Eguzkitako kremak iragazki motaren arabera sailkatzen dira, eta ezagunenak iragazki kimikoak eta fisikoak dira. Iragazki fisikoek eguzki erradiazioa islatzen dute, eta urari erresistenteak izaten dira; pantaila fisiko eta mineral ere esan ohi zaie. Urte bat baino gutxiagoko umeetan, larruazal alergiko eta erreaktiboetan, dermatitis kasuetan, iragazki kimikoekiko intolerantzia dagoenean eta laser tratamenduak egin eta gero erabiltzea gomendatzen da. Iragazki kimikoek, berriz, eguzki erradiazioa xurgatzen dute, eta tolerantzia eta iraunkortasun ona izaten dute. Gehienetan iragazki mota hori duten kremak erabiltzen ditugu.
Eguzki erradiazioen artean kaltegarriak ultramorea (UVA, UVB) eta A infragorria (IRA) dira. Bakoitzak eragin desberdinak ditu larruazalean (epidermisa, dermisa eta hipodermisa); hori dela eta, eguzkitako krema bat aukeratzerakoan, kontuan hartu behar dira produktuak dituen eguzki iragazki motak.
ULTRAMOREAK
-UVA: dermisera barneratzen da. Erredurak sortzeko gaitasun txikia du, eta honen ondorioz sortutako azaleko gorritasunak 24 orduan desagertzen dira. Berehalako beltzarantzearen erantzulea da. Esposizio kronikoak alergiak eta zahartze progresibo eta goiztiarrak eragin ditzake.
-UVB: epidermisean geratzen da eta eguzki erreduren %90 eragiten ditu. Horretaz gain, ultramore mota hau da larruazaleko minbiziaren erantzule nagusia.
Ikur hau duten produktuek UVA/UVB erradiazioetatik babesten dute.
IZPI INFRAGORRIAK (IR)
-IRA: bero sentsazioa ematen duen erradiazioa da. Hipodermisera barneratu daiteke, eta erradikal askeak sortzearen erantzulea da. Erredurak sor ditzake eta kolageno berriaren sintesia saihesten du; horren ondorioz, zimur gehiago eta sakonagoak sortzen ditu. Uste da larruazaleko minbiziaren erantzuleetako bat izan daitekeela, baina oraindik ez dago frogatuta.
AHOLKU PRAKTIKOAK
Fotobabesa kopuru egokian, uniformeki eta 30 minutu lehenago eman osagaiak ondo barneratzeko. 12:00etatik 16:00etara esposizioa ekidin. Eguzkitako krema 2 orduan behin eman. Babes handiagoa eman alde sentikorretan (aurpegia, bularra, belarriak...).