Instalakuntza Duinak Orain! plataformako kideak eta udal taldeetako ordezkariak Foru Aldundian izan dira

Maxixatzen.eus 2018ko uzt. 19a, 10:07

Herri plataformako eta udal ordezkariak Goizane Alvarez, Foru Aldundiko Kirol Zuzendariarekin bildu ziren herenegun, uztailak 17. Igerilekuaren arazoa eta irtenbidea nola eman daitezkeen izan zituzten hizpide bileran. 2020an egingo duten diru laguntzen deialdian Azkoitiko igerilekuaren proiektuak diru laguntza jasotzeko «aukera asko» izan ditzakeela adierazi zieten Aldundian.

 

Instalakuntza Duinak Orain! (IDO) taldekoek bilera eskaria egin zuten Aldundian. Gero, IDO taldekoek udal taldeei bidali zieten bertan parte hartzeko gonbidapena eta guztiek agertu zuten «interesa» bertara agertu eta egitasmoari «babesa» emateko.

Bertan, plataformak egindako azterketa eta Udalak kontratatu zuen alternatiben azterketa aurkeztu zituzten. Alvarez Aldundiko ordezkariak, IDOk eta udalak egindako lana «txalotu» zuen, «egoeraren ikuspegi orokorra izatea» lortu dutelako. Proiektua finantzatzeari dagokionez berriz, 2017-2020 aldiari dagokion diru laguntzak dagoeneko eman dituztela adierazi zuen, eta 2020an egingo dutela beste deialdi bat.

Kirol instalazioetarako ematen diren diru laguntzak erabakitzerakoan oinarrizko instalazioak —igerilekuak horien artean— izatea, berrikuntza bat izatea eta irisgarritasun arazoak konpontzea puntu oso garrantzitsuak dira. Oinarriak berdin jarraituz gero, Azkoitiko proiektuak diru laguntza jasotzeko «aukera asko» izan ditzakeela adierazi zuen Alvarez kirol zuzendariak herenegun izandako bileran. Horrela, gehienez 600.000€ jasoko lituzke Azkoitiak proiektua gauzatzeko.

Hurrengo bi urte hauetan, ordea, aurreratu daitezke pausoak. Proiektua egiteko eta obraren zuzendaritzarako beharrezkoak diren 175.000 euroak hurrengo urteko aurrekontuetan jartzea aztertzen ari da udala. Horrez gain, Alvarezek hurrengo urteetan udalak «proiektuen artean lehentasunak jarri eta dirua nola lortu» pentsatu beharko dutela adierazi du, guztira 1.538.073 euroko gastua izango lukeela aurreikusi baitzuen alternatiben azterketak. Herritarrekin gaia landuz eta inguruko herriekin kontaktuan jartzen jarraituko dute IDOkoek udalarekin elkarlanean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide