Aldalur, 100 urteko haria

Maxixatzen.eus 2018ko api. 15a, 09:55

Maria Jesus, Itziar eta Olatz Aldalur ahizpak, Aldalur dendan.

Aldalur jostundegiak 100 urte bete berri ditu. Familiako hariari tiraka, mendea bete dute oihal, orratz eta hari artean. Juan Jose Aldalur aitonak hasitako bideari Pedro Aldalurrek jarraitu zion, gaur egungo dendaren arduradun diren Olatz (Azkoitia, 1951), Itziar (Azkoitia, 1953) eta Maria Jesus (Azkoitia, 1960) ahizpen aitak. Familiako negozioaren urteurrenean hiru ahizpak elkartu, eta Aldalur familia gertuagotik ezagutu du Maxixatzenek.

 

Hiru ahizpek lehenago hasi zelako ustea zuten, baina udaleko artxiboan aurkitutako zerga agiri bati esker jakin zuten Juan Jose Aldalur aitona zenak 1917an eman ziola hasiera joskintza negozioari. Azpeitian eta Zumaian zeuden jostundegi banatan ikasi zuen aldalurtar familian gaur ezagutzen den lehen jostunak, Ugarteigaran baserrian jaiotakoak. Azkoitiko Aranguren lantegian eta Gasteizko joskintza eskolan ere aritu zen geroago, gehiago trebatu nahian. Azkoitiko Kale Nagusiko 83. zenbakira ezkondu zen, Plaza Berrira, eta bertan ireki zuen lehenengoz Aldalur jostundegia. Urte batzuen ondoren, baina espaloiz bestalde, gaur egungo denda dagoen etxera egin zuen jauzia, eta bertan egin ditu mendea bete duen dendak urterik gehienak. Kale Nagusiko 104. zenbakian dago ordutik Aldalur jostundegia.

Juan Joseren Pedro semeak jarraitu zion aitak hasitako bideari. Donostiako La Fuente jostundegian ikasi zuen hark etxean bi begiekin egunero-egunero ikusitakoa. Gero, Bartzelonan mozketa eta jantzigintza titulua lortu zituen, 1948. urtean. Ikasketak bukatu bezain laster itzuli zen jaiotetxera, eta aitaren ondoan ikasitako guztia praktikan jartzeko ordua iritsi zitzaion.

Oso gutxi dira gure herrian 100 urte betetzera iritsi diren dendak, eta, mendea betetzera iristeko sekretua galdetuta, «sekreturik ez» dagoela azaldu du Aldalur alabetan gazteena den Maria Jesusek. «Aitona Juan Josek, hasi zenean, gustuko zuen lana. Bere lana zen, eta gure aitari ere ofizio hura ikaragarri gustatzen zitzaion», adierazi du. «Gero gu iritsi ginen, arrazoi desberdinengatik. Aitona eta aita sastre edo jostun lana egitetik bizi izan ziren. Guk, gai berean, arropa fabrikatuekin lan egiten dugu ».

Etxeko negozioa

Familia lana izan da eta oraindik ere hala da aldalurtarrena. Agerian uzten dute hori erakusmahaira atera dituzten zuri-beltzeko argazkiek. Aitonaren garaietan, biribilean elkartuta, artisau edo eskulangile batzuk bezala, orratzari eta hariari tiraka ikus daitezke. «Familia giroko lana, benetakoa, gure gurasoena zen», dio Itziarrek. Juan Josek eta Pedrok etxean egiten zituzten arropak, eroslearen gustura beti. «Arroparen azalean etiketa bat jartzen genuen josita. Diseinu aldetik, baina, ez zegoen ezaugarri berezirik. Etortzen ziren bezeroari beren gustura egiten zitzaien arropa. Hori da gure ezaugarri nagusia», argitu dute. Egindako arroparen aldeko hautua egin zuten, ordea, hiru ahizpek, aitonak eta aitak ez bezala. Ordu asko sartu beharreko lana zela azaldu du Olatzek, oso-oso lotua zela: «Aita jubilatu zenean, erabaki bat behar izan genuen hirurok, eta arropa fabrikaturekin baldin bazen ere dendan jarraitzea erabaki genuen. Arropa mundua betidanik ezagutu dugu, eta egindako arropetara ere erraz moldatu ginen». Maria Jesusek, gainera, barrutik irten zitzaien zerbait izan zela azpimarratu du. Hasieratik asmatu zutela dio, jendeak erantzun egin zuela, eta, hori ikusita, 30 urtez jarraitu dute dendan, gaur arte. Eta, su horren bueltan, Olatzek, Itziarrek eta Maria Jesusek ere ikusi, ikasi eta ezagututakotik tiratu zuten. «Guk ez genuen ikasketarik egin. Etxean ikusi eta ezagutu genuen joskintza zer zen», azaldu du Itziarrek. Orduan, kanpoan fabrikatutako arropak ekarri eta konponketak egiten zituzten, besterik ez. «Josten eta konponketak egiten jarduten genuen gurasoekin etxean, laguntzen. Oso lotua da jostunaren lana, eta garbi genuen ezkonduta, eta umeekin, ez geniola aitonak eta aitak hartu zuten bideari jarraituko», azaldu du Itziarrek.

Ondo gogoan dituzte hiru ahizpek nolakoak izan ziren hasierako urte haiek, dendaren ardura hartu zutenean. «Bidea jarria genuen. Aita sastrea zen, eta asko lagundu zigun haren izenak. Aitona eta aitagatik, beti Aldalur izango da hau», dio Maria Jesusek. «Lehenik alkandora batzuekin hasi ginen, ikusteko ea jendearengana iristen ginen edo ez. Gerora baieztatu ahal izan genuen iritsi ginela», esan du, hasierako urte haiek gogoraraziz. Ahizpa zaharrenak, Olatzek, lana tokatzen zen moduan egin izan dutela jakinarazi du, lehen ere horrela egiten zutela eta: «Jendeari erantzun, konponketak egin... Denontzako egon da lana gurean».

Denen artean dena egin behar izate horretan, ordea, ondo moldatu dira, eta hor non aurkitu sekretua. «Ahizpak izanda, elkar oso ondo ezagutzen dugu», hasi da Maria Jesus. «Arazorik ez dugu izan gure artean. Etxe denetan bezala, ikuspuntu desberdinak izan ditugu, baina aurpegira gauzak esateko ere askatasun handiagoa dugu. Lagunak izango bagina, gehiago kostatuko litzaiguke», esan du ahizpa gazteenak. Olatz ere bat dator familia giroa «ona» izan dela: «Laneko giroa desberdina da ahizpak izanda: denbora azkarrago pasatzen da».

Kanpotik ahalik eta marka onenak ekartzen saiatu ziren aldalurtarrak. Zailtasunak ere aurkitu zituzten herrira ezagunak ziren markak ekartzeko, baina, izerdi eta lan askoren ostean, lortu zuten. Bi markaren inguruan aritu da Maria Jesus. «Caramelo ordezkari baten bitartez lortu genuen. Hark bazekien nola lan egiten genuen, nola egiten genituen ordainketak eta abar. Caramelok bezero gehiago ez zituela nahi esan zuen garai hartan, baina ordezkari haren bitartez marka lortu genuen. Burberry lortzeko, berriz, dendan berritze-lanak eskatzen zizkiguten. Denda zegoen bezala ez ziguten onartzen, baina, kostata, hura ere lortu genuen». Marka horiek behin lortuta, eta aurrez aita zenak egindako bezeroei jarraipena emanez, herriko bezeroez gain, Azpeitia, Zestoa eta Elgoibar herrietako gizonezkoak ere Aldalur dendan sartu-irtena egiten ikusitakoak dira.

Izen ezagunak inola ere moda munduan Caramelo eta Burberry. «Dendari prestigioa ematen dio horrelako markak edukitzeak. Burberry hartzea, esaterako, Aldalur dendari izena ematea zen. Oso ondo saldu izan dugu marka hori. Dendara sartu, arropa probatu, eta gehienetan esan zuten: ‘Hauek bai’. Oso ondo gelditzen ziren soinean», gogoratu du Maria Jesusek. Izen handiko markekin lan egitea, beraz, ez da oztopoa izan Aldalur dendarentzat. «Gure dendara sartzen denak badaki zerekin egingo duen topo: etxe onetako markak eta produktu onak aurkituko ditu». Produktuak, izenak eta markak alde batera utzita, Maxixatzen hartu duten bezainbesteko mimoa izan dute aipagai. Hori ere kontuan eduki beharreko ezaugarria omen da aldalurtarrentzat. «Bezeroei ahal den dena ematen saiatzen gara: produktua nolakoa den ukitu, etxera probatzera eramateko aukera eskaini... Denda txikiek horrelako zerbitzuak ematen dituzte, gu horrela ohitu gara», azaldu du alaba gazteak.

Aitonak eta aitak historian gizonentzako arropekin lan egin ondoren emakumeentzako arropak saltzea inoiz pentsatu al duten galdetu diegu hiru ahizpei; galdera ausartegia agian. Hiru ahizpen erantzuna garbia da: gizonezkoekin hasita, gizonezkoekin jarraitu behar. «Ez dakit gure aitonak eta aitak egindako lanak eraginik izan duen edo ez, baina, gizonezkoenarekin sartuta, horrela jarraitzea erabaki genuen». «Eskaintza batek baino gehiagok egin izan digu, baina zailagoa da», azaldu du Maria Jesusek. «Planteatu izan digute, baina, geure burua gehiago zailduko genuela ikusita, ezezkoa erabaki genuen», jarraitu du Itziarrek.

Aitorpen bat ere egin dute hiru emakumeek: gizonezkoen arropa denda izanagatik, emakumezkoak izaten dira dendako bezero ohikoenak. «Lehen, alboan Alameda taberna genuen, eta taberna aurretik gizonezko pila bat pasatzen zen. Guk geure artean pentsatzen genuen: ‘Nork begiratuko dio, ba, gure erakusleihoari?», galdetu dute ahizpek. «Ba, hurrengo egunetan, gizon haien emazteak etortzen ziren erakusleihoan zegoena euren gizonei gustatu egin zitzaiela esan eta erostera», dio Maria Jesusek. «Gizonezkoek beraientzat behar zutenean ederki begiratzen zuten erakusleihora!», azaldu du, barrez. Pixkanaka, baina, aldaketa sumatu dute Aldalur dendan: gero eta gizonezko gehiago sartzen dira dendara arropa erostera. «Lehen, gizonei asko kostatzen zitzaien dendara sartzea, baina gerora hasi dira», azaldu du Olatzek.

Erakusleihoa, Aldalur dendan ere, beharrezkoa da. Mendea bete dutela erakusteko, igaro berri diren Gabon jaietan «100 urte» jartzen zuen kartel argiztatu bat eduki dute erakusleihoan. Garrantzi handia ematen diote dendak dituen leihoetatik kalera erakusten denari. «Astero aldatzea edukiko bagenu, aldatuko genuke, baina…», hasi da Maria Jesus. Hamabostean behin aldatzen dutela jakinarazi du Olatzek, eta euren gustura jartzen dutela gehitu du Itziarrek. «Erakusleiho txikia da, eta ezin dugu maniki handirik jarri. Geure neurrian, baina beti zerbait jartzen dugu dekoratzeko: koadro bat ez bada, beste zerbait», dio Itziarrek.

Eta, erakusleihoaren inguruan hizketan, lehia edo konpetentziaren gaia irten da mahai gainera. Azkoitian ez da gizonezkoen arropa saltzen duten arropa denda asko egon, gutxi batzuk. «Guretzat konpetentzia edukitzea kalterako zela esaten zuten askok. Guretzat askoz hobe da saltoki gehiago egonda, baita gizonezkoen arropa bakarrik saldu behar badute ere», dio, indarrez, Maria Jesusek. «Zenbat eta denda gehiago egon herrian, hobe. Denda batzuk guk erabiltzen ez genituen markak zituzten, eta denda haietan aurkitzen ez zutenean gurera etortzen ziren, edo alderantziz: gurean aurkitzen ez zutenean, denda bat edo beste aholkatzen genien. Denek dena indartzen dute», jarraitu du gazteenak. «Gure kalea dendaz josita edukiko bagenu, nahiago genuke. Beste mugimendu bat izango genuke herrian», esan du Itziarrek. Horrez gain, aspalditik ohartuta daude erosteko kontzeptua ere aldatu egin dela. Lehen, erakusgaiak erakusleihoan ikusi, eta zeuden moduan erosten zituzten bezeroek, oso-osorik. Orain, baina, beste era batera omen da dena: «Lehen, erakusgaiak ikusi, eta bezeroek esaten zuten: ‘Hara, hau berarentzat eginda dago’. Lehen, bezero klase hori zegoen; gaur egun, dendara etortzen bada, ondo, eta gero gerokoa. Asko, etxean duten arroparekin osagarri egiteko arropa bila etortzen da. Zailtasunak beti egon dira, baina, orduan baino gehiago, gaur daude».

Koloreen inguruan ere hitz egin nahi izan dute aldalurtarrek. Ezker-eskuin begiratuta, arropa iluna ageri da esekitokietan eta armairuetan. Horren arrazoiaz galdetu diegu dendaren arduradunei. «Eskera egiteko orduan behin baino gehiagotan ekarri ditugu kolore horiko edo berdeko produktuak; modan zeuden. Jendea erostera etortzen zenean, baina, ausartegia iruditzen zitzaien», esan du Itziarrek. Koloreena aldatzen ari dela ikusten dute, baina ez euren dendan. «Aldatzen ari diren arren, gurera etortzen denak segurura jotzen du, beti ilunera», azaldu dute ahizpek.

Atzera eta aurrera begira aldi berean

Pertsona helduak kontu zahar ugari izaten ditu gazteari kontatzeko, eta Aldalur dendan ere bada hamaika pasarte eder. Horiek kontatzeko eskatu diegu, eta Luis Iriondo zendu berriaren ingurukoak eta Gautxori diskotekari buruzkoak oroitu dituzte. «Oro har, oso bezero onak eduki ditugu gure dendan, baina bat oso berezia: Luis Iriondo zendu berriak, Euskal Telebistan zebilela, orduko aurkezle batzuk ekarri zituen gure aitarengana. Aurkezle haiek ez zuten, antza, trajea janzteko ohiturarik; galtza bakeroekin eta zapatilekin ibili ohi ziren», azaldu du Itziarrek. Iriondo zenak Pedro Aldalurri esan zion mutil haientzako amerikanak egiteko, eta esaldia gogoan dute ahizpek. Barre artean ekarri dute: «Gerritik gora bakarrik ikusiko dituk, gerritik behera ez. Egin iezazkiek jaka batzuk mutil hauei». Luis Iriondok Companys filmean ere parte hartu zuen, eta han erabili zuen trajea ere Pedro Aldalurrek konpondutakoa izan zela jakinarazi dute. Gautxori diskoteka estreinatu zenean, inaugurazio egunean, bestalde, bertako langileei ere dendako hiru alaben aitak egin zizkien arropak.

Juan Jose Aldalur eta Maria Luis Aldalur

Gabriela Iriarte eta Pedro Aldalur

Etorkizunari begira jarrita daude Aldalur etxean, eta penaz begiratzen diote hiru ahizpek. Tristura sumatzen zaie begietan, mendea bete duen etxeko negozioari ez dietelako jarraipena emateko modurik ikusten. Seme-alabak euren ikasketak eginak dituzte, eta ez dituzte ikusten inondik inora arropa eta moda munduan. Aldi berean, gainera, merkataritza «zaila» dagoela baieztatu dute hirurek. «Denda edukitzea, oro har, oso zaila eta gogorra dago jarrita. Ohiturak aldatu egin dira, eta merkataritza zentroetara irtetera ohituta daudenentzat dena errazagoa da orain», hasi da Itziar. «Merezi duela ikusiko bagenu, norbaiti esango genioke dendari heltzeko, baina oso zaila dago», dio, azkenik, Maria Jesusek. Aitona Juan Josek, aita Pedrok eta Olatzek, Itziarrek eta Maria Jesusek erakutsitako ilusio berari helduta, beharbada, sugarren bat sortu, eta beste 100 urtez gizonezkoak janzten jarraituko dute aldalurtarrek. Hemendik eta amaierara bitartean ez dago zer gertatuko den jakiterik.

Aldalur denda, hasierako urteetan

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide