Prozesioa, meza eta auzotarrentzako elkargunearen inaugurazioa Madariagan

Maxixatzen.eus 2018ko mai. 15a, 13:45

Gaur, sanisidro eguna, prozesioa eta meza egin dituzte Madariaga auzoan. Mezetarako kanpaiak jo ondoren, 100 lagun inguru elkartu dira mezetan eta prozesioan, eta lehen aldiz auzoko emakume batek eman du prozesioan gurutzea. Maribel Bastida izan da gurutzea eman duena. Meza amaitutakoan, 12:00etan, auzotarrentzako elkargunearen inaugurazioa egin dute.

Auzotarrentzako elkargunearen inaugurazioa

Bailaran hutsunea zegoela ikusita, orain dela bederatzi urte hasi lehen bilerak egiten. Urkomek lagundu zien auzotarrei lehen mugimenduak egiten. «Auzoan arazo bat zegoela jakinda, Felix Azurmendi erretorea baserriz-baserri ibili zen, arazoa zein zen gertutik ezagutzeko», azaldu du Miguel Angel Bastida zinegotziak eta Madariagako auzotarrak. «Komun publikorik ez zegoen, mezara jende gutxi hurbiltzen zen, baina mendira jende asko etortzen da», jarraitu du gero. «Felix Azurmendi erretoreak tokia utziko zuela agindu zigun, eta toki hori garai batean ferratokia izandakoa da. Autorik eta ez zegoen garaian, kamioiek eta pentsuak husten zituzten gunea da gaur auzotarrentzat aurkeztu duten gunea. «Horren atzean zen ferratokia ere», jakinarazi du du zinegotziak.

Bizi guztian bailarakoek erabili duten gunea izan da gaur aurkeztu duten elkargunea. 175.000 euroko aurrekontua izan dute lanek. 107.000 diru laguntzen bidez lortu dute, eta gainerakoa Azkoitiko Udalak jarri du. Madariagako biztanle bezala, udalari, Javier Zubizarreta alkateari eta Felix Azurmendi erretoreari eskerrak eman dizkie Bastidak.

Alkateak uneoro izan den «intentzio ona» goraipatu du. «Intentzioak elkartuko gaitu eta intentzio horrekin aurrera irtengo du Madariagak. Proiektua aurrera eramaten jardun dutenei eskerrak eman nahi dizkiet», adierazi du alkateak auzotarrei gozatzeko esaten zien bitartean. Madariagako auzoa «bizirik» eta «zorionean» bizitzea eskatu du.

Azkenik Felix Azurmendi erretoreak hitz egin du, eta «guztien ahaleginak» eskertu ditu. Elkargunea herritarren diruarekin herriarentzat egin dela azaldu du, eta hori zoriontzekoa eta eskertzekoa dela gehitu du. «Pozik sentitzen naiz. Dena auzoari laguntzeko egin da; auzoaren zerbitzuan jartzea egin beharrekoa zen. Pausoak ematen hasteko eskatu zidaten eta azkenean lortu da», esan du bertaratu direnen aurrean. Azkenik, Azurmendik elkargunearen bedeinkapena egin du.

Ikusi sanisidro eguneko prozesioa, bideoan:

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide