Hori horrela izanda, 2018ko ekainaren 27rako pasatzeko beharra jasotzen du dekretu batek. 50 urte baino gehiago dituzten eraikinen jabeek arkitekto edo aparejadore bat kontratatu beharko dute EITa egiteko. Urte kopuru hori izan gabe ere, baldin eta eraikina zaharberritzeko, energiaren eraginkortasunerako eta irisgarritasunerako diru-laguntzak eskatzen badira, EITa Udalean aurkeztu beharko dute. Eraikinak 50 urteak ekainaren 27aren ondoren betetzen baditu, urtebeteko epea izango dute Udalean EITa aurkezteko. Azkoitian ikuskapena egin behar duten 330 eraikinetatik 190ek egin dute.
«Autoarekin Ibilgailuen Azterketa Teknikoa (IAT) egitea bezalakoa da eraikinetan EITa; filosofia berdina da», azaldu du Udaleko aparejadoreak. Eraikinak segurtasun eta bizigarritasun aldetik egoera onean mantentzeko egiten da EITa. «Begi-ikuskapena da», azaldu du teknikariak. Eraikinaren egituran, fatxadan, teilatuan eta ur sare komunetan —saneamenduan eta horniduran— egiten da ikuskaritza. Izan ere, lau gune horiek osatzen dute etxebizitza baten gune babeslea. Lau atal horietako batean sortutako arazoak izan daitezke arrakalak eta pitzadurak, hezetasuna, elementuak erortzea eta deformazioak. Horrez gain, irisgarritasuna eta ziurtagiri energetikoa ere ikuskatzen dira, baina bi horiek atal informatiboak besterik ez dira.
Ikuskapenaren ondoren, bost modutan kalifikatzen da eraikina; ondorengo balio hauetako bat hartuko du:
1. gradua: berehalako jarduketa. Pertsonentzako kalte-arriskua edo berehalako kolapsoa hautematen bada, jarduketa 24 ordu baino lehen gauzatu behar da.
2. gradua: oso premiazko jarduketa. Epe ertainean pertsonentzako arriskuak eragin ditzakeen kalteak baldin badaude. Hiru hilabete baino lehen jardun behar da.
3. gradua: premiazko jarduketa. Eraikinean kalteak eragin ditzaketen gabezia larriak aurkitzen badira, jarduketa urtebetekoa da.
4. gradua: epe ertainean beharrezkoa den jarduketa. Sistema osoan eraginik izan gabe, gero eta larriagoak izan daitezkeen akatsak hautemanez gero, jarduketa urtebete baino gehiago atzera daiteke.
5. gradua: mantentze-lanak. Arazorik ez badago edo mantentze lan egokiarekin arazoak konpon badaitezke.
Altzibar jauregia, garai bateko udaletxea.
Ikuskatu eta erregistratu
EIT azterketa nork egiten duen galdetu zaie arkitektoari eta aparejadoreari. «Legeak markatzen du aparejadore batek edo arkitekto batek egin behar duela ikuskatzea; ingeniari batek ezin du egin», esan du teknikariak. «Etxebizitza jabeak edo komunitateak kontratatu behar du ikuskapena egingo duen teknikoa», erantsi du ondoren arkitektoak. Tekniko horiek, gainera, Eusko Jaurlaritzak ezarritako ereduaren arabera egin behar dute EITa. Ondoren, emaitzen dokumentua eraikin jabeei entregatuko die, eta horiek dagokien Udalean aurkeztu beharko dute. Udalean EITa entregatu arte ez da ikuskaritza egintzat hartzen.
Urrats horiek guztiak ezinbestekoak dira, gero erregistratu egin behar baita EITa. «Euskal Herrian erregistro bat dago eratuta, eta egiten diren EIT guztiak erregistro horretan sartzen dira», jakinarazi du Udaleko arkitektoak. Azkoitiko Udalaren lana EIT erregistroak jaso eta Eusko Jaurlaritzara bidaltzea da. «Erregistroan zehazten da eraikina zein den, konpondu beharreko atalak zein diren, atal horiek konpondu dituen eta hurrengo EIT azterketa noiz egin behar duen», jarraitzen du aparejadoreak. Eraikinari EIT azterketaren ondoren, zehaztutako konponketak eginda baditu, hamar urteko baliozkotasuna izango du EITak.
Legeak markatzen dituen urratsei jarraituta, azterketarik egin ezean, zigorrak ezarriko dira. Udala da EITa kudeatzeko ardura duen erakundea. EITa ez betetzea hirigintza alorreko arau-hauste bezala hartzen da. Administrazioak betearazte-ordena emateko ahalmena du. Eraikinak konponketak egin gabe baldin baditu, administrazioak eraikin horretan egin beharreko lanak gauza ditzake, eta gero eraikin horretako jabeak behartu konponketak ordaintzera. Segurtasun aldetik herritarrei edo alboko eraikinei ez badie eragiten, ez da aplikatzen exekuzio-ordena.
Baserrien inguruko trataerari desberdin irizten diote Udalean. «Legeak esaten du bizitza erabilera duen edozein eraikinek pasatu behar duela EITa; industria pabiloiak edo zubi batek ez, baina gainerakoek bai», azaldu dute. «Baserrien ikuskaritza atzeratzeko esaten ari gara baserritarrei, hein handi batean. Ez zaigu justua iruditzen baserri bati kaleko eraikin bati bezalako aplikazioa egitea», diote arkitektoak eta aparejadoreak. «Baserrian baserritarra bera da segurtasun aldetik arriskuan dagoena, eta bera da baserria ondo edukitzea nahi duen lehen pertsona», jarraitu dute. Ahalmena, ordea, ez dute berdina ikusten. «Kaleko etxean, komunitateko kideen artean konpontzea edo baserritar batek bere kabuz konpontzea ez da berdina», azaldu dute. Hori dela-eta, baserritarrei «itxaroteko» esaten dietela adierazi dute, egoera zuzendu eta irizpideak markatu arte bederen. Izan ere, Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna (EHNE) sindikatuak EITaren dekretua alegatu ere egin zuen.
Merkatu librea denez, prezioek «aldaera nabarmenak» izan ditzaketela aipatu dute biek. «San Martin auzoko etxetxoetan, esaterako, tekniko bat hartu dute etxe jabe guztien artean, eta prezio onean lortu dute ikuskaritza egitea, denek bat eginda egin dutelako», esan du aparejadoreak. Informazio gehiago nahi duenak www.euskoregite.eus helbidean bila dezake eraikin bakoitzari noiz egokitzen zaion EIT azterketa egitea. Bertan eraikinaren kalea, zenbakia eta udalerria zehaztuta, sistemak eraikinaren eraikuntza urtea, EITa aurkezteko epea eta eraikinaren fitxa teknikoa eskaintzen ditu.