Iñigo Aranbarri: «Zure aurpegi desberdinen esajerazio bat da antzerkia»

Maxixatzen.eus 2018ko mai. 5a, 11:00

Iñigo Aranbarri, aktorea.

Iñigo Aranbarrik (Azkoitia, 1983) aktore lana du ogibide, eta, horrekin batera, hezkidetza gaiari lotutako tailerrak ematen ditu Nafarroako hainbat eskolatan. Antzerkiak kulturarako interesa handiagotu diola esan du, eta gizartean pixkanaka antzerkia lekua hartzen ari dela iruditzen zaio. Dioenez, etorkizunean ikusle irizpidedunak izateko, beharrezkoa da jendea antzerkia ikustera joatea, eta antzokietako programazioan gehiago arriskatu beharra dago.

 

Gaur egun Iruñean bizi zara. Nolatan?

Bizitzen jarri aurretik, Nafarroan ibili nintzen naiz hezkidetza tailerrak ematen; bikotekideari han doktoretza beka baterako aukera sortu zitzaion, eta, nire ofizioak berekin dakarren nomada izaera baliatuz, biok joan ginen Iruñera.

Noiz hasi zinen aktore lanetan?

Unibertsitate ikasketen bigarren urtean, lana gustuko ez nuen zerbaitetan egin beharko nuela onartu nuen, eta, zaletasun baten bila nenbilela, neure buruari esan nion: «Hiri antzerkia egitea gustatzen zaik, ba». Eta Donostiako antzerki talde batean eman nuen izena.

Erraza al da zuretzat aktore lana?

Gustuko dudan lana da. Beste pertsonaia batzuen azaletan sartu eta gertaerak haiengandik bizitzeko aukera ematen du. Hori da zailena eta ederrena aktore lanean. Inor ez dut uste denik halako edo holako, eta kito. Denok ditugu mila fazeta, eta horietan sartzeak badu terapeutikotik, gizartearentzat politikoki zuzenak ez diren erreakzioak dituzten pertsonaiekin batik bat: agresiboak, ilunak, itzalak agerian dituztenak...

Zure ustez, aktore gisa zein da zure ezaugarririk onena? Eta hobetzeko duzuna?

Esango nuke patxada dudala eskaintzeko. Urduri zaudenean, heldu niri eta lurra ukituko duzu. Horren beste aldea litzateke momentu honetan asko landu nahian nabilena: eszena bakoitzari bere erritmoa bilatzea. Bere arnasa du egoera bakoitzak, gaur eta bihar desberdina dena, eta zure barne erritmotik aldentzeko aukera behar duena.

Zein izan da antzeztu duzun pertsonaiarik gustukoena? Eta zailena?

Neuregandik gertuen daudenak izango ziren gehien kostatakoak. Izan ere, ñabardurak aurkitu behar dituzu, eta, zeure pertsona gertuegi izanda, maskara finegia izan daiteke, zeu azpian ikusteraino. Maskararen babesa beti da eskertzekoa, askatasuna ematen baitizu, norbere “ego” edo “ni” horretatik askatzen saiatuta —lortzerik baden ez dakit— nahi duzuna kontatzeko.

Telebistan nahiz antzerkian ikusi zaitugu, baina zein duzu nahiago bietatik?

Oso desberdinak dira bi mundu horiek, bi kode erabat desberdin. Telebistak, zinemak bezala, bata bestetik oso urrun egon arren, kamera aurreko kodea eskatzen du; espresio modu sotilagoa, keinu txiki batekin pantailan asko konta baitaiteke. Lehenengoan presaka egiten da lana, nire esperientziaren arabera, produktua batere mimatu gabe. Zineman erabaki gehiago hartzen dira produktuaren mesedetan, ikuspegi artistikoan, bai grabaketa prozesuan, bai muntaketan. Antzerkian, berriz, beharrezkoa da ahotsez zein gorputzez proiektatzea, zure energia azken eserlekuraino irits dadin.

Aurreko batean aitak bota zidan berari buruan iltzatu zitzaion Albert Boadellaren aipu hau: «Teatroa minimoarekin maximoa egitea da, eta zinema, maximoarekin minimoa egitea». Ederra iruditzen zait definizioa.

Zer eman dizu oholtzak?

Ofizioa. Neure burua bilatu, munduan kokatu eta egiten dudanak gizarteari eman diezaiokeenak zentzua duela konturatzea. Horrekin batera, batzuetan beste esfera batekoa dirudien jendea lurrera ekartzen lagundu dit. Antzerki munduko jendea farandula delakoan kokatzen dugu sarri, «zuek bai ondo bizi» eta horrelakoak esanez. Antzerkilari baten lana, obra bat prestatzeko atzean dagoena –emanaldi aurreko prestatze lanak eta desmuntatzeak–, edozein obreroren lanetik hain urrun ez dagoela konturatzeko balio izan dit. Haize gutxi eta lan gogorra, beste edonorena bezala.

Kulturaren manifestazio modu bakoitzak eskaintzen duen ondare ez-materialaz eta gizarte baten imajinarioa sortzeko duen botereaz hausnartzera ere eraman nau. Oro har, kulturaren gaineko interesa eman dit antzerkira gerturatu izanak.

Asko aldatzen al da Iñigo agertokian?

Azken finean zeuregandik sortzen dira zure pertsonaiak. Zure aurpegi desberdinen esajerazio bat da. Barruan denetik dugula uste dut. Baina bai, aldatu, aldatzen naiz, noski: fisikoki, janzkera, jestuak, ahotsa, erritmoa... Zeure burua transformatzeko tresnak dira.

Oholtza gainean gidoia ahaztu eta inprobisaziora jo beharrik izan al duzu sekula?

Bakarrizketa batean gertatu zitzaidan. Aukera gutxi duzu laguntza eskatzeko horrelako egoera batean. Momentuan zetorrenarekin akordatu ezin, eta buruan nuen hurrengoarekin jarraitu nuen. Behin neure onera etorrita, esan gabe utzitakoa berreskuratu nuen eta halako collage batekin moldatu nuen egoera.

Talde lanean, giltza beti besteak emango dizu, bai testua ahaztu duzunean baina baita testua espero bezala doanean ere. Berak esateko modua aldatzen badu, zentzua moldatuz, zuk ezin azken emanaldian bezala erantzun. Hor dago antzerkiko inprobisazioa.

Erdaraz ere lanak egindakoa izango zara. Nola sentitzen zara?

Nire ama hizkuntzan adina eroso ezin sentitu, noski, baina ondo moldatzen naiz gazteleraz. Ingelesez lan egitea ere tokatu zait, eta moldatu izan naiz. Hizkuntzen arteko zubi logiko eta ilogikoak oso gustuko ditut.

Zein generotan moldatzen zara ondoen? Eta okerren?

Dramarako joera garbia dut. Erritmo kontua delakoan nago, genero batetik bestera aldatzen dena erritmoa baita.

Eskarmentu handiko aktoreekin lan egindakoa zara; zein izaten dira haien gomendioak?

Gomendio gutxi izaten da lanean. Azken finean, haiek ere beste batzuen ondoan ikasitakoak dira, besteengandik baino gehiago. Funtzionatzen duenaz edo erortzen denaz zeu konturatzean dago gakoa. Bizitzan bezala, kanpotik alfer-alferrik esango dizute gauzak nola diren, zeu jabetu ezean barrutik pasatu gabeko prozesu erdizkakoan geratuko delako ikasketa.

Telebistan aritutakoa zara, ‘Goenkale’, ‘Pilotari’ eta ‘Eskamak kentzen’ telesailetan. Hiruretako zeinetan aritu zara erosoen? 

Bizitzako fase desberdinetan etorri zen aukera bakoitza, eta neu sentitzen nintzen momentuak markatu zuen bakoitzean izandako sentsazioa. Goenkale 23 urterekin hasi genuen, telebistak medio bezala kontatzen zuenarekiko eszeptizismo handiz begiratzen nion garaian. Barru borroka asko izan nituen, eta, lehen denboraldia egin ostean, utzi egin nuen. Pilotari ondoren, produktu berri bat zela eta, zerbait desberdina egiteko ilusioa nabari zen, eta neuk ere ilusioz hartu nuen. Etorri bezala joan zen, bi denboraldiren ostean.

Ordutik, ETBn fikzioak ikaragarrizko beherakada izan du. Egin diren produktuek denboraldi bat baino gehiago egiteko zailtasun asko izan dituzte, eta gero eta apustu kontserbadoreagoak egiten dira edukiari dagokionez, gazteei zuzendutako eta funtzionatu izan duten formulak errepikatuz, Goazen adibidez.

Film luzeetan parte hartu al duzu inoiz? Asmorik bai?

