Izarraitz Lanbide Heziketa izen berriarekin bilatzen dena da eskola erreferentziazko zentro bihurtzea Urola Erdian eta ahal den heinean, Zumairaino luzatzea bere jarduera eremua. «Izen hori aukeratu dugu, hain justu, bailara izaerari eusten diolako eta hori da azpimarratu nahi duguna. Bestalde, 'Urola' izena eskola gehiagok darabilte eta ezberdintzeko balioko digu», dio Eduardo Sudupe zuzendariak.
Izen aldaketaz gain, webgune berria du eskolak (www.izarraitz.eus) eta baita sare sozialetan presentzia ere. Facebook, Twitter eta Instagram erabiliko dituzte. Helburua da zentroari ikusgarritasuna ematea eta informazio eta interakziorako bideak eskaintzea.
Kanpora begira irudi berria aurkeztearekin batera, barruan ahaleginak beste bide batetik doaz. Formakuntza eskaintza egokitu nahi du eskolak egungo errealitatera eta beharretara egokituz, ateratzen diren ikasleeen profila bat etor dadin enpresen beharrekin.
Eusko Jaurlaritzarekin bilera
Eduardo Sudupe zuzendaria Jaurlaritzako Lanbide Heziketako plangintza eta antolakuntzako zuzendari den Nicolas Sagarzazurekin bildu da. Halaber, proiektuari euren babesa erakusteko Iraurgi Berritzenen zuzendari Begoña Beobide eta Sidenor eta Odrinox enpresetako ordezkariak, Cruz Alberdi eta Edurne Odriozola izan dira bileran, hurrenez hurren. Enpresa Gunearen izenean joan dira Alberdi eta Odriozola. Bertan jorratu duten gaietako bat izan da formakuntza eskaintzaren egokitzapena bailara ikuspegitik.