Euskaraldia

Euskaraldia, 11 egun euskaraz

Maxixatzen.eus 2018ko abu. 1a, 09:56

Euskal hiztunek euskararen erabilera areagotzeko helburuarekin jaio da Euskaraldia. Hizkuntza ohiturak astindu eta ohiko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko ariketa bat proposatzen da:
2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, euskaraz hitz egiten edo ulertzen dugun guztion artean egin ahal izango dugu euskaraz Euskal Herri osoan, egunerokoan eragin dezakeela sinetsita.

 

Euskaraldian bi roletako bat har daiteke 11 egunez:

Ahobizi: Ulertzen duenari euskaraz egingo diot, hark erdaraz erantzun arren. Ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo diet.

Belarriprest: Egidazu euskaraz, nik ulertzen dut eta. Agian erdaraz erantzungo dizut, baina zuk niri euskaraz egitea nahi dut.

Zer lortu nahi da?

•Harremanetan hizkuntzarekin ditugun inertziak astintzea eta uste baino gehiagotan euskarazko komunikazioa posible dela frogatzea.

•Euskal Herrian euskara ulertzen duen jendea pentsatzen duguna baino gehiago dela jabearaztea eta euskara gehiagotan erabili dezakegula ikusaraztea.

•Hizkuntza ohiturak aldatzea norberaren hautua eta ariketa izan arren, bidea taldean eta batera, erosoago eta lagunduago egitea.

•Euskara erabiltzeko testuinguru eta egoera berriak, atseginagoak eta babesgarriagoak sortzea.

 -------------------------------------------------------------------------------------------------------------

Non egingo da?

Bakoitzak bere inguruan, bere ohiko harreman sareetan egitea proposatzen dugu: familian, lagunartean, lanean, eskolan, dendetan…

Horretarako, herriz herri antolatuko gara, eta bai enpresa, ikasketa zentro eta era guztietako elkarte zein entitateka ere. Nahi duzun lekuan izena eman, eta ondoren, zure ingurukoekin parte hartu proposatzen dizugun ariketa horretan.

Nork har dezake parte?

16 urtetik gorako herritarrok eman dezakegu izena.

•Ahobizi izateko, euskaraz hitz egiten jakin behar da.

•Belarriprest izateko euskara ulertu behar da.

Irizpideak betez gero, norberak erabakiko du zein roletan izena eman.

2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, Ahobizi edo Belarriprest ikurra soinean eraman, eta hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa egingo dugu!

Eta bitartean, zer egin daiteke?

Herriz herri eta hainbat enpresa eta entitatetan antolatzen ari diren batzordeetan parte har dezakezu. Herriko eragile eta euskaltzaleek antolatutako batzordeetan zure ekarpena egin eta inguruan Ahobizi eta Belarriprest berriak aktibatzen denok egin dezakegu gure ekarpena.

 -------------------------------------------------------------------------------------------------------------

Ahobizi zara

 

Euskaraz egingo diezu ulertzen duten guztiei. Edonon, edonoiz eta ulertzen duen edonorekin arituko zara euskaraz.

Ezagutzen ez dituzunekin lehen hitza euskaraz egingo duzu, eta ulertzen baldin badute, baita hortik aurrerakoak ere.

Horrela, orain arte euskaraz izan dituzun elkarrizketek euskarazkoak izaten jarraituko dute, baina orain arte erdaraz izandako elkarrizketa batzuk euskaraz edo elebiz izatea ere lortuko duzu.

Jarrera aktiboa izango duzu, beraz. Zure harreman sarean dituzun hizkuntza praktikak aztertu eta euskarara aldatzeko aukera duzun horietan eragingo duzu. Hamaika egunetan, hizkuntza aldaketarako aukeratu dituzun harreman horietan ez ezik, zure bizitzako esparru guztietan euskaraz arituko zara, ahal den guztietan, ahal duzun guztiekin.

Bi aldeek euskaraz ulertzen badute, ez dago euskaraz ez egiteko arrazoirik.

Ariketa egiten duzun bitartean giro babestua izango duzu, Ahobizi eta Belarriprest ugari izango baitituzu 11 egunez Euskal Herrian.

Ahobizi izateak ez du euskaraz hitz egiteko gaitasunarekin zerikusirik, jokaerarekin baizik! Ahal duzun guztietan euskara erabiltzeko prest? Ahobizi zara!

 

Belarriprest zara

 

Euskaraz dakiten guztiei zuri euskaraz egiteko gonbitea egingo diezu. Euskara ulertzen duzula adieraziko diezu eta zurekin euskaraz hitz egin dezatela eskatu.

Zuk euskaraz edo erdaraz erantzungo duzu, baina zuri euskaraz egiteko eskatuta.

Horrela, orain arte euskaraz izan dituzun elkarrizketek euskarazkoak izaten jarraituko dute, baina orain arte erdaraz izandako elkarrizketa batzuk euskaraz edo elebiz izatea ere lortuko duzu.

Jarrera aktiboa izango duzu, beraz, gonbitea egingo baitiezu euskal hiztunek zurekin euskaraz hitz egin dezaten. Oso garrantzitsua da zure funtzioa, euskarazko elkarrizketak sortzen lagundu eta euskara erabiltzeko giro babestua sortuko duzulako.

Ariketa egiten duzun bitartean giro babestua izango duzu, Ahobizi eta Belarriprest ugari izango baitituzu 11 egunez Euskal Herrian.

Belarriprest izateak ez du euskaraz hitz egiteko gaitasunarekin zerikusirik, jokaerarekin baizik! Dakienari zuri euskaraz hitz egiteko gonbitea egin nahi diozu? Belarriprest zara!

 -------------------------------------------------------------------------------------------------------------

Marijose Arregi Azkoitiko Udaleko Euskara zinegotziak Euskaraldiari buruz idatzitakoa:

«Euskarari berriro ere bultzada emateko ordua da»

Berriki Jon Sarasuari hitz gutxi batzuk entzun nizkion euskararen egoerari buruz. Gustatu zitzaidan grafikoki egindako deskribapena: “Aizkorrira abiatu eta Urbian aurkitzen gara, lainopean, geure buruari esanez bide luzea egin dugula, erdi nekatuta, eta konturatzen gara oraindik aurretik pauso asko geratzen zaizkigula gailurrera”. Sekula baino jende gehiagok ulertzen du euskara, baina erabilera ez dator bat ulermen maila eta datuekin. Badirudi, ordea, erlaxatu egin garela eta sasoi batean hain irmoki aldarrikatzen zenak indarra galdu duela. Ikastoletan naturalki ikasi dutenek ez dute nonbait hitz egitea debekatu ziotenen garrik erabilerari pil-pilean eusteko.

Berriro ere euskarari bultzada bat emateko ordua da. Telebista, internet eta oro har, teknologia berriek aisiarako eskaintzen dituzten aukerak sarri euskaratik urrun daude, eta gure gazteengan eragin nabarmena du horrek. Zer egin orduan? Euskaldunontzat euskara zer den transmititu beharra daukagu balioa emanez, ez komunikazio tresna soil bezala, gure identitatearen muin eta gure izatearen arrazoi gisa baizik.

Jakitea eta ez erabiltzea, tristea ez ezik, zentzugabea da. Zenbat eta konektatuago gauden, badirudi gure sustraiak orduan eta meheago bihurtzen direla, bat-batekotasunak janda, iraganari eta etorkizunari erreparatzeko astirik gabe.

Testuinguru horretan, guztiok egin behar dugu ahalegin berezia, eta ahalegin horren baitan sartzen da Euskaraldia ekimenera batzeko erabakia ere. Ahobizi edo belarriprest, guztiok parte hartzera animatzen zaituztet, eta Euskara Mahaitik ere ahalegin guztiak egingo ditugu Euskaraldia arrakastatsua izan dadin.

Bide batez, urteetan sekulako lana egiten ari diren herritarrei eskerrak eman nahi dizkiet. Mintzalagun programan parte hartzen duten euskaldun zahar eta berriez ari natzaizue. Hain justu, ekainaren 28an, euskaraz hitz egiteko ohiturarik ez dutenekin edo euskaraz aritzeko zailtasunak dituztenekin astero elkartzen diren mintzalagunak omenduko ditugu, ondo merezia dutelako musu-truk egiten duten guztiagatik.

Azkoitian pribilegiatuak gara euskararen erabilera altua delako, baina horrek ezin gaitu besoak gurutzatzera eraman. Guztion artean, berriz ere aurrera egingo dugu euskararen normalizazio bidean. Elkarrekin. Euskaraz. 

Marijose Arregi

Azkoitiko Udaleko Euskara zinegotzia

  -------------------------------------------------------------------------------------------------------------

Hamaika lagun Euskaraldiaren alde

Hamabi lagunek osatzen dute Euskaraldiaren Azkoitiko lehen hamaikakoa; ‘Euskaraldia, 11 egun euskaraz’ egitasmoan borondatez parte hartzea erabaki dute. Hainbat eremutako pertsona ezagunak dira: Patxi Larrañaga, Ainhoa Larrañaga, Juan Antonio Beneitez, Luis Arregi, Itziar Urteaga, So Saito, Eneritz Arrieta, Kontxi Granado, Julene Iturbe, Jon Perez, Isi Sanchez eta Iosu Irizar.

Hamaikakoa osatzen duten kideek euskararen aktibazioa bultzatzeko urratsa egin dute. Egitasmoaren enbaxadore izango dira Azkoitian, eta herritarren parte hartzea aktibatzeko lehen deia egin dute.

 

Patxi Larrañaga Juaristi (Azkoitia, 1937)

Hamaikakoan egotea berri pozgarria da niretzat. Euskara gurea delako egingo dut bat Euskaraldiarekin. Gurea bada, gorde egin behar dugu, ezin dugu galdu eta heldu egin behar diogu gure euskarari. Gainera, txikitatik erabili izan dudan hizkuntza da; amarengandik jasotakoa izanda, oso neurea sentitzen dut. Bestalde, ikastolen sortzaileak izan ginen gu; orduan ez nuen aukerarik izan euskara ‘dotoretzeko’, eta badut horretarako gogoa.

Ainhoa Larrañaga Illarramendi (Azkoitia, 1977)

Lanean euskara batzordeko kideek Euskaraldiaren hamaikakoa osatzeko proposatu zidaten. Baietza ematea erabaki nuen, euskara oso garrantzitsua delako. Gure ama hizkuntza zaharra eta ederra da. Denok gure ahotan erabili beharreko hizkuntza da, etxean, eskolan, lagunartean eta edonon erabili behar genukeena. Arlo askotan lan handia dago egiteko, euskara lantzeko eta indartzeko.

Juan Antonio Beneitez Ruano (Salamanca, 1954)

Euskararen erabilera bultzatzeko egitasmo berri honen inguruan informatuta nengoen, eta AEK-tik ikasleen ordezkari bezala agertzeko eskatu zidatenean, ez nuen dudarik egin, euskararen normalizazioaren aldeko iniziatiba mota hauekin ados bainago.

Niretzako euskara altxor bat da, dakitenek erabili behar dutena eta, kausa ezberdinak direla medio, ez daukagunok, lortzen saiatu behar garena. Nire kasuan, AEKren laguntzaz, ikaskuntza fase batean nago, eta harro sentitzen naiz egiten ari naizenarekin.

Luis Arregi Aramendi (Azkoitia, 1947)

Euskararen alde zerbait egin nahi dudalako eman dut baiezkoa. Hala ere, egunero egiten dugu ahalegin hori euskaraz hitz eginez. Niretzako euskara dena da. Zoritxarrez, askotan, erdaraz ere jardun behar izaten dugu janari bankuan etorkinekin-eta, baina bestela, bizitzeko era bat da niretzat euskara. Gainera, oso hizkuntza aberatsa da euskara hainbat esparrutan: bertsolaritzan, esaterako. Ziur naiz zorteko garela. Bizitza osoan euskaraz jardun izan dut, eta oso neurea sentitzen dudan hizkuntza da.

Itziar Urteaga Arakistain (Azkoitia, 1950)

AEKan mintzalagun partaide izan nintzelako eta partaide izateko eskatu zidatelako batu naiz hamaikakora.

Euskara edo euskaldun izatea, dena izan da niretzat. Hizkuntz aparteko izateaz gain, haren bidez portaera garrantzitsu batzuk ikasi izan ditut: pertsona jatorra izatearen garrantzia, inor ez gutxiestea, eta hitza, emandako hitza, kosta ahala kosta betetzea.

Oso lagungarri izan ditut horiek gure herritik kanpo bizitzean, errespetua eta bidea zabaldu didatelako.

So Saito (Saitama, Japonia, 1993)

Duela egun batzuk mintzalagunekin euskara praktikatzen ari nintzela nire lehengo euskararen irakaslea etorri zen, eta esan zidan norbaitek nire izena bozkatu zuela Euskaraldiaren ordezkariak erabakitzeko bozketan. Nahiko susto hartu nuen, ze hori baino lehen ez nekien Euskaraldia zer zen ere. Baina nire irakasleak azaldu zidan zer den, eta euskararen erabilera bultzatzeko ideia ona iruditu zitzaidanez, baietz esan nion.

Niretzat euskara Azkoitian integratzeko beharrezkoa den gauza oso garrantzitsua da, kulturaren zati polit bat, denon artean babestu eta mantendu behar duguna.

Azkoitiko jende gehiena euskaraz bizi da, bai lanean, bai eskolan eta bai etxean egunero erabiltzen dute. Orduan guk, kanpotarrok, benetan hemengo gizartean barneratu nahi badugu euskara erabiltzea ezinbestekoa da. Agian, gaztelania bakarrik jakinda ere ez dira gatazka larriak sortzen, baina euskaraz jakinda jende gehiagorekin harreman zabala eta sakona lortzen dela pentsatzen dut.

Ez da erraza, euskara ikastea kostatu egiten zaigu. Niri ere hasieran euskara erabiltzea kostatzen zitzaidan, eta orain ere bai, batez ere idaztea eta irakurtzea. Baina ez da ezinezkoa ere. Egunero pixkanaka, pazientziarekin, euskara erabiltzen saiatuz gero, edozein pertsonak lor dezake, eta guk ere, euskaldun berriok, kultura polit hau mantentzen lagunduko dugu. Zergatik ez?

Eneritz Arrieta Iturzaeta (Azkoitia, 1986)

Euskararen alde nire atxikimendua emateko prest nagolako batu naiz hamaikakora. Nire eguneroko hizkuntza da euskara; nire bizimoduaren oinarrietako bat.

Kontxi Granado Horrillo (Azpeitia, 1967)

Nitaz akordatzea nolabait, niretzat nik egindako ahalegina eta lanaren aipamena da, eta horregatik ez dut zalantzarik izan hamaikakora batzeko. Euskara nire bizitzan dago, eta nire hizkuntza ere bada. Harro sentitzen naiz.

Julene Iturbe Epelde (Azkoitia, 2001)

Euskarari bultzadatxo bat emateko primerako aukera iruditzen zait. Guk pentsatu baino askoz jende gehiago dago euskaraz dakiena (edo ulertzeko gai dena, behintzat), baina ohituraz, erdarara jotzen duena; eta geu ere, inertziaz edo ezjakintasunez, askotan erdaraz hasten gara horiekin hizketan. "Ahobizi" edo "Belarriprest" direla ikuste hutsak lehenengo hitz hori euskaraz egitera bultzatuko gintuzke, eta horrelako ohitura txikiek euskararen eguneroko erabileran garbi eragin dezaketela iruditzen zait.

Nik euskara nire zati bat bailitzan sentitzen dut, haren inguruan hazi izan bainaiz. Azken finean, ohiturak, kultura, hizkuntza... gure nortasunaren oinarri garrantzitsua da.

Jon Perez Alberdi (Sopela, 1997)

Gaur egun euskararen erabileraren egoera ikusita, zerbait egin beharra dagoelako batu naiz hamaikakora. Besteak beste, euskaren erabilera handitzeko, oraingo hizkuntzen erabilera ohiturak aldatzeko, euskararen mesedetan. Izan ere, euskara gure nazioaren nortasun agiria baita.

Isi Sanchez Avila (Azkoitia, 1970)

Nire gurasoak Andaluziakoak dira, eta ni Azkoitian jaio nintzen arren, erdalduna naiz. Ikasketak ere gazteleraz egin nituen. Baina konturatu nintzen euskaldunekin euskaraz hitz egin nahi nuela, eta euskaldunei ulertu nahi niela. Horregatik, 20 bat urte daramatzat euskara ikasten. Pixkanaka ikasi dut, Mintzalaguni esker eta umeei esker, batez ere. Gaur egun, euskaraz bizi naiz.

Iosu Irizar Alberdi (1994)

Nik Euskaraldian parte hartzeari baietza esan diot, iruditzen zaidalako euskararen aldeko proposamen eta ekimenenetan parte hartzea garrantzitsua dela. Gainera, ikusita Azkoitian egoera okerrera doala, bada oso garrantzitsua iruditzen zait bertan parte hartzea.

Euskara niretzat dena da, azkenean, bizitzeko modu bat, hitz egiteko erabiltzen dudana. Azken finean, nire eta gure identitatea osatzen duena.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide