Jakina denez, Iraitz Legarra Basterretxea markinarrak jaso du Javier Zubizarreta alkatearen eskutik lehenengo saria Printzesen negarra ipuinarengatik. Iaz ere berak etxeratu zuen lehenengo saria. Aurtengoan plaka eta 600 euro irabazi ditu bizkaitarrak.
Bigarren sariaren irabazlea ere iazko edizioko berbera da: Lide Rekondo Jauregi azkoitiarra. Postalak Giraldatik izenburupean aurkeztu du aurten ipuina. Rekondo plaka eta 400 euro eskuratu ditu. Hirugarren saritua aldatu da iazkoarekin alderatuta. XXXVI. edizioan Juan Ramon Alberdi Ibarmia azkoitiarraren Magnolioak loretan ipuina saritu dute hirugarren bezala. Alberdik plaka eta 300 euro eskuratu ditu.
Aurtengo ediziora guztira 29 lan aurkeztu dira euskal literaturako lehen emakume idazlearen izena daraman lehiaketa honetara, euskara eta literatura, biak, goraipatzea helburu duen lehiaketara, alegia. Javier Zubizarreta alkateak zoriondu egin ditu saridunak. «Euskarari eta literaturari zuen orduak eskaini dizkiozuelako dugu irakurleok, zuen ipuinez gozatzeko aukera. Horixe da artearen handitasuna, batzuen sormen-lana besteon gozamenerako uztea, irakurleari mundu sortu berri horretako ateak zabalduz» esan die alkateak.
Irabazleek saritutako ipuinen pasarte edo zati bana irakurri dute, bertaratutakoei irakurketa gosea piztuz. Biolin doinuekin jarraitu du ekitaldiak Bizkargi Musika Eskolako Nora Uriari eta Julene Iturberi esker, eta amaieran Udaleko ordezkariekin batera argazkia atera dute hiru saridunek.
Irakurri ipuinak:
Iraitz Legarra: Printzesen negarra
Lide Rekondo Jauregi: Postala Giraldatik
Juan Ramon Alberdi Ibarmia: Magnolioak loretan