Igerilekuan gaur egun dauden arazoak ikusita, «nazkatuta», Instalakuntza Duinak Orain! (IDO) plataforma sortu zuten igeri munduko gazteen artean. Hitz egiteko elkartutako bakoitzean irteten zitzaien mahai gainera igerilekuko arazoaren gaia, eta azkenerako «honek ezin du horrela izan» esan, eta igerileku eta instalazio duinen alde mugitzea erabaki zuten. Hortik sortu zen IDO plataforma. «Lekurik ez dago, eta zerbait egin behar dugu; ezin dugu horrela gelditu», esan zuten behin plataformako kideek. Hiru lagun hasi ziren, eta orain hamabost lagun elkartzen dira. Azaldu dutenez, azken zortzi edo hamar urteetan dute arazoa, «areagotzen» doan arazoa. Bilerak hilean behin egiten hasi ziren, eta deialdiak eginda jende gehiago bildu zen taldera.
Azken urteotan «isilik» egon da gaia. Aurrez hainbat eskari eta mugimendu izan ziren igerilekuan aldaketak egiteko, baina gaia bere horretan gelditu zen. Elkargunea 2009ko irailaren 24an inauguratu zen. Eraikina berritze lanetan hasi aurretik ikusten zuten igerilekuko arazoa. «Orduan ere sinadura bilketa bat egin zuten», adierazi dute plataformako lagunek. Kanpoko igerilekua eraikitzen hasi aurretik ere eskariak egin zirela jakinarazi dute taldekideek. «Lanketa berezia egin zen kanpoko igerilekua karratu formakoa izan zedin. Etorkizunera begira ireki eta itxi egingo zen zerbait egiteko aukera eskatzen zen», azaldu dute. Mugimenduak izan ziren orduan ere, udalarekin bilerak alegia, baina bere horretan gelditu zen ordukoan. «Kanpoko igerilekua karratua izango zela esan zuten, proiektua eta dena aurkeztu zuten; 50 metroko igerileku olinpiko bat egiteko aukera zegoen», gehitu dute taldetik. Uste dute leku aldetik arazorik ez zegoela Ugarteigaranen forma horretako igerilekua egiteko, baina sasoi hartan lehentasuna estetikari, «polita izateari», eman zitzaiola. «Praktikotasunari dagokionez, ikusi dugu kanpoko igerilekuak ez duela emaitza onik eman», esan dute. Horregatik «isildu» zen eskaria duela bederatzi urte; hori pentsatzen dute behintzat taldeko kideek. «Gure interpretazioa da: kanpoko igerilekua egin aurretik igerileku berri bat egiteko aukera ikusten zuten erabiltzaileek, baina eraikitakoan aukera gutxiago ikusi zuen jendeak, eta ondorioz isildu egin zen», adierazi dute. «Gertatu zena gertatu zen, orain daukagunari irtenbide bat bilatu behar diogu, eta aurrera begira lan egin; atzera begiratzeak ez baitu ezer aldatuko» gaineratu dute.
IDO plataformak horretan eragin nahi du. «Herritarrak kontzientziatzea nahi dugu igerileku baten beharra dagoela erakusteko», aipatu dute. Jendeak ikusi ez dituen «aukerak» erakutsi nahi dituzte, egoera inork ez ahaztea da euren helburua, eta eskariarekin aurrera jarraitu nahi dute. «Sinadura bilketa bat egin dugu, baina ezin gara gero gaiarekin ahaztu. Benetako beharra baldin badago, aurrera jarraitu behar dugu, eta eskakizuna herritarrekin batera aurrera eraman behar dugu», adierazi dute plataformako kideek.
Lehen urratsa, egoeraren berri ematea
«Igerilekuarekin gutxieneko kontaktua duen edonork ikus dezake arazoa», hasi dira orain arte egindako lanen berri eman aurretik. Lehen urratsa izan zen txosten bat osatzea eta bilerak egitea herritarrekin. Kide bakoitzak ikuspuntu bat zuen, eta arrazoi horiengatik elkartu ziren. «Gutako batzuen arazoa igerilekuko leku falta da, baina beste batzuk irisgarritasun arazoa ikusten dute», azaldu dute. Arazo horietatik guztietatik «arazo globala» zein den ondorioztatu dute. «Alde horretatik talde aberatsa gara. Igerilekua egin zenetik dauden kideak gaude, gerora hasitakoak, eta orain igerian hasi direnak… Herri guztiarentzat lortu nahi den eskaera da egiten ari garena», azaldu dute. Irisgarritasunaren gaiari heldu diote lehenik taldekideek. «Gaur egungo igerilekuak irisgarritasun arazo handiak ditu. Aldagelak eta igerilekua eskailerekin daude lotuta, eta igogailua erabili nahi duenak bide luzea egin behar du igerilekura iristeko», adierazi dute. Mugikortasun urritasuna dutenen kasuan, berriz, aldagelak «onak ez» direla azaldu dute, «komun batean» aldatu behar baitute. Ikusi dutenari buruz hitz egin dute taldeko partaideek, eta uste dute edozeinek ezin dituela igo igerilekurako bidean dauden eskailera mailak: «Adin batetik aurrera arazoak dituzte igerilekura igotzeko; halere, poliki, igo egiten dituzte. Hor ikusten da herritarrek igerian egiteko zer nolako joera duten».
Ondoren, igerilekuko leku faltaz aritu dira taldekideak. «Arazo handiak» daudela uste dute IDO plataformakoek. Gaur egungo igerilekuak 27 urte inguru ditu. Hasieran ez zen igerian egiteko orain dagoen joerarik, baina «gero eta igeri egiteko zaletasun handiagoa dago Azkoitian», ekin diote. «Agian norbaitek esango du igande goizean lekua egoten dela; baina kontua ez da hori. Kontua da pertsona bakoitzak bere denbora librean igerian egiteko aukera izatea, eta hori gaur egun ez da posible», azaldu dute ziurtasun osoz. Plataformaren beste helburuetako bat da arazo horri irtenbidea ematea. «Jende asko lanetik 18:00etan irteten da, eta 21:00ak arte dute denbora librea. Ordu tarte horretan igerilekura joatea gaur egun ezinezkoa da». Leku falta hori datu objektiboen bitartez frogatu nahi izan dute, eta 2017an igerilekura zenbat jende joaten zen zenbatu zuten 2 hilabetetan zehar. «Sorosleek banan-banan zenbatu zituzten igerilekura joan ziren erabiltzaileak, eta guk datu horiek interpretatu egin genituen», hasi dira interpretazioa mamitzen: «Haurren ikasturteko ikastaroak hasi zirenean erabiltzaile kopuruak behera egin zuela ohartu ginen. Uda amaierako erabiltzaile kopurua mantenduko balitz, erabiltzaile kopuru globala bikoiztu egingo litzateke». Datu horiek zenbakiz azaldu dituzte: «Astean 1.500 erabiltzaile joaten ziren ikastaroen aurretik, eta ikastaroak hasterakoan ere erabiltzaile kopurua berdina zela ikusi genuen. Kontuan hartu behar da 500 ikasle inguru ibiltzen direla ikastaroetan», aipatu dute IDOko kideek. Datu horiek ikusita, ondoriozta daiteke ikastaroak hasitakoan lekua murrizten dela beste erabiltzaileentzat, eta horrela jendeak utzi egiten diola igerilekura etortzeari. Plataformak Maxixatzeni beste datu batzuk ere eman dizkio. Elkargunera astean 5.000 erabiltzaile inguru joaten dira, eta horietatik guztietatik 1.800 igerilekura joaten dira ; alegia, Elkargunera doan erabiltzaileen ia %36 igerian egitera joaten da.
Igerileku berria eginda, arazoari irtenbidea emango zaiola «argi eta garbi» dute plataforman. «Bi igerilekurekin, 13 kale izanda, aukera izango da herriko erabiltzaileak, ikastaroak, igeri taldeak eta bestelako ekintzak batera uztartzeko», argitu dute. Jakinarazi dute, gainera, ikastaro asko —emakume haurdunentzako ikastaroa, esaterako— ez direla egiten leku faltagatik, eta egiten direnak —aquagym, adibidez— ez direla baldintza egokietan egiten. Zubiaurre Igeri Elkarteak ere orain arte hartu ez dituen erabakiak hartu dituela azaldu dute plataformako lagunek: «Lehen igeri taldeko ikasleek ordutegi bakar batean egiten zuten ikastaroa, orain bi ordutegi dituzte». «Horrez gain, ikasle kopuruari muga bat jartzea ere pentsatzen ari dira. Arazo larria dute», jakinarazi dute. Zubiaurre ere instalazio duinen aldeko plataformako kideetako bat da mugimendua hasi zenetik. «Laguntza handia eman digu igeri taldeak, eta oso eskertuta gaude; sekulako babesa eman digute», erantsi dute. «Oso gaizki eta itota ikusten dira, eta behin eta berriz eman dizkigute eskerrak».
Inoren aurka ez, denen alde
Plataformako kideak sinadurak bildu zituzten bi hilabetetan zehar, udalari herriak zuen beharra zein zen erakusteko. 2.089 herritarrek eskatu zuten arazoari irtenbide bat ematea. Hauteskundeak datorren urtean direla-eta, helburu bakarra «igerileku bat egitea» dela azaldu dute. Ez dute gaia politizatzerik nahi, eta udalarekin izandako lehen bileran hori esan zietela baieztatu dute. «Gure nahia da datorren hauteskundeetan herriko alderdi politiko guztiek igerileku berria egiteko nahia euren programetan jasotzea».
Halere, sinadura bilketan batek baino gehiagok ukatu omen diete sinadura: «Irudipena dugu, jende batek ez duela dokumentua sinatu udal gobernuaren aurka goazela pentsatzen dutelako». Sinadura bilketaz gain, bideoak ere egin zituzten IDOko ordezkariek. «Hasi ginenean, argi genuen herritarrekin bilera bat egin nahi genuela, baina horretarako aurretik herritarrengana iritsi behar genuela ikusi genuen. Gaur egun mezu bat emateko herritarrengana ikus-entzunezkoen bitartez iristen dela garbi genuen, eta horrela hasi ginen», aipatu dute. Herrian interes «handia» sortu zela jakinarazi dute; kalean zorionak eman eta horrelako zerbait egiteko beharra zegoela ere batek baino gehiagok aitortu omen zieten. Udalean bideoak egingo zituztela jakinarazi zuten. «Dena garbi egin nahi genuen, ez genuen ezer ezkutatzeko», aipatu dute. Halere, kalean entzun omen zuten udaletxearen aurka zihoazela. «Sekulako lana egin genuen hori ez gertatzeko. Mina ematen du horrek», gaineratu dute.
Aukera bat hobetsita
Udalak eta IDOk hainbat bilera egin eta gero, igerileku berria egiteko aukeren azterketa eskatu zioten Sestra enpresari. Guztira bost aurkeztu zituen arkitektura eta ingeniaritza enpresak, baina denen artean bakarra hobetsi zuten martxoaren 7ko Hirigintzan Batzordean: gaur egun Elkarguneko belar artifizialeko futbol zelaia dagoen lekuan eraikiko litzateke igerileku berria, berdegunea kanpoko saskibaloi pistara mugituz. «Gure txostenean aurkeztutako aukeren artean zegoen hobetsi den proiektua. Egin dugun lana nonbaitera iritsi dela esateko balio izan digu», azaldu dute plataformako ordezkariek. Aukera «ona» dela uste dute taldekideek. «Bi igerilekuak alboan egongo lirateke, elkarrekin komunikatuta. Mugimendu gehiago egongo litzateke, interesgarria da eta joko gehiago emango luke», eman dute argudioa. 1.538.073,35 €-ko aurrekontua izango luke hobetsi den aukerak.
Halere, «desadostasun» bat badutela azaldu dute. «Udalean proiektuen aurkezpena egin zutenean, aurrez ez genuen informaziorik jaso. Gure asmoa zen aurrez taldean aukera guztiak aztertzea, ez genuen bilerara informatzera bakarrik joan nahi», argudiatu dute. «Proiektuetako bat aukeratuta zuten Udalean, eta guri hautatutakoa zein zen jakinarazi ziguten bilera horretan». Maxixatzeni esan diotenez, faltan bota zuten gainerako aukerak zergatik baztertu zituzten sakonago aztertzea. «Elkarlana eta gardentasuna bota genituen faltan. Ezer jakin gabe joan ginen bilerara», jakinarazi dute IDO plataformatik.
Baztertutako aukerak lau izan ziren. Proiektu horietako bat gaur egungo igerilekua handitzea zen; bigarrena, gaur egungo kanpoko saskibaloi pisten gainean eraikiko litzatekeena; hirugarrena, barruko kirol pista gainean eraikiko litzateke, igerilekuaren basoa behean eta kirol pista goian eraikiz; baztertutako azken aukera, berriz, Ugarteigaran kanpoko igerilekuetan eraikitzea litzateke. Lau proposamen horiek baztertuta gelditu ziren. «Dena hartu behar da kontuan, balantza batean jarri, eta horrela ikusita hobetsi den aukeraren alde egingo genuke guk ere», azaldu dute.
Diru laguntzen premia
Aukeren artean bat hobetsi da, baina proiektuak aurrera jarrai dezan diru laguntzak behar dira orain. Azken diru laguntzetan Gipuzkoako bost herrik jaso dituzte laguntzak igerilekuak hobetzeko. Azken hamar urteotan 8-9 igerileku hobetu dira. Udalak 2019ko aurrekontuetan diru partida bat sartuko duela ziurtatu die taldekideei: «Proiektua eta obren zuzendaritza egiteko sartuko dute aurrekontuetan diru kopuru hori». Gipuzkoako Foru Aldundiak 2017ko martxoan eman zituen azken diru laguntzak, eta hurrengoak 2020ra arte ez dira banatuko; lau urtean behin banatzen ditu. IDO taldea 2017ko martxoaren ondoren hasi zen lanean. Halere, lau urteko epe horren tartean benetako arazoa izan duten proiektuak ere diruz laguntzen dituztela jakinarazi diete Javier Zubizarreta alkateak. «Politikan eta diru kontuan guk nahi baino motelago doaz kontuak. Jakitun gara. Guk pausoak emateko eskatu dugu, ez proiektua egiteko», azaldu dute indarrez. «Aurreproiektu bat egin denean, pentsatu nahi dugu, ordea, ez dela izango bide ertzean alboratuta uzteko».
Diru laguntzak jaso arte ez da igerileku berririk izango herrian; hori garbi dute ordezkariek. Aurrera begira, baina, gaiari jarraipena eman nahi diote eta igerileku berria begiekin ikusi arte ez dute gelditzeko asmorik: «Bien bitartean kirol eta osasun munduko pertsonekin hitzaldiak antolatu nahi ditugu. Dauden proiektuak herritarrei azaltzea ere gustatuko litzaiguke». Puntu garrantzitsu bat alde dutela jakitun dira taldean: «Instalazioak klubek eta herriko erabiltzaileek erabil ditzaketen kirol bakarra da igeriketa. Denok erabiliko dugu, baina guk erabiltzaile arrunten defentsan joan behar dugu». Motibatuta eta lanerako gogotsu daude. «Igerilekuko egoera aldatu beharra dago, eta aldatuko da», esan dute Instalakuntza Duinak Orain plataformako kideek elkarrizketa amaitzeko.