Kamera aurreko lana asko gustatu izan zait beti. Film laburretan parte hartu izan dut modu amateurrean, eta gustura aritu izan naiz. Baina film luze profesionalen mundua urrun ikusten nuen. Gertatu zen halako aldaketa bat Loreak filma ikusi nuenean. zineman ginen, filmeko kredituei begira, eta pentsatu nuen: “Muturra sartzeko intentoa jo beharko dut, ba”. Jende ezaguna lanean ikusita, neu ere hain urrun ez nengoela sentitu nuen.

Aurten egin ditut nire lehenengo rol txikiak. Oreina filmean lantalde oso ederrarekin egin nuen topo, eta protagonista lanetan neure antzerkiko ikasle izandako gazte bat topatu nuen, gainera. Ilusio ederra egin zidan! Vitoria 3 de marzo filmean ere rol txiki bat izan nuen. Plazera izan da horrelako aukerak izatea.

Azken lana Gure oroitzapenak film luze kolektiboa osatuko duten film laburretako bat da; Adabaki produkzioko lagunekin batera egingo dut. Askoz esperientzia intentsoagoa eta kolektiboagoa izan da, inplikazio handiagoa eskatu du. Aurrekontu aldetik umilago izateak dakartzan bi aldeak: barkuan datorrena dirua ez den beste zerbaitegatik dator, proiektuak sortu dion ilusioagatik, eta prozesuak berak ikaragarrizko garrantzia hartzen du lanorduez gain elkarbizitza ere konpartitzen delako sarri. Ederra da pasioak mugitzen duena. Bitarteko gutxi izanagatik ere oso jende profesionalarekin lan egin dugu, Errementari filmeko arte zuzendariarekin esaterako.

Azkoitiko Matadeiko antzerki jardunaldien antolaketan ere buru-belarri ibili izan zara. Nola ikusten duzu Azkoitiko antzerkiaren egoera?

Herriko antzerkiaren egoerari buruz hizketan ez naiz batere inpartziala, erabat inplikatuta sentitzen bainaiz. Egia da garai batean Olinpian ere egiten zutela antzerkia herritarrek. Herrian antzerki taldeak ere izan dira, eta, beraz, egiteko tradizio hori izan da, joan-etorrian dabilena. Antzerkia ikustera doan herria da txanponaren beste aldea, errituari zentzua ematen diona. Eskaintzen zaionean jendeak erantzuten duen sentsazioa dut, ikuslegoa eskertua dela oso. Kontua da zer eskaintzen zaion. Aukeratzeko eskumena eta boterea dutenek zenbateraino mimatzen duten antzerkia, herriz herri zer dagoen ikustera mugitzen ote diren edo udalera iristen zaien menutik aukeratzen duten herriak urte osoan jango duen antzerki eskaintza. Aukeratzeko moduak eta bitartekoak mila dira. Horri lotuta, ez da gauza bera udalak planteatzen duen modua eta Matadeiko jardunaldietara datorrenari eskaintzen zaiona. Bi mundu dira, biak ere beharrezkoak antzerkia hilko ez bada.

Antzerkiaren osasunari buruz hitz egiten hasteko, antzerkiak bere lekua egina izan behar du gizartean lehenik. Horretan ari garen sentsazioa daukat, leku bat egiten antzerkiari. Betidanik hor izan bada ere, azkenaldian gazte jende gehiago nabari dut antzokietan, eta oso pozgarria zait hori. Etorkizunerako ikusle irizpidedunak nahi baditugu, antzerkia ikusten duen jendea behar dugu. Horretarako, oso beharrezkoa da Baztartxon programazioa egotea, zuriagoa —beste herrialdeetako arrakasten adaptazioei eta arrisku handirik gabeei aukera emanez—, eta Matadeixen jardunaldietan ikus daitezkeenak egungo euskal antzerkiko perlak izan daitezke; dena dela, hor ere badago gehiago arriskatzea.

Baztartxo antzokia hotza dela diote. Nola sentitzen zara etxean?

Antzoki gisa zinemarako egina dela esango nuke. Antzerkirako estimatzen ditudan aretoek agertoki baxuagoa izaten dute, publikoa gertuago sentitu ahal izateko. Baztartxon, jendearen gainetik zaude fisikoki, eta horrek, sinbolikoki esanguratsua izateaz gain, distantzia markatzen du. Alderantziz beharko lukeela iruditzen zait.

