Marea Urdina: «Gizarte eragileek gizarte inklusiboago baten bilakaeran duten arduran eragin nahi dugu»

Maxixatzen.eus 2018ko mar. 17a, 09:55

Leire, Aritz, Julen eta Pablo. (Argazkiak: Iñaki Etxenagusia)

Marea Urdina 2017ko urtearen erdialdean sortu zen, Pablo, Julen, Leire eta Aritzen eskutik. Igeriak, eta oro har kirola egiteko duten zaletasunak, autismoaren aldeko erronka baten bidean jarri ditu: Gipuzkoako kostaldea igerian zeharkatzea. Maxixatzeni orain arte egindakoa zer izan den azaldu diote.

 

Zer da Marea Urdina?

Autismoa duten pertsonen gizarteratzearen aldeko egitasmo bat da. Helburua gizartea gai horren inguruan sentsibilizatzea da. Gipuzkoako kostaldea asteburu batean igerian eta erreleboak eginez zeharkatuko dugu, Saturrarandik [Mutriku] Hondarribira [64 kilometro].

Autismoa gizartean barneratzea duzue helburua. Nola elkartu zineten egitasmoa aurrera ateratzeko? Zer mezu eman eta zabaldu nahi duzue?

Igeri mundutik gatoz laurok, baina ez dugu ura soilik partekatzen. «Sua» nola piztu zen ez dakigu zehazki, baina kontua da une batean gure zaletasunak eta gizarte inklusiboago baten aldeko aldarrikapenak bat egin zutela. Era batera edo bestera autismoa gertutik bizi dugun pertsonak gaude taldean, batetik, eta gu gertu bizi gaituzten herritarrak, bestetik.

Gizarte eragileek gizarte inklusibo baten bilakaeran duten arduran eragin nahi dugu. Askotan, administrazioei norbanakoenak diren eginbeharrak eskatzen dizkiegu. Herri elkarte, kirol talde, musika eskola, gaztetxe, gazteleku, mendi talde, antzerki talde, ateneo edo dena delako eragileak inklusioaren alde lanean jarri nahi ditugu. Hausnarketara bultzatu nahi ditugu, barne begirada bat egin dezaten, eta pentsatu benetan herritarren aniztasunari erantzuten ote dioten beren egunerokotasunean, antolatzen dituzten ekintzetan eta hartzen dituzten erabakietan. Askotan entzuten dugu «gurean ateak guztientzat irekita daude», baina denok dakigu batzuentzat irekiago daudela besteentzat baino.

Horrelako egitasmo bat antolatu eta aurrera eramatea erraza izan al da? Zailtasunik aurkitu al duzue bidean?

Gogoa aspaldikoa zen, motibazio faltarik ez genuen, baina aurrera egiteko ausardia falta genuen. 2017ko irailaren amaieran, hitz egiteaz aspertu ginen, eta kale edo bale egitea pentsatu genuen; hortik gaur arte.

Sekulako ilusioa dugu, eta zailtasun berezirik ez dugu izan oraingoz. Egunean egunerokoari erantzuten gabiltza. Ideiak argi ditugu, mezua herritarrongan barneratzen ari dela sumatzen dugu, eta inguruan erraztasunak soilik topatu ditugu orain arte. Ematen du lan zailagoa izango dugula laguntzen ari zaizkigun norbanako guztiei eskerrak ematen egitasmoa amaitutakoan.

Uste zenuten bezalako harrera jaso al duzue herrian?

Hasieran elur bolaren metafora erabiltzen genuen gertatzen ari zitzaiguna deskribatzeko. Gero ohartu ginen egokiagoa zela Galeanoren Su txikien itsasoa ipuinarena erabiltzea: Marea Urdinera hurbiltzen dena piztu egiten da, eta gu indarrez betetzen gaitu.

Zoragarria da, eta ez daukagu hitzik herritar soilen harrera deskribatzeko. Hurbiltzen den bakoitzak bere alea jartzen du. Adibide bat nahi? Ezagutzen ez ditugun pertsonak hurbildu zaizkigu, naturaltasun osoz; argazkietarako erabiltzen dugun kartela hartu, eta auskalo munduko zein puntutatik argazkiak bidaltzen dizkigute, elkartasuna adierazteko. Gure Twitter kontuko albisteak dituzue horren seinale.

Adibideekin hasita, beste pare bat: Azkoitian Gabon eskean ateratzeko ohitura handia dago. Aurten, ama talde batek gure egitasmorako bildu du dirua, aurrez guri ezer esan gabe. Mutrikuko parke batean biltzen den beste ama talde batek ere diru bilketa bat egin berri du proiekturako. Erabat hunkituta gaude.

Gipuzkoan, autismoa duten 1.500 pertsona daude. Azkoitian zenbat pertsona dira?

Egia esan, ez dakigu zenbat herritarrek duten autismoaren espektroko nahasmena, baina, zoritxarrez, estatistikak bete egiten dira; gogoratu batez bestekoa ia %1ekoa dela.

Hori jakinda, eta 11.879 biztanle izanik Azkoitian, kontuak atera zenbat izan daitezkeen. Guk dozena erdi bat kasu bakarrik ezagutzen dugu, baina zergatik ez ditugu gehiago ezagutzen? Gogorra bezain garbia da erantzuna: ez daudelako gizarteratuak, edo, beste era batera esanda, gizartean ez diegulako lekurik egin.

Zenbakiak alde batera utzita, pertsonengan zentratu nahiko genuke: pertsona horiek –eta oro har ezgaitasunen bat duen edonork– egunero esparru desberdinetan aurkitzen dituzten zailtasunak eta gabeziak azpimarratu nahi ditugu. Nahiz eta gure egitasmoaren hasierako helburua gizartearen sentsibilizazioa izan, pauso bat aurrerago emateko aukera aprobetxatu nahi dugu, eta autismoa duten pertsonen gizarteratzeko eskubidea aldarrikatu eta gizarte politika inklusibo integral bat eskatzen dugu.

Autismoa eta igeriketa. Nola lot daitezke? Zergatik egingo da sentsibilizazio kanpaina hau igerian?

Lehen aipatu dugun bezala, laurok igeri munduari lotuak gaude, era batera edo bestera. Beraz, ezin zen bestela izan; kirol erronkak igerian behar zuen izan. Bestetik, ur eremu egokiak sekulako aukerak ematen ditu era guztietako pertsonen bizi kalitatean eragiteko. Zer esanik ez autismoa duten pertsonengan; haiek urarekin duten erlazioa beti da berezia. Gaitasun sozialetarako eta komunikaziorako dituzten arazoen ondorioz pairatzen duten antsietatea uretan lasaitzen dute, gorputzean sentitzen duten sosegu edo baretasunarekin.

Uztailean Gipuzkoako kostaldea zeharkatuko duzue igerian. Zein izango dira zeharkaldi horren zailtasunik handienak?

Itsaso irekiak beti du berezko zailtasuna eta arriskua, zer esanik ez Kantauri itsasoak.Eguraldia eta bereziki itsasoaren egoera izango dira baldintzarik handienak hasteko; hain zuzen, gure eskuetan ez dauden bakarrak. Bestetik, etapen luzera bera ere muga izan daiteke; gehienak 3.000 metroren bueltan dabiltza, baina bi etapa nahiko luzeak aurreikusten ditugu, eta hor igerilariek lanak izango dituzte.

60 igerilarik egingo dute zeharkaldia. Erraza izan al da bi egun iraungo duen zeharkaldia egiteko igerilariak aurkitzea?

Bai, benetan erraza, eta harritu ere egin gaitu erantzunak. Hasiera batean, uste genuen 30 igerilari izango zirela asko jota, eta hamabostekin ere moldatzen ginen. Gure inguru hurbiletik hasi ginen mezua zabaltzen, erdi ezkutuan, igerilarien egokitasun eta gogo pertsonaletik landu nahian. Gaur egungo kontuak zer diren, baina; isil-gordean pasatu beharreko mezuak baino azkarrago zabaltzen denik ez dago. Aste bat pasatzerako, Zaragozatik [Espainia], Gasteiztik eta abarretik zetozen igerilarien mezuak jaso genituen. Konturatzerako, 60 igerilaritik gorako zerrenda genuen begien aurrean. Emakumeak eta gizonak, denak anonimoak, egitasmoaren alde igeri egiteko edo laguntzeko prest, edozertarako.

2.500 euro batzeko helburuz hasi zenuten crowdfunding kanpaina. 5.000 euro batu dituzue. Zer balorazio egiten duzue? Zer-nolako babesarekin egin duzue topo?

Ikaragarria hitzak defini dezake ondo egiten dugun balorazioa. Pozik eta harro gaude inguratzen gaituen pertsona multzoaz, gizarte honen partaide izateaz.Jasotzen ari garen babes ekonomikoa garrantzitsua eta beharrezkoa da egitasmoa aurrera ateratzeko. Horrez gain, azpimarratu nahi dugu jasotzen ari garen babes emozionala. Ekarpenak egin dituzten pertsonen mezuak benetan irakurtzekoak dira, entzutekoak, bizitzekoak.

Azkoitira zuzenki lotutako adibidea litzateke, batetik, Zubiaurreko igerilariek Gipuzkoako Gabon Kopan egin zutena; gure logoa duen txapela jantzita egin zuten beroketa saioa, igerilarien ekimenez. Olatuaren txanoak erosi eta mezua zabaldu. Bakoitza beretik, dakienetik, olatu geldiezinari bultzada emanez. Mundiala.Anaitasuna Futbol Taldeak Txerloian antolatu zuen ekitaldiak ere hitzik gabe utzi gintuen.Nola eskertu daiteke horrenbeste maitasun keinu? Emandako hitza betez; ez dugu beste aukerarik, ez dugu beste ilusiorik.

Jasotako dirua ez da diru bilketa hutsa izan. Zertarako erabiliko duzue diru hori? Gainera, soberakinak elkarte bati dohaintzan emateko asmoa duzue. Zein elkarteri emango dizkiozue? Zergatik?

Diru bilketaren xedea aurrez zehaztu dugun itsas zeharkaldiaren hasierako gastuei aurre egitea izan da. Segurtasun aldetik beharrezkoak diren elementuetan ez dugu erreparatuko, eta horiek ordaintzeko erabiliko dugu zatirik handiena.

Marea Urdina hartzen ari den dimentsioagatik, badakigu zeharkaldiaren kostuak handiagoak izango direla. Adibide bat jartzearren: igerilarien istripu aseguruak eta ekitaldiaren erantzukizun zibileko aseguruak 2.000 euro erraz gaindituko ditu. Beraz, oraindik diru iturriak behar ditugu.

Lehen fase honetan gizarteak eman digun babesak eta jaso ditugun diru dohaintzak bi gauza utzi dizkigute garbi: bata, bikaintasunera iristen den giza kalitateaz eta balioz jantzita dauden pertsonen artean bizi garela, eta bestea, egitasmoa aurrera ateratzeko izugarrizko ilusioa eta aldi berean ardura eman digutela. Ez diegu hutsik egingo.

Gizarteak lagundu gaituen bezala, orain gizarte ordezkari direnengana jotzeko asmoa dugu. Erdi azkoitiar eta erdi azpeitiar garen heinean, Azkoitiko eta Azpeitiko udaletara joko dugu lehendabizi, baina, era berean, zeharkaldia igaroko den herrietako udaletan ere atea jotzeko asmoa dugu, hala nola Mutrikun, Deban, Zumaian, Getarian, Zarautzen, Orion, Donostian, Pasaian eta Hondarribian.

Dena ondo joaten bada eta egitasmoa bukatzean diru soberakina badugu, diru hori gizartera itzuli nahiko genuke nolabait, konkretuki azkoitiar gizartera. Autismoa edo, hobeto esanda, edozein ezgaitasun duten ume azkoitiarren gizarteratzea errazteko erabili nahiko genuke soberakin hori.

Ezgaitasuna duten azkoitiar umeen gurasoekin harremanetan jartzeko asmoz, gizarte zerbitzuetako teknikariarekin bildu gara. Helburua gurasoak geure artean elkartu, elkar ezagutu, gure umeen beharrak aztertu eta dagokion lekuan aldarrikatzeko lehen pausoak ematea izango litzateke.

Beste fase batean murgildu zarete. Uztailera bitartean zertaz arduratuko da Marea Urdina?

Marea Urdina sortu genuenetik hiru arlo jorratu ditugu, eta datozen hilabeteetan ildo berean jarraituko dugu. Arloetako bat ekonomikoa da. Horretaz nahiko hitz egin dugu jada; beste bi arlo garrantzitsuei eusteko erreminta besterik ez da arlo ekonomikoa.

Beste bi arloak komunikazioa eta zeharkaldiaren arlo teknikoa dira. Asko laburtuz, arlo teknikoan azkenengo zeharkaldi popularra lotzear gaude, eta sorosle kopuruan, kostako baimenetan eta itsas babeserako erabiliko dugun itsasontzi alokairuan ari gara lanean.

Azkenik, garrantzitsuena bihurtu den arloa aipatuko genuke, komunikazioa. Arlo horretan dugu, zalantzarik gabe, lan handiena, eta horrela izatea nahi dugu. Gure helburua gizartearen sentsibilizazioa denez, gure mezua zabaltzen ez dugu etsiko. Edozein elkarte, kirol talde, ekitaldi, ikastetxe, pertsona... guri babesa emateko eta laguntzeko prest agertzen bada, ongietorria izango da. Gogoratu webgunetik jar daitekeela edonor gurekin harremanetan.

Horrekin guztiarekin lotuta, uztailera bitartean Marea Urdina hainbat sorpresa ematekotan da. Izango duzue tarte horretan gure berri!

Ba al duzue itsas zeharkaldiaren ondoren zerbait egiteko asmorik?

Hasieran, Marea Urdina uztaileko asteburu batean igerian egingo zen sentsibilizazio ekintza gisa planteatu genuen. Asteburu horretan ahal genuen «zarata» handiena ateratzea zen helburu. Laster konturatu ginen egitasmoak jendearengan piztuko zituen «su txikiak» gutxietsi genituela. Marea Urdinak, sortu zen momentutik, bizi propioa hartu zuen, eta Marea Urdinera gerturatu den orok proiektua bereganatu eta berea balitz bezala defenditu du edonon, guk, zuk, zuek, azkoitiarrek, gipuzkoarrek... Denok gara Marea Urdina. Uztaileko zeharkaldia, beraz, ibilbide luze baten bukaera besterik ez da izango, denon artean egiten ari garen ibilbide batena.

Logotipo benetan berezia duzue. Zein esanahi du?

Logotipo benetan esanguratsua nahi genuen, benetan Marea Urdinaren mezua transmitituko zuena, eta horretan saiatu gara. Logoa olatu bat da, autismoaren alde aurrera doan olatu bat, beti aurrera doana, geldiezina. Ez dio axola zein oztopo jartzen zaizkion aurrean –arrokak, hormak, aurreiritziak, ixten diren ateak, ezezkoak...–; beti gainditzen ditu, eta aurrera egiten du.

Nola liteke hori? Olatu barruan pertsonak daude, umeak, gurasoak, anaiak zein arrebak, aitonak eta amonak, lagunak... Autismoa beraien bizietan izan arren beti aurrera egiten duten pertsonak. Egunero ohetik jaiki eta bizitzan sortzen zaizkien oztopoak gainditzeko borrokan egiteko prest daudenak. Pertsona horiek errealak dira, eta beren izenarekin olatuari forma ematen diote: Luken, Igor, Antxon, Lier, Irene... eta beste 1.500 pertsonatik gora Gipuzkoa osoan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide