Andres Vallejok eman zion hasiera lantegiari, hau da, Lurdes Vallejo Izagirreren (Azkoitia, 1949) eta Maite Vallejo Izagirreren (Azkoitia, 1959) aitona izan zenak. Andres uhalgilea zen, animalientzako materiala egiten zuen, eta, gerora, Jose semeak, Lurdesen eta Maiteren aitak, lanbide berari heldu zion. Animalientzako produktuak egiten zituen, eta gero autoak tapizatzen hasi zen Jose. Lurdes alaba izan zen aitarekin batera lanean hasten lehena, baina ezkondu zenean lanari utzi zion. 150 bat urte izango dira Vallejo denda ireki zela, eta Maitek familiaren lanbidean dihardu oraindik ere. Maxixatzenek barrutik ezagutu nahi izan du vallejotarren etxea.
1998an izan zen azkenekoz Maxixatzen zuenean. 20 urteren ondoren, zertan aldatu da Vallejo? Zer gauza desberdin egiten ditu?
Maite: Orduan, arropekin eta kremailerekin gutxiago sartzen nintzen. Orain, lan horiekin gehiago sartzen naiz. Zubillaga eta Martxial lantegietarako larruzko poltsak ere egiten nituen, baina lan horiek ere utzi ditut, bat multinazionalak hartu duelako eta bestea itxi egin zutelako. Bestela, ez da asko aldatu Vallejo: antzeko gauzak egiten dihardugu.
Zenbat urte daramatzazue lanean zuek, eta zenbat urte daramatza zuen negozioak martxan?
Lurdes: Gure aitonarengandik dator gure lana. Gure aitona uhalgilea zen, hau da, animalientzako materiala egiten zuen: zaldientzako lepokoak, bizkarrekoak, muturrekoak… Gauza pila bat egiten genuen. Ni aitarekin ibiltzen nintzenean, horiek guztiak egiten genituen. Eskuz lan egiten genuen, eskuz josten genuen; dena zen eskulana. Narrua ere eskuz josten zen.
Gure aita gero tapizgintzan sartu zen, animalien inguruko lana galtzen ari zelako. Tapizatzaile lana ikasi zuen gure aitak. Donostiara joatekoa zenean, ordea, gerra irten zen, eta ihes egin behar izan zuen. Gero atxilotuta egon zen preso, eta berekin batera tapizatzaile bat egon zen kartzelan. Han ikasitakoarekin, etxera itzuli zenean kotxeak tapizatzeko lanekin hasi zen, eta nik hori ikusi nuen, 13-14 urterekin hasi bainintzen.
Aitarekin kotxeak goitik behera tapizatzen hasi ginen. Ormaiztegira ere joaten zen aita, Irizar autobusak tapizatzera. Gu neska koskorrak ginela, hara joaten zen. Irizar enpresa txikia zen artean; ez zen gaur den bezalakoa. Lan hari laga egin behar izan zion, ordea, bestela Ormaiztegira joan beharko baitzuen bizitzera. Familiarekin Azkoitian gelditzeko hautua egin zuen, eta bere bideari jarraitzea erabaki zuen. Sasoi hartan dena zen kotxeetako tapizgintza, baina gogoratzen naiz pixkanaka aulkiak, besaulkiak eta abar tapizatzen hasi zela. Derrigorrez izan zen, aldaketa etorri baitzen orduan ere. Nik, ezkondu nintzenean, utzi egin nion lanari.
Maite: Udara batzuetan laguntzera etortzen hasi nintzen, eta horrela gaur arte. Ez nuen bestelako ikasketarik egin beharrik izan; horrela ikasi nuen. Zaldiena batere ez nuen ezagutu, baina kotxeena bai apur bat. Urretxuko eta Zumarragako karrozerietara asko joaten zen, baina hemen inguruko karrozeria askotan ere aritzen zen. Karrozeroak beraiek ere etortzen ziren gurera kotxeak tapizatzeko eskatzera. Nik altzariarekin lan egin dut, eta konponketetan. Bizitzan aldaketak dauden moduan, gauzak aldatzen joan behar izan dugu guk ere.
Zuentzat, zer da zuen lana? Gustuko al duzue?
Lurdes: Guk betidanik ikusi izan dugu gure lana: jaiotzetik ikusi izan dugu, familiako lana da, eta oso normala egiten zaigu. Askorentzat ez da normala hona sartutakoan ikusten dutena, baina guretzat eguneroko bizimodua da.
Maite: Txiki-txikitatik ikusi izan dugu, bai. Gauza asko ikusi ditugu hemen, denetatik, eta gauza bat ez bada bestea egiten jarraitu dugu, eta oraindik hemen gaude.
Zein da zuen bezero mota?
Maite: Azkoititik eta Azpeititik etortzen dira, neskak zein mutilak, emakumeak zein gizonezkoak. Gazte-gazteak eta adin jakin batekoak etortzen dira; denetatik dator. Aipagarria da gizonezkoak geroz eta gehiago etortzen direla. Orain dela gutxi, mutil batek banku bat egin zuela esan zidan, eta gainekoa egiteko eskatu zidan.
Gaur egungo gizarteak ba al du puskatutako materiala konpontzeko joerarik, ala berria erostera jotzen du?
Lurdes: Krisi garaian beherakada izan zen hemen.
Maite: Bolada batean iruditzen zait jendeak berria erosteko ohitura zuela, baina berriz ere zaharra konpontzeko joera hartu du. Krisi garaian jaitsiera izan zen, baina berriz goraka doa. Aldea dago, halaber, jendeak zer erosten duen eta non erosten duen. Nik hemen eskuz egiten dut lana, nire lana eskulana da. Eskuko erreminta da gurea, erreminta txikia: Grapagailuak, josteko makina, tenazak, mailuak… Horrelako gauzak.
Lurdes: Hona garai bateko aulkiak-eta ekartzen ditu jendeak; horiek aulki onak dira, eta konpondu egiten ditugu.
Hemen dituzuen materialek zenbat urte eduki ditzakete?
Lurdes: Erremintak gure aitonaren garaikoak dira; Ingalaterrakoak omen dira asko. Gure aita bizirik balego, 107 urte edukiko lituzke, eta pentsa, gure aitonaren sasoikoak izanda, 170 urtetik gora izango dituzte ziurrenik. Ez dakigu gure aitonak nondik lortu zituen erreminta horiek.
Maite: Gehienak ez ditugu erabiltzen, denak narrua lantzekoak baitira. Guk orain oso lan gutxi egiten dugu narruarekin; gerriko bat-edo ekartzen dutenean erabiltzen ditugu, baina bestela oso gutxi.
Lurdes: Hemen dugun josteko makina horrek ere urte asko izango ditu, hori ere aitonaren garaikoa baita. 150 bat urte izango ditu. Singer markakoa da, eta pentsatzen dut hemen ingurukoa izango dela.
Zergatik uste duzue jende gutxik egiten duela lan mota horretan aritzeko hautua?
Maite: Jendeak, zortzi ordu lan eginda, denbora librea du gero. Gure lan honetan zortzi ordu ez dira nahikoa; gehiago behar dira. Ni autonomoa naiz; gaixotasun bat eduki dut orain dela ez asko, eta nire pattal aldietan ere etorri egin behar izaten nuen. Etortzea besterik ez zitzaidan gelditzen.
Jendeak etxean egin ditzakeen gauzak ekartzen ditu hona.
Maite: Gure lana ondo egiteko, esku ona behar da, eta zenbat eta gehiago egin, hobeto egiten dituzu, leku eta gauza guztietan bezala. Trikimailu txiki denak dakizki horrelako lan asko egiten duenak, eta norbaitek truko horiek kontatzeko eskatzen digunean ere ez zaizkigu denak irteten; beti galtzen da bidean zerbait. Pertsona batek, esaterako, kremailera albaindu edo josi egin beharko du, baina nik orratzarekin egiten dut, horrela ohituta nagoelako.
Lurdes: Bi pertsonari sukaldeko errezeta eta produktu berberak emanda ere, bakoitzak bere erara lan egiten du, eta ziurrenik desberdina aterako zaie jakia. Bakoitzak bere lan egiteko modua du.
Aitak egin ohi zuen dena egiteko gai al zarete zuek?
Maite: Nik azken aldera denetatik egiten nuen. Kotxeekin, esaterako, ez nintzen sartzen. Ni lantegian sartu nintzenean, autoen eserleku-azalak zenbait enpresatatik ekartzen hasi ginen, osorik eginda ekartzen zituztelako. Nik horretan hasterik ez dut sekula pentsatu. Jendea merkera joaten da, eta horrela ez bada, oso-oso maiteak dituen produktuetara.
Lurdes: Ez du merezi gainera mundu horretan sartzerik. Horretarako, enpresa handia muntatu beharra dago, eta diru asko atera behar da. Enpresa txiki bat ezin da horretan hasi.
Nola banatzen duzue lana lantegian?
Maite: Tapizgintzan aita eta biok aritzen ginen. Josten, akaso, neuk jardun nuen gehiago, baina aitak ere josten zuen; makina bietan ibiltzen zen. Bolada batean gerrikoak egiten ere ibili ginen, baina orain ez du merezi. Materialak berak asko balio du, eta, gero eginda, garestiagoak dira. Materiala Bilbotik, Astigarragatik eta Donostiatik ekartzen dugu gehienbat; erosi egin behar izaten dugu. Bilbokoa beti-betikoa izan da. Curtidos Calle etxea aspaldi-aspaldikoa da, eta hortik material asko erosten dugu.
Lurdes: Txakurrentzako koilareak ere egiten zituen gure aitak, muturrekoak eta. Gaurko egunean dena egindakoa dago, seriean egin eta saltzen da, baina gogoratzen naiz lehen txakurrei neurriak hartu behar izaten zizkiela aitak.
Vallejo dendak ez du ohiko denda batek duen itxurarik. Inoiz pentsatu al duzue beste lekuren batera mugitzerik?
Maite: Gurea ez da denda bat; lantegi txiki bat da. Halere, sekula ez dugu pentsatu ohiko denda baten itxura izaterik, ez eta erakusleihorik edukitzerik ere. Beharrik ere ez dugu eduki sekula. Lehen, alboko iturriaren gainean genuen lantegia, eta ikusi ere gehiago egiten zen.
Lurdes: Aitarekin ere ez genuen horren beharrik ikusten. Beti jendea zuzenean sartzen zen hona, herritarrak, Azpeititik eta Elgoibartik. Aitonak eta aitak egindako lanagatik, jendeak bazekien non zegoen gure lantegia.
Lantegitik kanpo ere lan asko egin beharko da.
Maite: Lan batzuk egitera etxe batzuetara joaten naiz. Gauza txikiak direnean, eta gure lantegira ez ekartzearren, etxeetara joan eta bertan egiten ditut. Etxean ere josteko makina elektrikoa dut, eta, hemen josi ezin dudanean, etxean josten dut.
Egindako lan guztiekin egongo zarete gustura eta harro, baina izango duzue benetan zaila izan zen eta oso gustura gelditu zineten lanen bat, ezta?
Maite: Ba al dakizu zenbat gauza egin ditudan? Tapizgintzako lanak amaitutakoan, gure artean askotan esan ohi dugu: «Begira zeinen polita gelditu den aulki hau». Lan asko eta denetatik egiten ditut, eta, orduan, zaila egiten zait bat esatea. Lau gauza egingo banitu, jakingo nuke erantzun bat ematen.
Egunean zenbat gauza egin daitezke horrelako lantegi batean?
Maite: Asko, baina lanaren arabera izaten da. Egun batean agian aulkien oihalak askatzen ditut, eta beste gauza batekin hasi, eta beste egun batean berriz ekiten diot hasitako lan hari. Tapizgintzan, askatze lanak ematen du lanik handiena, tapizatze lanak baino gehiago; askoz errazagoa da jartzea, askatzea baino. Egurra ere mantendu egin behar duzu, baina egur lanean ez dut ezer egiten.
Konpondu duzuen gauzarik arraroena zein izan da?
Maite: Aurreko batean andere bat ekarri zidaten, ilea soltatu zitzaiola eta. Andereari ilea itsatsiko al nion galdetu zidaten, baina ezezkoa eman nien. Beste batean, gizonezko bat intxaurrak txikitzeko makinarekin etorri zen, eta errematxe bat emanda joan zen.
Lurdes: Ortopediako gauzak konpontzera ere etorri izan dira hona, narruzko materiala baldin badute. Egiteko modukoa bada, egin egiten da. Kontsultak egitera ere askotan etortzen zen jendea, eta orain ere horrela da.
Inoiz pentsatu al duzue zuen lanari utzi eta beste zerbaitetan hastea?
Maite: Bai, batik bat autonomoa naizelako. Gaixorik egon nintzenean, beste nonbait egoteko gogoa eduki nuen: baja edukiko nuke, eta lasaitasuna ere bai. Pentsatu izan dut beste nonbait lanean hastea, baina hemen nabil oraindik.
Nolako etorkizuna ikusten diozue Vallejo lantegiari?
Maite: Nire inguruko inor ez dut ikusten hemen. Galdetu izan didate bakarren batzuek nire lanaren inguruan, baina uste dut gainetik galdetzen dutela. Sakonduta, ez lukete jakingo gure lana zer den erantzuten. Ikusiko dugu.