Bestalde, Matadeixen Gure bide galduak egin genuenean sentitu nintzen benetan etxean, gertutasun horrek beste sentsazio bat ematen dizulako, antzerkiak berekin dakarrena. Baztartxon antzeztu dudan bi aldietan, eroso eta lagunen babes handiarekin sentitu naizen arren —azkenekoan ere han ziren aurrealdeko bi ilara hartuz, aupa zuek!—, distantzia nabaritzen da publikoarekiko.

Zein izan da zure ibilbideko lanik arrakastatsuena? Eta gehien bete zaituena?

Etorritako jendearen aurpegian ikusten zen zirrarari buruz ari bagara, Gure bide galduak eta Arrastoak lanekin izan genuen sentsazio hori. Aldiz, jende oldeak antzokia betetzeari buruz ari bagara, Txarriboda ari da hori lortzen. Konpainiatik promoziorako esfortzu handia egin da, eta jende ugari ekartzen ari da antzokietara.

Egia esan, parte hartu ahal izan dudan proiektuek ondo funtzionatu izan dute, eta jendearengana iritsi dira. Bereziak aipatzekotan, Dejabu panpin laborategiaren barruan egin ditugun lanen sentiberatasuna eta poesia asko maite ditut. Arrastoak nire kuttunen artean gordea dut.

Zein beste pertsonaia gustatuko litzaizuke antzeztea? 

Pertsonaia ilunen bat gustura interpretatuko nuke, itxura batera kaletar arrunta dirudiena. Bizilagunak gertaera programetan «oso jatorra zirudien» moduko deklarazioak egitera eramango lituzketen horietako bat.

Urteetako esperientzia izanda, casting asko egin behar izaten al dituzu? Edo deiak jasotzen dituzu?

Egia esan, casting gutxi egin izan ditut nire ibilbidean. Uste dut esperientziagatik baino gehiago, Euskal Herrian lana egitean, nik lana egin izan dudan jendearen lanerako modua jende ezagunarengana jotzea gehiago delako. Vitoria 3 de marzo filmerako egin zidatela castinga, bai. Besteetarako, kontaktuen bidez, lanean ikusi nautelako edo erreferentzia pasatu dietelako deitu izan didate. Gertutasuna eta kontaktu sareak dira hemengo estrukturaren ezaugarria. Produkzioa handitu ahala, distantzia hartzen da, eta horrek berekin dakartza zure balioa erakusteko aurrez egin beharreko probak.

Non mugitzen zara gehien, Euskal Herrian edo kanpoan?

Euskal Herrian mugitu izan naiz beti. Madrilera irten diren ingurukoak baditut, eta egia da beti izan dela amets bila hara joateko tendentzia, han dagoelako produkzio bolumen handiena, baina baita aktore kopuru handiena ere. Lehia basatiagoa dela entzun izan diet gertukoei.

Aurrera begira, non ikusi nahiko zenuke zeure burua?

Lenean. Antzerkian beti arituko naizen sentsazioa dut, oso gustuko baitut jendaurreko momentuko bizipen horien sentsazioa. Kamera aurreko lanak egiteko ilusioa daukat orain, eta ziur nago gauzak aterako direla; helburua bistaz jota edukitzeak beti laguntzen du bidean.

 

Motzean:

Film bat: Manchester by the sea drama eta Si puo fare alaia. Bi pelikula handi.

Antzerki bat: La niña que suela lunas también se mea en la cama. Antzerkiak zuen botereaz jabetu nintzen. Istorio gogor bat modu arinean kontatu eta barrua izoztu zigun. Txalorik ez zen izan bukaeran, eta istorioari bueltaka etxera.

Telesail bat: Six feet under. Pertsonaiek egoera arrunten aurrean duten konplexutasun ederra.

Antzoki bat: Matadeixe.

Sortzaile bat: Joxe Mari Goenaga. Haren gidoiak eta kontatzeko moduak asko iritsi zaizkit beti.

Eredu bat: Ainara Gurrutxaga. Ikuspuntu oso potentea duen sortzaile intuitiboa.

Oholtza ala pantaila: oso antzerkizalea eta zinemazalea naiz.

Talde lana ala bakar lana: talde lana, zalantzarik gabe. Bakarrik, pertsonala izan arren, kolore bakarra duzu. Gainera, neure kasara konstantzia falta dut.

Bizitzeko leku bat: tarte baterako, Salvador Bahia edo Berlin. Luzerako, Iruñea. Nagoen tokian, gustura nago.

Bidaiatzeko herrialde bat: Asiako tokiak. Mongolia eta Iran ditut begiz joak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide