Floreagako auzokideek 720 sinadura bildu dituzte, auzoan irisgarritasuna bermatzea eskatzeko

Maxixatzen.eus 2018ko api. 26a, 17:38

Floreagako bizilagunek 720 sinadura aurkeztu dituzte gaur udaletxean, auzoan irisgarritasuna hobetzea eskatzeko.

Floreaga auzoko bizilagunek, auzoko irisgarritasuna hobetzeko helburuarekin, 720 sinadura lortu dituzte, eta horiek aurkezten izan dira gaur goizean udaletxean. Floreagan, 16 urtetik gorako 821 pertsona bizi dira, eta hamar egunetan 720 sinadura lortu izana, % 83a, «oso kopuru esanguratsua» dela azaldu dute. Gainera, «oso jende gutxik» egin diola uko agiria sinatzeari nabarmendu dute.

 

Auzoko irisgarritasun «larria» hobetzeko helburuarekin, lehendabizi batzorde bat osatu zuten auzoan, iazko irailean. Batzordeko kideek udaleko alderdi guztiei eskatu diete gaiaren inguruan kontzientziatzea eta gaiari lehentasuna ematea. Arazoari konponbidea emateko, behar diren elementu mekanikoak ezartzea eskatzen dute: arranpak, igogailuak…

Oraingoz, sinadurak bildu dituzte auzoan, eta guztira 720 sinadura aurkeztu dituzte udalean. 720 lagun horietatik 681 auzoko bizilagunak dira, eta gainontzeko 39 lan edo familia arrazoiak tarteko auzora egunero joaten direnak.

Sinadurak jaso dituzten agirian bi eskari aurkeztu dituzte udalean: batetik, eskatu dute aurtengo urtean irtenbide teknikoen, kostuen, finantzazioaren eta diru laguntzen inguruko azterketa bat egitea; eta, bestetik, udalak gaiaren inguruan hartzen dituen erabakien berri izatea batzordeko kideek eta beraiek ere prozesu horretan parte hartzea. «Noski, ez dugu eskatzen biharko arazo guztia konponduta izatea, baina bai gaia modu serio batean lantzen hastea. Arazo honek epe laburreko irtenbideak behar ditu. Gizagabea da egoera honekin jarraitzea», azaldu dute batzordeko kideek.

Gaineratu dute «kezka» sortzen diela 2015erako eraikia izan behar zuen igogailuaren proiektua bertan behera utzi izana udalak, badirudielako «arazoa desagertu» egin dela udalarentzat.

Bestalde, udalak auzoan aurrera eramango dituen bestelako lanen inguruko informazio orriak ipini ditu auzoko bebarruetan, gastuen aurrekontu eta guzti: besteak beste, argiteria, ur zikinen sarea, espaloiak eta abar hobetzeko. Batzordeko kideek «txalotu» egiten dute inbertsio hori, «gainerako auzoetan bezala, Floreagan ere mantentze lanak aurrera eraman behar direlako», baina hori ez dela «nahikoa» uste dute. «Arazo larriena» irisgarritasuna delako, eta hobekuntza horiekin irisgarritasuna «ez dutelako hobetuko».

Azkenik, batzordeko kideek alkatearekin biltzea eskatu dute, sinadura horien atzean dagoen eskariaren inguruan hitz egiteko.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide