Hunkituta jaso du Anarik Adarra Saria

Maxixatzen.eus 2018ko eka. 22a, 08:50

Anari, Goia alkatearen eskutik saria jaso zuen unean. (Donostiako Udala)

Emozioz gainezka zela jaso du Anari Alberdi musikari azkoitiarrak Adarra Saria. Donostiako Victoria Eugenia antzokia goraino beteta zela, Eneko Goia Donostiako alkatearen eskutik jaso zuen musikari azkoitiarrak Marijose Rekalde artista nafarrak egindako eskultura —Adarra Saria—. Ondoren, bere ibilbide osoari gainbegirada eman zion kontzertua eskaini zuen.

 

«Sari hau hemen gauden artean banatzeko sari bat da», azaldu zuen Anarik Victoria Eugenia antzokian. «Zati bat neurea ere bada, eta nik nere zatia nire amari eskaintzen diot. Ama zuretzat», esan zuen hunkituta musikari azkoitiarrak. Azkoitiarrak saria eskertu zuen lehenik, eta ibilbide osoan alboan izan dituzen lagunei eta musikariei eskaini zien ondoren. Bidehuts zigiluaren bueltan lan egiten dutenentzat ere esker hitzak izan zituen Anarik. Euren diskoak ekoitzi eta euren musika babesteko sortu baitzuten zigilua.

Saria jaso duen lehen emakumea da Anari, orain arteko sari guztiak gizonezkoek jaso baitituzte. Lehen edizioan, Mikel Laboaren sorkuntza lana saritu zuten; bigarrenean, Ruper Ordorikak jaso zuen saria, 2016an Benito Lertxundik, eta iaz, Fermin Muguruzak. Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014. urtean sortu zuten Adarra Saria, euskal musikaren arloan garrantzia edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bati omenaldia egiteko. 

Marijose Rekalderen eskultura

Anarik jasotako saria Marijose Rekalde artista nafarrak egindako eskultura bat da; lana brontzezko irudi neutroa, musikaren jatorria iradoki nahi duen adar bat duena, adarrak naturarekin eta jatorrizkoarekin duen zerikusia dela medio. Brontzezko lana da, zenbait koloretako patinan bilduta, osagaiak bereizteko eta musikaren dardara, indarra, alaitasuna eta kitzikapena nabarmentzeko.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide