esaten ez nuke jakingo. Orain dela gutxi nire gertuko batzuk euskararen erabileraren kale neurketa egin dute. Emaitzak jakin ditut, eta negargarriak dira.
Nola ikusten duzue euskararen egoera? Eta euskal kulturarena?
M.I.: Izenetatik hasita, musika talde gehienen izena ez da euskarazkoa. Nola harrituko gara, ordea? Azkenaldian sortu diren erakunde guztiek horrelakoa dute. Sukaldaritzako eskola ingelesez, Itzulia Basque Country… Aurreko batean ‘Xamar’-ek esaten zidan, ez dakit zergatik jartzen diogun denari euskal hitza aurretik. Euskal idazle, euskal musika… Guk zergatik jarri behar dugu euskal? Gurea da eta kito! Frantzian ez dute hitz egiten frantziar musikarien eta idazleen inguruan. Guk ez, guk aukeratu beharra edukiko bagenu bezala jarduten dugu. Nire munduan aukera bakarra euskara da. Ni esparru batean nabil, ez biren artean.
I.J.: ‘Txepetx’-en teoriak dio euskarak zazpi maila dituela. Eta non gaude euskaldunok? Lehen bi mailetan bakarrik gaude, harremanetan, lagunartekoan eta familian. Beste bostak ez ditugu, inguruko beste hizkuntzek bai. Hortxe gaude, itota, ezinean. Hortik gora egiten saiatzen garenean, gainera, atea ixten digute, mugatu egiten gaituzte.
M.I.: Nik uste dut, ordea, muga hori nola pasatu gutxi pentsatu. Geuk egin behar dugu. Euskara irakasten ondo moldatu naizela pentsatu izan dut urteetan, baina ikastaroak egin ondoren ohartu naiz oso behean ibili naizela, lehen mailan bakarrik agian. Zerbait transmititu behar badugu, gozamenetik izan beharko du.
I.J.: Bertsolaritzak alde ludiko horretan laguntzen du. Umeek eskatzen dute, nahi dute eta gozatzen dute. Etorkinek ere bai. Bosniatik etorritako ume batek ikasgelan ingelesa erabiltzen zuen, eta errimak lantzen ari ginen batean hasi ginen esaten: herria, berria… Eta horrelako batean, zer egiten ari ginen ulertuta, parte hartu zuen, eta gorria hitza esan zuen, pentsa! Hura zirrara nirea! Denek lantzen dute bertsolaritza, hemengoek eta atzerritik etorritakoek. Oso bide ona hartu dugu aspalditik ludikotasuna, sormena eta balioak lantzeko.
Transmisioan etenik ikusten al duzue?
M.I.: Gure ustez ez, baina egon da. Geuk ez badugu ondo jaso, zer transmitituko dugu? Euskaraz badakiela pentsatzen duen jendea dago, «nik euskaraz badakit eta nik normalean euskaraz egiten dut», esaten duena, eta ez da kontziente %80an umeari egiten diola euskaraz. Gauza bat da euskalduna izatea, eta bestea, euskaltzalea izatea. Euskaltzalea izateak beste plus bat eskatzen du, kontzientea izatea eskatzen du. Euskalduna naiz eta, gainera, erabili egin behar dut. Geure buruari «Erabiltzen al dut? Zeinekin? Noiz?», galdetu behar genioke.
I.J.: Aitittte-amama batzuen eragina ez al duzu ikusten etxe eta familia batzuetan? Aitittte-amamek hazi dituzten haurrek, haien etxera bazkaltzera joaten direnek hizkuntza aberatsagoa dute. Guk ‘Amama’ proiektua dugu zaharren egoitzako kideekin, eta bertako Aitittte-amamak etortzen dira ikastolara beren bizipenak kontatzera, transmititzera. Etxean ipuinak entzun eta kontatzen dituenari ere antzeman egiten zaio. Umearekin joko hori egitera eskaintzen badute gurasoek euren denbora, nabarmen antzematen da.
Euskaraldia, 11 egunez euskaraz egiteko ekimena iritsiko da urte amaieran. Zer ekarriko du ekimen horrek?
I.J.: Niri hori esan zidatenean… Hamaika egun euskaraz… Non gelditzen dira 365 egun? Hamaika egunera mugatu behar denok hori ziurtatzeko. «Ixabel hor ez zaitez gelditu, eta jar zaitez martxan, ea denon artean zerbait egiten dugun», pentsatu nuen.
M.I.: Ekimen denek ematen dute beti zerbait ona. Lasarte-Oriatik sortuta, egoera bakoitzak zerbait desberdina du. %100 euskaraz bizi naizen egun asko ditut, gehienak. Alde horretatik ez dakit asko antzemango den. Ziur asko, talderen batean, euskara ikasten ari direnetan, lantokietan nabarituko da. Euskal Herri mailako ekimena izanda, gehiago hedatuko da, zarata gehiago aterako dugu. Euskararen egunean denok plazara ateratzea eta ondo dago, egun hori gogoan hartu behar da. Nik beti esan izan dut eta komentatu izan dut ez ote genuen hobe izango gela barruko transmisiorako ekimenen bat egitea. Floreagan beti egiten ditugu, mitologiari buruzko jolasak, aurkezpenak… Niretzat horrek gehiago balio du transmisiorako plazara joateak baino. Sinbolikoki ere garrantzitsua da plazako ekimena egitea, baina ahalegin berezia eskatzen digu hori antolatzeak. Indar gehien sinbolismoan joaten zaigu, eta gero hor bukatzen da askotan
Bertsolaritza izan duzue batez ere ardatz. Zer da zuentzat bertsolaritza eta zein dira euskarari ematen dizkion balioak?
M.I.: Gozamenerako dudan sekulako esparrua da. Ikaragarri gozatzen dut. Eskolarako ere aparteko tresna da. Nik ez dut neurtzen, ez diegu ikasleei notarik jartzen. Horrekin bakarrik, dena gozatzeko da, izan banaka edo taldeka. Euskara lantzeko ere aparteko tresna da: ideien antolaketa, baliabideak, dena. Diskurtso bat osatzeko behar diren elementuak lantzen dira bertso bakoitzean.
I.J.: Arrazoiak emateaz gain, edozein ekintza antolatzen dutenean, kirol entrenatzaileekin bazkariak egiten dituztenean edo urtebetetze ospakizunetan bertsoak egiten dituzte. Opari tresna bezala hartu dute. Bertsoak ziztatzen bazaitu ederra da.
M.I.: Hori ulertu dute, bai. Bertsoa horretarako oso tresna aproposa da. Bertsolaritza izaten da berreskuratu nahi izaten duten eskola klase bakarra. Gainerakoak ez, baina, bertsolaritza bai.
Nola eta zeinekin ospatzen dituzue Andramaixek? Aurten, txupinerak izanda, ospakizun berezirik egingo al duzue?
I.J.: Nik familian ospatzen ditut, etxekoekin. Bereziena, aurten, txupinazoa botatzea izango da.
M.I.: Guk, ohitura zaharrari jarraituz, Andra Mari egunean familia bazkaria egiten dugu. Etxekoekin ospatzen ditugu guk ere festak.
Festetako ekintzarik gustukoena? Hutsik egiten ez duzuena?
I.J.: Niretzat momentu bereziena txupinazoa izaten da, han biltzen den herriaren arnasagatik. Film laburren lehiaketa eta plazan egiten den aurreskua ere asko gustatzen zaizkit.
M.I.: Txupinazora etortzeko joerarik ez nuen, alde horretatik ez naiz ordezkari onena esateko. Gero eta gehiago kostatzen zait aglomerazio handietan egotea. Film laburrak ikustera etorri izan naiz, gustatzen zaizkit, eta kuadrillan kafetxo bat ere hartzen dugu. Garai batean 90 urteko herritarren bazkarian aurkezpen lanak egiten nituen; ikaragarri gustatzen zitzaidan. Toki oso egokia zen atzean zenbat gauza on utzi ditugun konturatzeko.
Suziria botatzerakoan, mezurik emango duzue? Nor edo nortzuk izango dituzue buruan?
M.I.: Udaletxekoek esan digute normalean zerbait esan ohi dela. Ni ziurrenik oso urduri egongo naiz, eta ez dakit inorekin oroitzeko gai izango naizen. Etxekoak beti dituzu gogoan; falta direnekin egunero oroitzen zara. Amagatik oraindik asko jasotzen dut. Ez dakit une horretan oroituko naizen, baina esan nahi nuke nire lankideak aipatu nahi ditudala. Lankiderik gabe ezin da ezer atera aurrera. Guk dena taldean egin dugu, eta «zergatik gu?» galdetzen dugu. Txupinazoa botatzeko gu aukeratu izanak horregatik harritu nau bereziki.
I.J.: Ez dakigu barruan edo kanpoan, baina sorpresatxoren bat ematen saiatuko gara. Nire aita zena oso gazterik hil zen. Nire goitizen bezala, batzuetan, Larrabetzu erabiltzen dut, hangoa baitzen. Aita kontuan hartuta, Errastitar familia osoa gogoratuko dut, gure amaren aldetik denak joanda daudelako, eta gure ama, jakina, transmisioan gurekin egin zuen denagatik. Gero, diasporan, Argentinan ditudan lehengusuekin oroituko naiz. Ari dira euskal munduan, giroan sartzen. Nire lankideak eta nire ibilbidean lagundu didaten guztiekin oroituko naiz, oro har. Bertsolaritza munduan gertu izan ditugun denekin ere ezin ahaztu. Gogoan izango ditugu hizkuntza aldetik eta gure kultur ibilbidean eragina izan dutenak, guk eredu izan ditugunak.